Naturkon Gipuzkoako talde naturalisten eta ekologisten koordinakundeak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta udalei eskatu die «behar diren neurriak» har ditzatela herritarrei aukera emateko tokiko ekoizleen fruta eta barazkiak modu zuzenean eskuratzeko, herriko azoketan.
Kalean saltzea debekatuta dagoela argudiatuta, Tolosako Udalak aurreko larunbatean han egitekoa zen merkatua bertan behera utzi eta gero kaleratu du oharra Naturkonek. Gogoratu du beste udal batzuek, segurtasun neurri zorrotzak ezarrita, azokak bestela egiteko aukera eman dutela: Arrasaten, Azpeitian, Oñatin eta Ordizian, adibidez —aurreko asteazkenean Ordizian eginiko azokaren kronika—.
«Orain da garaia tokiko, sasoiko eta produktu ekologikoen aldeko hainbeste kanpainatan aldarrikatzen dena betetzeko», adierazi du Naturkonek, eta nabarmendu oraintxe bertan beharrezkoa dela «ekoizpen eta merkaturatze zirkuitu laburren» alde egitea.
«Krisi honek ikasgai asko uzten dizkigu: osasun eta zaintza sistema publiko indartsuen beharra ez ezik, baita globalizazioak ekarritako ekoizpen eta merkataritza ereduaren ondorio lazgarriak ere».
Internet bidezkoak, gora
Eroskik Internet bidezko salmenta ahalmena % 40 handitzea espero du aste honetan, talde horretako iturriek Efe albiste agentziari azaldu diotenez.
Grupo Uvescok ere (BM eta Super Amara supermerkatuak), banaketa enpresa handienetan bigarrenak, lanak areagotu ditu aste honetan, Internet bidezko salmentak handitzeko. Bi enpresek ahalmen logistikoa indartu dute, bai biltegiratze plataformetan, bai dendetan bertan, eta produktuen hornidura bermatuta dagoela diote.
Efe agentziari eginiko adierazpenetan, Mercabilbaok ere ziurtatu du ez duela izango hornidura arazorik, ELA sindikatuak atzo egindako kritikei erantzunez. Mercabilbao Euskal Herriko elikagai freskoen handizkako merkatu nagusia da.