Binakako Txapelketa

Laso eta Albisu, finalerdietara

Oso partida sendoa eta serioa jokatu dute Altuna III.a eta Ladis Galartzaren aurka Eibarren, eta estutasun handirik gabe lortu dute saria (22-15). Horrenbestez, Baiko eta Aspe enpresek bina bikote izango dituzte finalaurrekoetako ligaxkan. Datorren larunbatean hasiko da. 

jarraia178234.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 1a
20:02
Entzun

Osatuta dago Binakako Txapelketako finalerdietako koadroa: azkeneko bikotea sailkatzen Laso-Albisu izan da. Irabazi egin diete gaur Eibarren Altuna III-a-Ladis Galartzari (22-15), eta bat egingo dute finalaren atariko ligaxkan Jaka-Zabaleta, Ezkurdia-Martija eta Olaizola II-a-Urrutikoetxea bikoteekin —azken bikote hori atzo sailkatu zen—. Horrenbestez, Baiko eta Aspe enpresek bina ordezkari izango dituzte finalaurrekoetan. 

Kale edo bale egiteko partida zuten gaurkoa bi bikoteek, eta ezin esan kale egin dutenik galtzaileek. Balekoa eman dute irabazleek, eta hortik joan da partida. Izan ere, oso serio eta sendo jokatu dute Lasok eta Albisuk. Huts askorik egin gabe, pilotalekuan ondo ibiliz, zuloak estaliz, eta tantoa bukatu behar zen gehienetan ondo bukatuz. Etxetik zekarten estrategia zen pilota atzera botatzea, Altuna jokoan ez sartzeko eta Galartza behartzeko. Pentsatua ondo gauzatu dute, eta oso aukera gutxi eman dizkio Baikoko bikoteak Aspekoari. Behin bakarrik izan dira aurretik gorriak, eta hasieran izan da, 1-2koan. 

Berdinduta ere oso gutxi egon dira: 1-1, 2-2 eta 4-4. Hortik aurrera, urdinek zulo handia ireki dute beren pilota batekin, eta 9-4 aurreratu dira. Beste takateko bat ere egin dute segituan, 14-5eraino. Konturatzerako eta huts larririk egin gabe, sekulako zama zuten gainean Altunak eta Galartzak. Eraman ezinekoa bihurtu zaie, azkenean. Gorriek tantoa egin izan dutenean, beren pilotaren bat aterata saiatu dira aldea murrizten, baina ez dute segida luzerik lortu, berehala eten dielako urdinek erreakzio saialdi bakoitza. Gertuen 19-15ekoan jarri dira, baina ez dituzte tanto gehiago egin galtzaileek. Urdinen azkeneko hirurak Galartzak eman dizkie. 

Txapelketa zer den eta orain artekoak zenbat balio duen edo ez pentsatzeko bada datu bat gaurkoarekin lotuta: ligaxkan, elkarren aurkako bi partidetan, Altunak eta Galartzak irabazi zieten Laso eta Albisuri. Baina gaur, zirt edo zart egin behar zen egunean, azken horiek nagusi. 

Finalerdietako ligaxka datorren larunbatean hasiko da, Labrit pilotalekuan, Iruñean, eta igandean izango du segida, Bilbon. Bi asteburu barru, larunbatez Labriten ariko dira berriz, eta igandean, Eibarko Astelenan. Hirugarren eta azkeneko jardunaldia Labriten eta Tolosan izango da, martxoaren 21ean eta 22an, hurrenez hurren. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.