Egunetik egunera luzatzen ari da lana aldi baterako erregulatzeko txostena aurkezten ari diren enpresen zerrenda: jada 4.300 baino gehiago dira. Nafarroako Gobernuko bozeramaile Javier Remirezek jakinarazi du mila pasa direla herrialde horretan, eta, Jaurlaritzaren arabera, 3.382 dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Euskal Autonomia Erkidegokoek 28.000 langileri baino gehiagori eragingo diete. Datu hori ez du zehaztu Nafarroak, baina aurreratu du erregistratutako lehen 300 espedienteek 5.000 langileri eragingo diotela. Hurrengo egunetan emango dituzte datuak, baina "eragina oso handia" izango dela aurreratu du gobernuak.
Zehazki, enplegua aldi baterako erregulatzeko 485 dosier aurkeztu dituzte Araban, eta 5.076 langileri eragingo die. Horien artean dago Mercedes. Bizkaian 2.029 lantokitan ezarriko dute dosierra —17.823 behargini—, eta Gipuzkoan, 868 txosten —5.947 langile—.
Nafarroako datua lan erregulazio txosten guztiena da, eta Jose Maria Aierdi bigarren presidenteordeak zehaztu du "gehienak" direla aldi baterako, eta "gutxi batzuk" erregulazio espedienteak direla. Era berean, esan du 2012an aurkeztutako txostenak baino gehiago direla oraingoak. "Ezohiko egoera bat da".
Enplegua erregulatzeko txostenei buruz, Silvia Ganbarte abokatuari eginiko elkarrizketa argitaratu zuen atzo BERRIAk.