Erabakia espero zen, eta erabakia heldu da. Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa eta Nazioarteko Olinpiar Batzordeko presidente Thomas Bach telefonoz aritu dira gaur eguerdian, eta, azkenean, bat etorri dira: udan egitekoak ziren Olinpiar Jokoak atzeratu egingo dituzte, eta, «beranduenen», 2021eko udan egingo dituzte.
Erabaki hori justifikatzeko, agintariok aipatu dute koronabirusaren krisia dela-eta atletek eragozpen ugari dituztela beren prestakuntzan.Abek Bachi proposatu dio urtebetez atzeratzea jokoak. Bachek erantzun dio «erabat ados» dagoela, Abek berak prentsaurrekoan azaldu duenez. «Beraz, Tokioko Olinpiar Jokoak beranduenen 2021eko udan egitea adostu dugu. Egungo egoera kontuan hartuta, eta Osasunaren Mundu Erakundearen datuei erreparatuz, zentzukoena da», nabarmendu du NOBk ohar batean.
Yoshiro Mori Tokio 2020 antolakuntza batzordeko presidentea honela mintzatu da erabakiaren berri izan eta gero: "Pena da halako erabaki bat hartu behar izatea, baina oso lasai nago. Moldaketa asko egin beharko ditugu, baina hemendik aurrera are Joko hobeak antolatzen jarriko dugu indar guztia". Kontuan izan behar da, Japoniak 35.000 milioi euroko inbertsioa egin zuela Olinpiar Jokoetarako, eta adituen arabera, bertan behera utzi izan balira galera 67.000 milioi eurokoa izango zen.
Orain arte gerrak izan dira Olinpiar Jokoak bertan behera uzteko edo atzeratzeko arrazoi bakarra. Lehen aldiz 1916an izan zen. Berlinen ziren jokatzekoak. Baina 1914an I. Mundu Gerra hasi zen, eta Jokoak bertan behera geratu ziren. Besteak beste, olinpiar estadioa erietxe bezala erabili zen. 1940an Japonian bertan ziren jokatzekoak bai udako zein neguko Olinpiar Jokoak. Baina 1938an uko egin Txinaren eta Japoniaren arteko gerraren ondorioz. NBOk Helsinkiri eman zion udakoak antolatzeko aukera, eta Garmischi (Alemania) negukoak. Baina azkenerako biak geratu ziren bertan behera II. Mundu Gerraren ondorioz. Gerra amaituta, Londresen jokatu ziren udakoak, eta St. Moritzen (Suitza) negukoak.