Maite Etxeberri Cimade elkarteko langilea da, eta laguntza juridikoa ematen die atxikitze zentroan daudenei. Gaur jaso du abisua, mezu elektroniko baten bidez: atxikitze zentroa hesteko erabakia hartu du Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefetak. Egoera sanitarioa larritzen ari zela eta, bertan zeuden migratzaile guztiak aske uzteko eskatu zuten Cimadeko langileek. Hala, atxikiak ziren pertsona ia guztiak kanpora atera dira. Etxeberrik dionez, "gehienek familia edo lagunak dauzkate, baina guztiek ez".
Momentuz, Etxeberrik jakin duenez, sei pertsona bidali dituzte Bordeleko atxikitze zentrora. Alta, baldintza oso txarretan dago hango egoitza, "lur azpian dago, eta astelehenetik garbitzaileek uko egin diote lanari". Baldintza horiek salatu ditu Etxeberrik, eta esplikatu du ez dagoela arrazoirik atxikiak direnetariko batzuk "ezberdinki tratatzeko". "Ez dira delitu bat egin dutelako atxikiak, egoera administratibo eskasagatik baizik", esplikatu du.