Soul Makossa abesti arrakastatsuari esker lortu zuen nazioarteko sona Mangu Dibango musikariak (Douala, Kamerun 1933-Paris, 2020), 1972. urtean. Saxofoia zuen musika tresna bereizgarria, baina pianoa eta bibrafonoa ere jotzen zituen, eta erritmo afrikarren, jazzaren eta soularen arteko bidegurutzean topatu zuen bere estiloa. Besteak beste, Georges Brassens eta Serge Gainsbourg abeslariekin ere kolaboratutakoa zen.
1940an, Frantziara joan zen, eta han ikasi zuen pianoa eta saxofoia jotzen. Adituen hitzetan, ordea, Bruselan hartu zuen haren musikak gerora ezagun bilakatuko zuen afrikar doinua, hiri hartan bizi ziren Kongoko musikariekin izandako harremanaren ondorioz. Michael Jackson musikariaren aurka egin zuen plagio salaketagatik ere iritsi zen haren izena hedabideetako lerroburuetara, 2009an. Dibangoren hitzetan, Thriller diskoan bere abesti zati bat baliatu baitzuen ipar amerikarrak. Kausa artxibatu egin zuten azkenean, diru hitzarmen bat adostuta.
Omenaldirik gabe, oraingoz
Aurreko astean eman zuen musikariak bere ospitaleratzearen berri, eta publikoarekin “laster” elkartzea espero zuela esan zuen. Koronabirusa zeukala ere orduan jakinarazi zuen. Oraingoz, familiak eta lagunek baino ez dute izango sortzailea agurtzeko aukera, baina, aurrerago, “posible denean”, hura omentzeko ekitaldi bat egiteko asmoa azaldu dute haren gertukoek.
[youtube]https://youtu.be/aWK_Josc0Og[/youtube]