Donostiako Onkologikoan hil den 69 urteko emakumea Euskal Herrian koronabirusaren ondorioz zendu den seigarrena da. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren azken datuen arabera, egun 161 dira COVID-19 eritasunak jota daudenak. Araba da kasu gehien dituen lurraldea: 122 ditu denera. Bizkaian 21 gaixo daude; Nafarroan, hamahiru; eta Gipuzkoan, bost. Horien artean hiru adingabe daude, azken 24 orduetan kutsatu direnak.
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 69 urteko emakumeak gaixotasun gehiago zituen aurretiaz. Orain arte hil den gazteena da, baita Gipuzkoako aurrena ere. Aurreko astean 90 urteko gizon bat eta 82 urteko beste bat hil ziren Bizkaian eta Araban, baita beste hiru emakume ere, 92, 88 eta 87 urtekoak —bi Araban eta bat Bizkaian—; denek gaixotasun kronikoak zituzten.
Atzotik gaurrera nabarmen areagotu da gaixo kopurua. Araban 47 gehiago daude; Bizkaian, bat gehiago; eta Gipuzkoan, bi gehiago. Nafarroan, berriz, zazpi kasu gehiago atzeman dituzte, guztiak aurretik positibo eman duten gaixoekin harremana dutenak. Horietako asko etxean daude. Izan ere, ospitalean dauden gaixoen kopurua txikiagoa da. 34 lagun daude Araban ospitaleratuta, 11 Bizkaian, eta bi Gipuzkoan. Nafarroako Gobernuak ez du halako daturik eman, baina adierazi du positibo eman duten hamahiru lagunak ospitaleetan edo etxean arreta jasotzen ari direla, eta denak egonkor daudela.
Datu horiek kontuan izanik, «prebentzio neurriak areagotzeko» erabakia hartu du Jaurlaritzak, eta Gasteizko hezkuntza zentro guztiak itxiko ditu. Hiri hartako San Martin auzoko adinekoen egoitzan ere erabat debekatu dituzte bisitak.
Horrez gain, Bastidako bi ikastetxe eta hainbat eraikin publiko itxi dituzte, Haron (Espainia) eritasunaren foku garrantzitsu bat topatu ostean. Basauriko Udalak ere (Bizkaia) neurriak hartu ditu. Herriko adinekoentzako zentroak itxi ditu, horietako batean bi kasu atzeman ostean.
Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago eskuragarri. Aurreko astean zabaldu zen Baionako erietxean COVID-19 eritasuna zuen gizon bat zegoela, baina gezurtatu egin zuten.