Koronabirusaren azken datuak

COVID-19ak Euskal Herrian duen eragina azaltzen du grafiko eta mapa interaktibo sorta honek. 2022ko urtarriletik aurrera testak modu zabalean egiteari utzi zioten administrazioek.

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ANDONI LUBAKI / FOKU
2020ko martxoaren 12a
13:56
Entzun

[Klikatu grafikoen gainean, kopuru zehatzak ikusteko]

Gobernuek hasieratik izan zituzten zailtasunak SARS-CoV-2 birusaren zabalpena neurtzeko, baina 2021eko abendutik aurrera erabat gainezka egin zuten, omicron aldaera zabaltzearekin. 2022ko urtarriletik aurrera, gaixorik zeuden guztiak detektatzen ahalegintzeari utzi zioten, eta, ordura arte ere kasu positibo asko atzeman gabe utzi bazituzten, ordutik aurrera ezinezkoa da koronabirusaren momentuko zabalpena zein den zehatz jakitea. Asteroko buletinak ematen dituzte administrazioek, eta datuak bateratzea ia ezinezkoa da. Momentuko egoeraren gutxi gorabeherako argazki bat baino ezin dut eman grafiko hauek, beraz.

2022ko udaberritik aurrera, gainera, gripeari egiten ohi zaion jarraipenaren gisakoa egiten ari dira administrazioak. Nafarroako Gobernuak astean behineko datuak baizik ez ditu ematen, eta Ipar Euskal Herriko daturik ez da izan pandemia osoan. Horregatik, grafiko hauek murriztu egin ditu BERRIAk, eta asteroko datu bildumak ematen hasi da. 2022ko martxoaren 29 arte pandemiak egunez egun utzi dituen datuak ikusi nahi izanez gero, jo orrialde honetara —bi urtez etenik gabe eguneratu ditu egunkari honen lantaldeak—:

Ikusi gehiago:Koronabirusaren datuak Euskal Herrian, egunez egun

Momentu honetan eskura dauden datuen artean, ospitalera larri eraman dituzten gaixoen kopurua da adierazle esanguratsu bakanetakoa. Egunero ospitaleratutako paziente kopurua erakusten du azpiko grafikoak. Nafarroako Gobernuak utzi dio egunez eguneko datua emateari; horregatik, Hego Euskal Herriko datua kalkulatzeko estimazio bat egiten du BERRIAk. Bestalde, Nafarroak ez du publikoki jakinarazten egunero zenbat eri dauden ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan eta ospitaleetan, eta grafiko horiek ezin berriturik gelditu dira, Osakidetza datua baizik ez delako publikoa.

Atzemandako positiboen datuak esanguratsua izateari utzi dio, dagoeneko ez dizkiotelako testak egiten gaixorik dauden guztiei, eta beren kasa testak egiten dituztenen datuak ere ez direlako erregistratzen inon. Pandemiaren hasieratik arazo bat izan baldin bada azpidetekzioa, 2022ko urtarriletik aurrera ezinezko bihurtu da positiboak zenbatzea. Horregatik, grafiko horiek eguneratzeari utzi dio BERRIAk 2022ko apirilean.

Koronabirusaren lehen kolpea Euskal Herrian: 2.152 hildako lau hilabetean

Inoiz ez da 2020an bezainbat heriotza izan urte bakarrean

2021ean lehengora itzuli dira heriotzak Gipuzkoan ez beste tokietan

Aldiz, COVID-19ak hildakoen datuak esanguratsuak dira oraindik. Omicron olatuak ospitaleratze eta heriotza ugari eragin zituen, herritar gehienek gaitza arin samar pasatu arren. Administrazioek jarraitzen dute heriotzen datuak ematen, baina alde handiekin: Hego Euskal Herriko gobernuek ez dituzte egun beretan ematen, eta Nafarroako Gobernuak asteko datuak ematen ditu 2022ko martxoaren 29az geroztik, ez egunez eguneko datuak. Datuak bildu eta tratatu bitartean, atzerapen bat izango dute grafiko hauek, beraz:

Ospitaleratzeen eta heriotzen datuak elkarren ondoan jarrita, olatu bakoitzak zer nolako eragin izan duen ikus liteke argiago, horiek baitira pandemiak eragin dituen kalte nabarmenenak. Hilabetea bukatzean osatzen dira datuok, epe luzeagoko ikuspegia edukitzeko:

Ez dago eskura datu gehiago, zahar etxeetakoak salbu. Pandemiak kalte handiak egin zituen han hasieran; une batzuetan, COVID-19agatik hildakoen %40 inguru ere izan ziren zahar etxeetako egoiliarrak. Gerora hobera egin du egoerak, eta askoz heriotza gutxiago gertatu dira zentro horietan. 2022 hasierako kontuen arabera, koronabirusagatik hildako bost euskal herritarretik bat ziren egoiliarra garai hartan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.