Gauerdian hartu du Espainiako Gobernuak mugak ixteko erabakia, eta Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga igaro behar izan duten gidariak hasiak dira ondorioak igartzen. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak goizean goizetik ezarri dituzte kontrolak Hendaia eta Irun arteko Santiago zubian, eta laster hasi dira lehen auto pilaketak. Pausu eta Behobia artean ere badira kontrolak, baina ez da halako ilararik izan. Frantziako Jendarmeak ere laster dira muga kontrolatzen hastekoak, baina oraingoz ez dira iritsi —12:00etan hasi da konfinamendua Ipar Euskal Herrian—.
Muga igaro ahal izateko, gidariek lanera doazela erakutsi behar izan dute, eta goizean goiz hamabost minutu inguru itxaron behar izan dute polizien kontrola pasatzeko. Ohiko dokumentuez gain, Espainiako Gobernuak lanera doazela erakusten duen agiriren bat aldean eramatea gomendatu die langileei, poliziei lana errazteko. Bertan, beharginak lanera nahitaez joan behar duela argudiatu behar da. Banan-banan ari dira auto bakoitza geratzen, baina dokumentuak zituztenak inongo arazorik gabe pasatu ahal izan dira.
Ilara luzeak goizetik Hendaia-Irun mugan @berriapic.twitter.com/FNXeN8vNqN
— Ander Perez Zala (@Anderpz) March 17, 2020
Santiago zubia oinez igaro nahi izan dutenak ere kontrolatzen ari dira Espainiako Polizia eta Guardia Zibila. Guztiei eskatzen diete dokumentazioa, eta, pisuzko arrazoirik ez badute, buelta erdia emanarazten diete. Hainbat herritarrek BERRIAri aitortu diotenez, ohiko bizimoduan jarraitzeko edo erosketak egiteko soilik igaro nahi zuten muga. Goizean oraindik ezarri gabe zuen konfinamendua Frantziako Gobernuak.
Estanislaok egunero pasatzen du Lapurdi-Gipuzkoa muga @berriapic.twitter.com/CtZKn0Yt1C
— Ander Perez Zala (@Anderpz) March 17, 2020
Krisia amaitu arte, itxita
Kontrolok koronabirusaren krisia amaitu arte mantentzea aurreikusi du Espainiako Gobernuak. Atzo azaldu zutenez, muga igarotzeko debekua dute Espainiako nazionalitatea ez dutenek edo egoiliarrak ez direnek, ez bada pisuzko arrazoi batengatik bederen —lanera joateko, adibidez—.
Halaber, neurriak ez die eragingo mugaz gaindiko langileei; garraiolariei, adibidez. Azaldu zutenez, «jarduera ekonomikoa ez etetea eta produktuen sartu-irtenarekin jarraitzea» da helburu nagusia. Oraingoz, Madrilek lurreko mugak soilik itxi ditu, baina litekeena da datozen orduetan airekoak eta itsasokoak ere ixtea.