Puxika gorri uholdeak hartu ditu Iruñeko karrikak. Euskara eskubidea, ni más ni menos (ez gehiago, ezta gutxiago ere) leloa buruan, euskaltzale anitz batu dira arratsaldean egindako manifestaziora –5.000 lagun antolatzaileen arabera–. Haurren gurditxoek ireki diote bidea manifestazioari. Pankartari eusten Iruñeko eta Antsoaingo (Nafarroa) haur eskoletako gurasoak, NUPeko ikasleak eta Mendigorriko eskolako gurasoak aritu dira. Euskararen aldeko aldarriak oihukatu dituzte ibilbide osoan.
Nafarroako Gobernuari dei zuzena egin dio Ainhoa Oiaga Iruñeko haur eskola euskaldunetako amak manifestazioaren bukaeran: "Ez gaude prest gure eskubideetan atzera egiteko. Eskubideetan aurrera egiteko garaia da. Nafar herritar guztiak berdintasunean tratatzeko garaia". Gogor mintzatu da Unai Irigarai NUPeko ikaslea: "Gure lingua navarrorum ukatuz elebakartasunera kondenatu nahi gaituzten agintariak haien teilatu gorriari harrika ari zaizkio".
Navarra Sumaren jarrera deitoratu dute bozeramaileek, Iruñeko haur eskoletako euskarazko eskaintza erdira baino gutxiagora murriztuko duela eta. "Eskaintza eta eskaria binomio tranpatiaren atzean ezkutatu nahi den euskarafobia gordina dugu honako hau", esan du Oiagak. "Ez gara zenbakiak, pertsonak gara, eta euskaraz ikasteko eskubidea dugu". Antsoainen ere euskarazko haur eskolarik ez dela gogorarazi du. Iruñera joan behar izaten dute haur horiek, eta Oiagak ohartarazi du hiriburuko eskaria murriztuta are zailagoa izanen dutela.
Beste oztopo batzuk ere hizpide izan dituzte bukaerako mintzaldian. Iñigo Lerga aita mendigorriarrak azaldu du Nafarroako Gobernuak ez duela bere herriko eskolan D eredua jarri nahi: "Berriro ere, herritar batzuk bigarren mailako tratatuak, aukera berdintasuna ukatuz". Gogora ekarri du Castejonen ez dietela PAI ingelesezko programa alde batera uzten utzi, eta Sakanan arazoak dituztela Lanbide Heziketan euskaraz ikasi ahal izateko. Unibertsitate publikoari dagokionez, Irigaraik eskubide urraketa salatu du, euskaraz ikasteko aukerak oso murritzak baitira: "Ikasle askok beste unibertsitate batzuetara joan behar izaten dugu ikasketak euskaraz egiteko".
Bi protesta
Manifestazioaren bukaeran euskararen aldeko beste bi protestaren berri eman dute. Batetik, ostegunean elkarretaratze zaratatsua eginen dute, 18:00etan, Udaletxe plazan. Une horretan euskarazko haur eskolen aldeko mozioa eztabaidatuko da udalbatzan. Bigarrena apirilaren 2an izanen da, Iruñean ere: NUPeko ikasleek manifestazioa eginen dute Euskaraz ikasi, bizi eta irakatsi nahi dugu leloarekin.