Euskal selekzioak

Euskal selekzioek nazioartean ofizialki parte hartzea aldarrikatu dute 750 kirolarik

'Gu ere bai' ekimena eta manifestua aurkeztu dituzte San Mames estadioan, 750 kirolarik sinatua, "euskal kirolarien gehiengoa eskatzen ari dena betetzeko: euskal selekzioen nazioartekotzea". Udaberrian antolatuko dituen ekitaldiak sustengatu dituzte kirolariek, "euskal selekzioen eta kirolaren aldekoak izango direlako". 

jarraia178519.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 7a
13:22
Entzun

Gu ere bai ekimena eta manifestua aurkeztu dituzte euskal kirolariek gaur eguerdian Bilbon, San Mames estadioan, euskal selekzioek nazioartean ofizialki parte hartzea aldarrikatzen duena. 750 kirolarik baino gehiago eman diote babesa, eta udaberrian, ekimen horren barruan antolatuko diren ekitaldiak sustengatuko dituzte, "euskal selekzioen eta kirolaren aldekoak izango direlako".

Yaser Hamed (Leioa, Bizkaia, 1997) futbolariak irakurri du beste kirolarien izenean, eta hasiera honela eman dio: "Hemen ez gaude ezer berririk aldarrikatzeko, baizik eta euskal herritarrok denbora luzez eskatzen gaudena betetzeko: Euskal Selekzioen nazioartekotzea. Izan ere, hau ez da gutxi batzuen nahia bakarrik, euskal kirolarien gehiengoa eskatzen ari den errealitatea baizik". 

Ekimena eta agiria babestu duten kirolariek "ziurtasun osoa" daukate aurrera eraman behar dela aldarria. "Gizarte demokratiko batean gaude, eta horrek esan nahi du 750 kirolarik Euskal Selekzioa nazioarteko lehiaketetan defendatzearekin amets egiten badugu, horretarako ez litzatekeela arazorik egon beharko". Hamedek Palestinako selekzioan jokatzen du, aita hangoa duelako, baina esan du "are zoriontsuagoa" izango litzatekeela jaio zen herrialdearekin gauza bera egiteko modua balu. Bere burua eskaini du Palestina eta Euskal Selekzioaren arteko partida bat prestatzen "edozer gauzatan laguntzeko, inflexio puntu bat sortu eta jorratzen ari garen etorkizuna gertuago izateko". 

Agiria irakurri du ondoren: "Euskal Herriak pasioz bizi du kirola, eta gure kirolarien garaipen bakoitza aukera bat izan da, historikoki, herri hau batu eta harremanak sendotzeko", diote kirolariek lehen zatian. "Gure herrian kirolaren bitartez hainbat balio landu eta transmititzen dira: begirunea, parte-hartzea, aniztasuna edota integrazioa". Kirola "nortasun kolektiboak sortzeko funtsezko tresna" dela diote. "Munduaren aurrean agertu eta harrotasunerako baliabidea da kirola, nazioarteko ordezkaritza eta gure nazioaren marka erakusteko", nabarmendu dute. 

Euskal Herrian azkenaldian izaten ari diren kirol ekitaldi handiei ere egiten diete aipamena: "Ekitaldiok ospe eta hedapen handia daukate, eta hutsune handi bat ikusten dugu: euskal selekzioa". Zulo hori betetzeko nahiak gizartean "onarpen zabala" duela dio kirolarien dokumentuak, eta aldarrikatu egin dute euskal selekzioek nazioartean ofizialki parte hartzea. 

"Ez dugu inoren aurka egin nahi, gurea aldarrikatu eta babestu nahi dugu", esaten da testuaren azkeneko zatian. "Munduaren aurrean gure herria aurkezteko modurik onena litzateke, kirolarien garapena bermatuko lukeena, eta nazioarteko aitortza eskatzen dugu, gure selekzioek jokatzeko eta lehiatzeko eskubidea izan dezaten". 

Hori lortu bitartean, kirolariek diote lanean jarraituko dutela, "lan diplomatikoa, juridikoa eta kirol mailakoa eginez, etsi gabe". Udaberrian sustengatuko dituzten ekimenen artean, Euskal Herrian izango diren naziorteko kirol ekitaldietan (Eurokopa aipatzen da agirian) "gure ikur eta mezuekin munduari agertu nahi diogu guk ere lehian parte hartzeko eskubidea dugula". 

Sinatzaileak

Bideoa

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.