Gipuzkoako ikastolen elkarteak Kilometroak jaiaren eredu berria aurkeztu du gaur, Donostian. Azkeneko lau urteetan hausnarketa prozesu batean murgilduta aritu dira, eta horren ondorio izan da Kilometroen «birsortzea, eredu berri bati jarraituz». Aurtengo egun nagusia urriaren 4an izango da, Villabona-Amasan eta Zizurkilen. «Euskararen eta euskal kulturaren defentsan, herriari onura soziala sorraraziko dioten egitasmoak antolatuko ditugu, jai gozagarri, osasungarri eta errespetagarrien bidez eta ludikotasuna bultzatuz. Horretarako, jai egun bakarrera mugatu beharrean, urte osoan hedatuko diren ekintzak eta jaiak egingo dira», esan du Nekane Artolak, Euskal Herriko Ikastolen artezkaritza kontseiluko eta Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak.
Gaizka Ezeiza Kilometroak 2020ko Zubimusu ikastolako koordinatzaileak azaldu duenez, «prozesu baten amaieran» daude herrialdeko ikastolak, «eta hemendik aurrera beste bati hasiera emateko prest eta gogotsu». Haren arabera, «Kilometroak jaia ez da amaitzen ari, indarberritzen baizik».
«Jai parte hartzaileak» izango direla adierazi du Artolak, eta bi ardatz izango dituzte: «Batetik, lurraldeko ikastola guztien parte hartzea bermatuko duen Ikastolak harrobi kulturala egitasmoak landuko ditugu; eta, bestetik, Ikastola plazara dinamikak, Euskal Herriko hainbat eragilerekin batera antolatutako ekintzen bidez».