Frantziako Dei Auzitegiko Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak ez du onartu Ibon Fernandez Iradi gaixotasun larria duen euskal presoari espetxe zigorra etetea, 14:15 aldera jakin denez. Defentsak helegitea aurkeztuko du Frantziako Kasazio Auzitegian, Maritxu Paulus Basurkok BERRIAri esan dionez —bost eguneko epea du—, eta, hark ere ezezkoa emanez gero, Europara joko du. Fernandez Iradik esklerosi anizkoitza du, eta, abokatuaren esanetan, eritasun horrek hainbat «eginbehar» eskatzen du —tratamendu jarraitua, sendagaiak, bestelako terapiak...—, eta kartzelak ez daude prest hori bermatzeko. «Borrokan segituko dugu justizia egin arte».
Paulus Basurkorentzat, gaurko erabakia «dezepzio bat» izan da. «Izan ere, osagai mediko guztiak zeuden Fernandez Iradi aske geratzeko, eta, gainera, elementu berriak atera dira azken asteetan».
Joan den azaroaren 12an Zigorrak Ezartzeko Auzitegiko epaileak, osasun txostenak aintzat hartuz, etetearen aldeko erabakia eman zuen, presoaren gaixotasuna artatzeko espetxea leku egokia ez dela iritzita. Gainera, azaldu zuen gaur egungo testuinguru politikoagatik Fernandez Iradi aske uzteak ez lekarkeela arriskurik. Baina fiskalak helegitea aurkeztu zuen, eta presoak espetxean segitu zuen. Urtarrilaren 13an egin zuten epaiketa, Dei Auzitegian, eta gaurko jarri zuten ebazpena emateko eguna.
'Bakegileek' diote onartezina dela
«Erabaki hau onartezina da; eskandalizatuak gara», esan dute bakegileek, ohar batean, erabakia jakin ondotik. «Garaia da zigor aplikaziorako ganberako epaileek eta parketeak jokamoldea aldatzeko eta Euskal Herriko bake prozesua kontuan hartzeko». Apirilaren 8rako herritarrak mobilizatzera deitu dituzte.
Goizean bakegileek Fernandez Iradi askatzearen aldeko ekinbide sinboliko bat egin dute Baionako Auzitegiaren aurrean, eta esan dute haren gaixotasunari «eraginkortasunez» aurre egiteko «ezinbestekoa» dela haren osasun egoerak eskatzen dituen zainketa eta arreta guztiez baliatzea. «Gaixoek ez dute zer eginik presondegian», deitoratu dute bakegileek Baionan, eta eritasun larria dutenentzako «logika humanitarioa» eskatu. «Guztiei eskubide bera aplikatzea eskatzen dugu». Ipar Euskal Herriko gizarteak «bake justu iraunkorra» nahi duela adierazi dute bakegileek. «Bake prozesu honetako aktore guztiekin beste etapa batera pasatu nahi dugu, presoei kartzela ez den beste perspektiba bat emanen dien bigarren fasera».
Zazpi urteko bide judiziala
Fernandez Iradiri 2010ean agertu zitzaizkion lehen sintomak, eta 2013an egin zuen kartzela zigorra eteteko lehen eskaera. Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak 2014an onartu egin zion eskaera, baina prokuradoreak eskatu zuen osasun azterketa gehiago egin behar zirela. Hiru urteko prozedura batean auzia Dei Auzitegian eta Kasaziokoan aztertu ondoren, ez zuten onartu euskal presoa libre geratzea. 2018an berriro eskatu zuen zigorra eteteko, eta onartu egin zioten lehen auzialdian, baina fiskalak eragotzi egin zuen kaleratzea.
Lannemezango espetxean (Okzitania) dago Fernandez Iradi (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1971). ETArekin lotuta, Frantziako Poliziak 2002ko abenduan atzeman zuen lehen aldiz, Ahurtin (Lapurdi), eta handik bi egunera ihes egin zuen Baionako polizia etxetik. 2003ko abenduan berriro atxilotu zuten, Mont-de-Marsanen (Okzitania).
ð;ÂÂ;ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂ;Â;Â;ŸÂšÂ‘ Ambulantzia bat Baionako auzitegira ekarri dugu presondegia ospitala ez dela adierazteko. #OrainPresoakpic.twitter.com/D3jwZS6MA6
— Artisans de la Paix #OrainPresoak (@Artisans_Paix) February 27, 2020