Zaldibarko Verter Recycling 2002 SM (Bizkaia) zabortegiko luiziak azpian harrapatutako Joaquin Beltranen eta Alberto Sololuzeren gorpuen arrastorik ez dute topatu oraingoz. Hedabide ugarik zabaldu dute senideak zabortegian izan zirela ostiralean eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, baina, ohar batean, familiak gezurtatu egin du informazio hori, senideek «uko» egin ziotelako Urkullurekin joateari.
Izan ere, senideek martxoaren 4an zabaldutako ohar baten ondoren, Jaurlaritzak bilera bat egiteko eskatu zien hilaren 6rako. Familiak «eskertu» egin zuen «keinua», eta baldintza gisa jarri zuen bileraren beraren eta edukien berri ez ematea komunikabideei. Orain, Beltranen senideek jakinarazi dutenez, familiak onartu egin zuen bilaketa lanen deskoordinazioagatik eskatutako barkamena, eta Urkulluk bere gain hartu zituen erreskate lanei «eraginkortasuna» emateko eskariak. Egoerak «hobera» egin zuela uste dute ahaideek, baina, berriro okerrera egin eta gero, jendaurrean salatu zuten, joan den asteazkenean.
Horren ondoren, Jaurlaritzak beste bilera bat egiteko eskatu zion sendiari. Atzo egin zuten, baldintza berberekin: hedabideei horren berri ez ematea. Bilera hasita zegoela, ordea, senideek jakin zuten hedabideei bileraren berri eman zitzaiela, eta bilkuratik joan egin ziren. «Lehendakariak ez zuen emandako hitza bete», salatu dute.
«Kontuz hedabideei esaten dizkiezuenekin»
Era berean, familiak azaldu du Jaurlaritzako Komunikazio zuzendari Julian Belokik zera esan ziela: «Kontuz hedabideei esaten dizkiezuenekin». Familiaren arabera, Urkulluk erantsi zuen administrazioak ez duela «inolako ardurarik gertatutakoan: ardura Verter Recyclingena eta Excavaciones y Construcciones JoaquiÌÂÂn BeltraÌÂÂnena da».
Hori horrela, senideek erabaki zuen Urkullurekin ez igotzea zabortegira: «Ez da soilik enpatizatzea. Ez da soilik erakundeen aldetik neurria ematea. Ez da soilik hitza betetzea. Gizatasun, errespetu eta begirune kontua da».
Otsailaren 6an amildu zen zaborra Eitzagako zabortegian.