Hezkuntza geratu egingo da koronabirusaren eraginez Euskal Herri osoan. Gaur Arabako ikastetxeak itxi dituzte, bihar Bizkaia eta Gipuzkoakoak itxiko dituzte, eta astelehenetik, Lapurdikoak, Nafarroakoak, Nafarroa Beherekoak eta Zuberoakoak. Hamabost egunerako hartu dute neurri hori bai Eusko Jaurlaritzak, bai Nafarroako Gobernuak, baina, azken horrek zehaztu duenez, «gutxienez» denbora tarte horretan izango da neurria indarrean; ez dute baztertzen, beraz, luzatu behar izatea. Gainera, ikastetxeak astelehenean itxiko baditu ere, gomendatu du bihar jartzea indarrean. Haurtzaindegietatik unibertsitateetarainoko hezkuntza geraraziko du erabakiak. Maria Txibite Nafarroako presidenteak 18:00etan emango ditu xehetasun gehiago. Emmanuel Macronek lehenengo agerraldia egin du koronabirusaren krisia sortu zenez geroztik, eta Frantziako Estatuaren menpeko hezkuntza zentro guztiak itxiko dituztela adierazi du; ez du zehaztu noiz arte.
Maria Txibitek arratsaldean jakinarazi du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak egindako agerraldiaren ondotik hartu dutela erabakia, Madrilgo gobernuarekin «koordinatuta». Neurria astelehenean indarrean sartuko bada ere, Txibitek gurasoei iradoki die, ahal izanez gero, bihartik aurrera seme-alabarik ez eramateko ikastetxeetara. Itxierak 110.000 ikasleri eragingo die (haur eskoletatik hasi eta Batxilergoraino), bi unibertsitateetako ikasleak aintzat hartu gabe. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren arabera, irakasleen kasuan, «asmoa da eskolara joatea, haurren edo helduen zaintzagatik ezinezko duten kasuetan ezik». Halaber, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan konektagarritasuna sendotuko dute. Haur eta Lehen hezkuntzan, berriz, material kurrikularra pasako diete.
Jaurlaritzaren azalpenak
Eusko Jaurlaritzak goizean eman du bere erabakiaren berri. Bihar jarriko da indarrean Bizkaian eta Gipuzkoan ikastetxeak ixteko erabakia. Eusko Jaurlaritzak gobernu bilera egin du gaur goizean, eta, jakinarazi duenez, Gasteizerako eta Bastidarako asteartean Arabarako atzo hartu zuen erabakia hartu du Bizkairako eta Gipuzkoarako ere. Nekane Murga Osasun sailburuak gobernu bileran hartutako neurrien berri eman du, eta esan du gobernua jabetzen dela horrelako neurriek gizartean duten eraginaz, baina argudiatu du horrelako neurri bat, adituen arabera, erabakigarria dela koronabirusa ez zabaltzeko.
Haur Hezkuntzatik unibertsitatera arteko hezkuntza zentroak itxi egingo dira bihartik Bizkaian eta Gipuzkoan. Haurreskolak partzuergoko haur eskolei ere eragingo die neurriak, eta eskolaz kanpoko jarduerei ere bai; alegia, ez da eskola kirolik izango. Eskola irteerarik ere ez egitea aholkatu du Hezkuntza Sailak, gainera. Hamabost egunez izango dira indarrean neurri horiek, martxoaren 27ra arte. Murgak argudiatu du «haurrak osasuntsu» daudela, baina koronabirusa errazago transmititzen duten kolektibo bat direla, eta euren etxera eraman dezaketela, «eta aitona-amonak edo gaitz kronikoak dauzkaten pertsonak arriskuan jarri». «Eusteko neurri bat da», esan du Murgak.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak gutun bat bidali du jada ikastetxeetara neurri guzti horien berri emanez. Eskolarik egon ez arren, eskoletako langileak ikastetxera joatea erabaki du Jaurlaritzak. Uriartek bere gutunean azaldu duenez, «aldi horretan, irakasleei dagokie material didaktikoa prestatzea eta ikasleen eskura jartzea, ahal den neurrian, modu ez-presentzialean lan egiten jarraitu ahal izan dezaten». Hezkuntza Sailak alderdi horiek argitzeko instrukzioa emango die ikastetxeei. Gainera, ikastetxeek zabalik izango dituzte familiekin komunikatzeko ohiko bideak, horri buruzko informazio eguneratu guztia helarazteko.
Haurren zaintza
Irakaskuntzan eragiteaz harago, ikusteko dago orain nola eragiten duten neurri horiek beste sektoreetan, haurren gurasoek orain arte inoiz izan ez den egoera bati egin beharko baitiote aurre. Milaka dira Euskal Herrian haurrekin zer egin erabaki beharko duten familiak. Oporraldi garaietan ohikoa izaten da gurasoek lan egiten duten bitartean aitona-amonen esku uztea haurren zaintza, baina koronabirusak adineko pertsonengan izaten du eragin gehien, eta horrek zalantzak sortzen ditu erabakia hartzeko garaian. Sindikatuek aste honetan esan dute neurriak hartu beharko liratekeela haurren zaintzarako; adibidez, langileei baimen bereziak eskainiz.
Gainera, Uriarteren gutunak dio «eskola jardueraren aldi baterako etenaldia» ez dela «eskola jardueraren etenalditzat hartu behar», eta «ahalegin» bat eskatu du ikasleek egunero etxean ikasteko ohiturari eutsi diezaioten. Horrek haurren gainean egon beharra eskatuko du, eta lanaren eta haurren zaintzaren arteko kontziliazioaren artean eragingo du.
Ikasleek etxeko bizitza normala egin ahal izango duten arren, ahal den neurrian espazio txikietan taldeko jarduerak egitea saihestea ere eskatu du Osasun Sailak. Era berean, osasun-agintarien gomendioak betetzeko eskatu du Jaurlaritzak, hartutako neurriek birusa kontrolatzen lagunduko dutelakoan.