Donostiako Tabakalerak ohar bidez jakinarazi du gaur, 16:00etan, ateak itxiko dituela, koronabirusa geldiarazteko ezarritako neurriekin bat eginez. Eraikinaren itxiera dela eta, programatutako jarduerak bertan behera gelditu dira. Bilboko Azkuna zentroak ere erabaki du bere jarduera etetea.
Mojo Workin' jaialdiko antolatzaileek atzo egin zuten aurkezpena, eta«urduri» azaldu ziren koronabirusaren krisiak aurtengo aldian izan zitzakeen ondorioak zirela eta; gaur goizean jakinarazi dute jaialdia bertan behera utzi behar izan dutela azkenean. Spyder Tyrner, Carolyn Crawford, Ruby Andrews eta Chris Clark abeslari estatubatuarrak ziren parte hartzekoak gaur eta bihar Donostian egitekoa zen musika beltzeko festibalean.
Kursaal Eszenak, berriz, ez du programatuko martxoan, eta, horrenbestez, hilaren 21ean eta 29an Izarok Kursaaleko auditoriumean eskaintzekoak zituen bi kontzertuak maiatzaren 19ra eta 20ra atzeratu dira, hurrenez hurren.
Donostia Kultura ere itxita egongo da hilaren 29ra arte: zerbitzu guztiak itxiko ditu eta programazioa ere etengo du. Horrela, bertan behera gelditu dira Juan Carlos Fernandez-Nieto pianistaren, Tindersticks taldearen eta Diego Vasalloren kontzertuak, Harri orri ar (Antz3rkiz) eta Zoaz pake santuan (Txalo) antzezlanak eta West Side Story musikala.
Ez dira gaur bertan behera gelditu diren ekitaldi bakarrak. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak jakinarazi du Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finalaurrekoak eta finala ezingo dituztela egin datozen asteetan, eta Donostiako Jazzaldiari lotutako tokiko taldeen hautaketa prozesuko kontzertuak ere atzeratu egin dituzte. Data berriak aurrerago emango dituzte.