«Ezin da jakin zergatik frantsesaren edo ingelesaren ezagutza baloratu daitekeen eta euskararena ez. Are gehiago, Nafarroako hizkuntza propioa da, eta herritar guztiek eskubidea dute ezagutzeko eta erabiltzeko, Euskararen Legeak dioen moduan; aldiz, Europako gainerako hizkuntzak ez daude posizio horretan». Nafarroako Kontseiluak otsailaren 24ko datarekin atera duen ebazpen baten pasarte bat da hori, eta, bertan adierazten duenez, euskararen ezagutza meritu gisa har daiteke Nafarroako eremu ez-euskaldunean administrazio publikoan sartzeko oposizio probetan.
Ebazpenaren edukia oraindik ez du jarri Nafarroako Kontseiluak, baina horren berri eman du gaur goizean Nafarroako Gobernuak. Kontseilua foru erkidegoko aholku emaile gorena da, eta haren funtzioen artean dago zehaztea ea Konstituzioa, Foru Hobekuntza eta oro har ordenamendu juridikoa betetzen ote den. Haren ebazpenak ez dira lotesleak. Kasu honetan, administrazio publikoko euskara erabilerari buruzko dekretua lantzen ari da gobernua, eta, urtarrilean, gai horri buruzko ebazpena eskatu ondotik, kontseiluak ebatzi du «legezkoa» dela arau bidez euskara meritutzat hartzea eremu ez-euskaldunean.
Barkosen agintaldian, 2017ko azaroaren 15ean, administrazio publikoko euskara erabilerari buruzko dekretu bat atera zuen orduko gobernuak, eta aurreko legealdian hizkuntza politikaren alorrean eginiko urrats aipagarrienetako bat izan zen arau hura. Hala ere, iazko urriaren 1ean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak edukiz hustu zuen dekretu hori, hainbat artikulu baliogabetuta. UGT eta SPA sindikatuek jarritako helegitea onartu zuten epaileek. Besteak beste, 2017ko dekretuak agintzen zuen euskara meritu gisa aintzat hartu behar zela eremu ez-euskaldunean eta mistoan. Aurrerantzean, berriz, euskara meritutzat jo edo ez deialdi bakoitzean erabaki beharko dela dio auzitegiak, «deialdiaren nolakotasunaren arabera».
Gobernuak erabaki zuen kasazio helegiterik ez aurkeztea eta dekretu berria egitea. Oraindik, gobernu barruan, dekretua lantzen ari dira, eta atzo Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak adierazi zuen hil honen bukaerarako ateratzea espero dutela. Gaur, Javier Remirez gobernuko lehen presidenteordeak onartu du «ahal bezain azkar» atera nahi dutela, baina are garrantzitsuagoa dela «ongi» ateratzea, ahalik eta adostasunik handiena bilaturik. Behin dekretua gobernutik atera ostean, funtzio publikoaren mahaira joko du, eta handik herritarrek alegazioak aurkezteko epea hasiko da. Nahiz eta dekretua gobernuaren eskumena den, taldeek euren esku ekarpenak egin ditzaketela dio presidenteordeak. Remirezen aburuz, garrantzitsua da euskara «ika-mika politiko eta sindikaletatik ateratzea».
Kontseiluaren ebazpena
Dekretua lantzen ari diren bitartean etorri da ebazpena. Gobernuak aurreratu duenez, ebazpenak urriko epaiaren lehen balorazioa egiten du: «Epaiek ez dute irmo debekatzen euskara aintzat hartzea eremu ez-euskaldunean, baina balorazio hori neurrian eta modu egokian egin behar dela diote, egin beharreko funtzioen eta errealitate soziolinguistikoaren arabera». Kontseiluak berak, aurretik, 2017an bertan aholkatu zuen euskararen ezagutza mailakatzea, neurritasunaren, zentzutasunaren eta funtzionaltasunaren irizpideei jarraituz. «Ez da zuzena postuak baloratzea egin beharreko funtzioak direnak direla, eta ahalbidetu behar da puntuazioa lanpostuaren funtzioen eta lana egin beharreko tokiko errealitate soziolinguistikoaren arabera egitea».
Remirezek dio dekretua lantzen ari den taldeak kontuan hartuko duela ebazpena, «gaia judizializatuz gero gerta daitekeenari buruzko argibidea ematen duelako». Remirezen arabera, segurtasun juridikoa ziurtatzea izango dute lehentasun.