Siriako gerra

Idlibera giza laguntza bideratzeko 60 milioiko funtsa eratuko du EBk

Sirian «eremu seguru» bat eratzeko aukera aztertu du EBko Atzerri ministroen kontseiluak, baina ez du neurri horren gaineko erabakirik hartu. Turkiari eta Errusiari eskatu die su-etena egonkortzeko, «zibilen babesa bermatzeko».

Greziako polizia Turkia eta Grezia arteko muga zaintzen, eta, hesiaren beste aldean, Siriako gerratik ihesi joandako errefuxiatu talde bat. DIMITRIS TOSIDIS, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 6a
10:16
Entzun

EB Europako Batasuneko Atzerri ministroak Zagreben elkartu dira gaur goizean, Europako Kontseiluaren bilkuran —atzo bilera informal bat egin zuten—. Mahai gainean zuten, besteren artean, Siria ipar-mendebaldeko Idlib probintzian «eremu seguru» bat eratzeko proposamena, enfrentamenduek desplazatutako herritarrak hartzeko helburua izango lukeena, baina ez dute halako neurririk iragarri. Aldiz, Idliben «giza laguntza» indartzeko diru poltsa «gehigarri» bat iragarri du Kontseiluak, bilkuraren ostean zabaldu duen adierazpenean. Horrez gain, «su-eten egonkorra» galdegin du Idliberako. 

EBko Atzerri ministroek aitortu dute «migrazio zama eta arriskuak areagotu» egin direla Turkiarentzat, Idlibeko erasoaldien ondorioz, eta «ahalegin nabarmena» egiten ari dela bere lurretan 3,7 milioi errefuxiatu hartuta. Hala ere, «kezka handia» agertu du Grezia eta Turkia arteko mugan bizi den egoerarengatik. Kontseiluak «irmoki baztertu» du Turkiak «migrazio presioa» erabiltzea «helburu politikoak» lortzeko.

EBk bere kanpoko mugak defendatzeko «determinazioa» duela ohartarazi du. Horretarako, «beharrezko neurriak» hartuko ditu. Kontseiluak salatu du Europako muga gurutzatzera animatzen duten mezuak zabaldu dituztela errefuxiatuen artean, eta Turkiari eskatu dio «informazio faltsuen hedatzea» eragozteko.

Kontseiluak berretsi egin du Europako Batzordeak Greziari agertu dion elkartasuna, eta errefuxiatuek muga zaintzeko elkarlana agindu du.

Su-etena

Bilera hasi aurretik, Josep Borrell EBko diplomaziaburuak garrantzia aitortu dio Turkiak eta Errusiak atzo Siriarako adostu zuten su-etenari. «Albiste ona da. Ikus dezagun nola ezartzen den, baina oinarrizko baldintza da Idlibeko herritarrentzako giza laguntza indartu dadin». 

Ildo beretik, Idliberako «su-eten egonkorra» galdegin du Kontseiluak, «zibilen babesa bermatzeko» eta nazioarteko komunitateak giza laguntza banatu dezan. Su-etena egonkortzeko eskaria eta Idliben tentsioa apaltzekoa NBErekin, NATOrekin eta AEBekin partekatu duela jakinarazi du.

EBk onartu du Idliben «talde terroristak» daudela, baina gaineratu du horrek ezin dituela justifikatu Siriaren eta haren aliatuen «eraso indiskriminatuak». Zibilen aurkako eta ospitale nahiz eskolen kontrako erasoak salatu ditu.

Siriako Gobernuari negoziazio mahaira itzultzeko eskatu dio Kontseiluak, Sirian «trantsizio politiko» bat abian jartzeko. EBk adierai du «ahalegin berritu eta adostua» sustatuko duela nazioartean, eta beharrezkotzat jo du Siriako gatazkari «irtenbide politiko» bat bilatzea.

Migrazio ituna

Idliben, milioi bat herritar inguruk utzi behar izan dute etxea gerratik ihesi, NBEren arabera. Siriako gerrak orain arte eragin duen larrialdi humanitariorik handiena dela ohartarazi du, eta egoerak EB Europako Batasunari ere eragin dio, Idlibeko gatazkak milaka errefuxiatu bultzatu baititu Turkiara. Ankarak ohartarazi zuen ez duela errefuxiatu horiek guztiak hartzeko behar beste baliabide —3,5 milioi hartzen ditu—, eta, joan den astean, errefuxiatuei Turkia eta Grezia arteko muga irekitzea erabaki zuen. Neurria iragarri bezain laster, milaka errefuxiatu pilatu ziren Greziako mugan, EBra sartzen ahalegintzeko.

EBk Turkiari leporatu dio errefuxiatuak Europa estu hartzeko bitarteko gisa erabiltzea. Turkiak, berriz, 2016an sinatu zuten akordioa ez betetzea egotzi dio EBri, eta hautsitzat jo du ituna. Hitzarmenaren arabera, Greziako uharteetara heltzen ziren iheslariak Turkiara kanporatuko zituzten, eta herrialdean Ankarak 6.000 milioi euroko laguntza jasoko zuen trukean. Turkiako Gobernuak salatu du EBk ez dituela bideratu hitzemandako baliabideak.

Europako Kontseiluak 2016ko ituna betetzera deitu du Ankara. Haren esanetan, EBk eta Turkiak «onura» lortu dute bi herrialdeen arteko elkarlanari esker.

Errefuxiatuak, mugan harrapatuta

Greziako polizia indarrek gogor egin dute Turkiarekin duen muga baimenik gabe gurutzatzen ahalegindu direnen kontra. Atenasek adierazi du 35.000 errefuxiaturi baino gehiagori eragotzi diela EBn sartzea eta 252 lagun atxilotu dituela, joan den ostiraletik. Polizia negar gasa eta ur kanoiak ari da erabiltzen errefuxiatuak EBra sar ez daitezen. Asteazkenean, errefuxiatu bat hil zuten mugan, eta Turkiak hari tiro egin izana leporatu Greziari.

Gerratik ihesi joandakoak bi herrialdeen artean daude harrapatuta. Grezia milaka errefuxiatu Turkiara itzultzen ahalegindu da, baina Ankarak mila polizia bidali ditu mugara, errefuxiatuak atzera ez itzultzeko.

Mugako tentsioa handitzearekin batera, talde xenofoboak oldartu egin dira Grezian. GKEtako hainbat kideri eta errefuxiaturi eraso egin diete azken egunetan. Tartean, Euskal Herriko Zaporeak GKEko zenbait kideri. Talde faxistak «harrotuta» dabiltzala salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.