Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdiko egoera ezarri du

Urkulluk esan du egoera «larria» dela, eta bere gain hartu du «gidaritza, larrialdiaren aurrean, bai eta babes zibileko erantzukizuna ere». Ahalegina, konpromisoa eta elkarlana eskatu ditu. Nabarmendu du COVID-19 gaitza izandako bederatzi pertsona osatu egin direla.

Urkullu Ajuriaeneko agerraldi batean, artxiboko argazki batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Andoni Imaz
2020ko martxoaren 13a
11:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak ezohiko bilera bat egin du goizean, eta haren ondoren egin du agerraldia Iñigo Urkullu lehendakariak. Gobernuak osasun larrialdiko egoera ezarri du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nekane Murga Osasun sailburuak «beharrezko neurriak» hartuko ditu koronabirusa hedatzea saihesteko, lehendakariaren esanetan. «Oraindik ez da iritsi okerrena», esan du, eta eskatu du zorrotz betetzeko osasun agintariek iragarritako segurtasun neurriak.

Hartutako neurriak ezinbestekoak direla nabarmendu du lehendakariak. Larrialdi egoerak eskumen bereziak emango dizkio Eusko Jaurlaritzari: herritarrak bakartu ahalko ditu, «euren etxeetan edo leku seguruetan», legearen testuaren arabera; herritarrak leku arriskutsuetatik atera edo urrundu ahalko dituzte; zerbitzu publikoen zein pribatuen erabilera mugatu edo baldintzako ahalko dute, baita ondasunen kontsumoa ere; leku batzuetan ekitaldiak egitea galarazi edo mugatu ahalko dute, eta derrigortu ahalko dute prebentzio neurriak hartzera. Neurriak epe mugatu baterako hartu ahalko dituzte, larrialdiari aurre egiteak eskatzen duen denborarako, hain zuzen. Arriskuarekiko proportzionalak izan beharko dira, eta ez dute eskubiderik emango inongo kalte-ordainik jasotzeko. Teknikarien aholkuei jarraitu diete neurri horiek hartzeko, lehendakariaren arabera.

Urkulluk adierazi du egoera «larria» dela, eta larrialdiaren gidaritza bere gain hartu du, baita «babes zibileko erantzukizuna» ere. «Egoera hau gertaera historikoa da, duen larritasunagatik, izango dituen ondorioengatik eta iraungo duen denborarengatik». Azaldu du neurriak teknikoen aholkuei jarraituta hartu dituztela. Ahalegina, konpromisoa eta elkarlana eskatu ditu.

Hauteskundeak atzeratzearen inguruan galdetu diote, eta azaldu du astelehenerako bilera batera deitu dituela alderdiak, horrelako erabaki bat hartzekotan, «erabateko adostasuna» izatea ezinbestekoa iruditzen zaiolako. Halere, aipatu du adituek esan diotela «hutsune bat» dagoela Espainiako legerian, eta ez dakiela horrelako erabaki bat Gasteizko ala Madrilgo administrazioen esku egongo den.

Administrazioek eguneratu egin dituzte koronabirusarekin kutsatutakoen eta hildakoen kopuruak. Lurralde guztietan handitu da gaixo kopurua; Araban eta Nafarroan, bereziki. Araban 310 pertsona daude kutsatuta, atzo eguerdian baino 51 gehiago; Nafarroan, 24 orduan 38 pertsona gehiago kutsatu dira. Bizkaian igoera apaldu egin da: atzo baino hamabi pertsona gehiago kutsatu dira; 83, denera. Gipuzkoan 24 lagunek dute gaitza, zortzi gehiagok. Lapurdin ez dute eman kutsatu gehiagoren berri; pertsona bakarra dago gaixo, eta Baionako ospitalean ari dira hura artatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.