Miren Gorrotxategi Bizkaitik, David Soto Gipuzkoatik eta Gustavo Angulo Arabatik; horiek izango dira EP Elkarrekin Podemosen zerrendaburuak apirilaren 5ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako. Gorrotxategi izango da haien lehendakarigaia, lehengo astean jakin zenez. Ahal Dugu-k eta Ezker Anitza-IUk osatuko dute koalizioa; 2016ko koalizioko kide Equo bere kasa aurkeztuko da aurten, eta Antikapitalistak ez dira aurkeztuko. Gorrotxategik esan du aurreratuta dutela EPren hauteskunde programa.
Sotok 29 urte ditu, eta Zuzenbidean lizentziaduna da. Irungo (Gipuzkoa) zinegotzia da EPrekin, eta Munizipalismoa, Giza Eskubideak, Hiritargoa eta Dibertsitatea arloetako kidea da Gipuzkoako Ahal Dugu-n. Angulok berrogei urte dauzka, eta Txagorritxu Gasteizko erietxeko langilea da; Arabako koordinazio lanetan dabil Ahal Dugu-n.
Ahal Dugu-k esan du oraindik ezin duela EPko beste hautagaien izenik eman, baina aipatu du zerrendak laster ixtea espero duela.
EPk 11 legebiltzarkide lortu zituen 2016ko bozetan. 8 kide Ahal Dugu-koak izan ziren, 2 Ezker Anitza-IUkoak eta 1 Equokoa.