Neurri ekonomikoak

Diru injekzioa iragarri dute Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak eta Frantziakoak

Koronabirusa egiten ari den kaltearen aurkako neurri ekonomikoak iragarri dituzte, baina OMEk esan du Europak askoz gehiago egin behar duela.  

Polizien kontrolak Irun eta Hendaia artean, gaur goizean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2020ko martxoaren 17a
08:14
Entzun

Koronabirusaren krisiak ekonomian izan duen eragin «izugarriak» arintzeko, Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri adostu zituen atzoko Gobernu Kontseiluan. Enpresak laguntzeko eta herritarren beharrizanei erantzuteko programak garatzeko, 300 milioiko aurrekontu bat onartu du, beharrezkoa izanez gero 500 milioiraino handituko duena. Arabak eta Bizkaiak, gainera, autonomoen PFEZaren ordainketak etengo dituzte.

Neurri ekonomiko ugari iragarri zituzten atzo erakundeek. Espainiak 200.000 milioi euroko funtsa baliatuko du ondorio ekonomikoei aurre egiteko. Espainiaren BPG barne produktu gordinaren %20ko balioa duen funtsa martxan jarriko du Espainiako Gobernuak, sekula ez bezalako ekinaldia aurrera eramateko. Helburua da «inor ez uztea atzean krisi honetan», Pedro Sanchez presidenteak esan duenez. Sanchezek koronabirusak eragin duen egoeran «ezkutua» eraiki nahi du ekonomia babesteko, eta hark hartutako kolpeak arriskuan jarriko dituenak babesteko, halaber.

Frantziako Gobernuak ere kotizazioen eta zergen ordainketa atzeratu die enpresei. Kaleratutako langileen soldatak ordainduko ditu bi hilabetez. 300.000 milioi euroren bermeak emango dizkie enpresei, likidezia izan dezaten.

Neurri ekonomiko,sozial eta politikoak hartzen ari dira erakundeak azken egunetan, baina ez dira nahikoa. Hans Kluge Osasunaren Mundu Erakundeak Europarako duen ordezkariak esan duenez, Europak oraingo ahalegina halako bi edo hiru egin behar ditu koronabirusa ez zabaltzeko. Besteak beste, atzeman gabeko kasuak bilatu behar ditu grinaz; diagnostiko gehiago egin behar ditu, berrogeialdi gehiago; erietxeen ahalmena handitu behar du, eta baita gizartearen mobilizazioa ere.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.