Eusko Legebiltzarrerako bozak

Lander Martinezek dimisioa eman du

«Pauso bat emango dut albo batera», esan du Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak. Alderdia talde kudeatzaile baten esku geratuko da zuzendaritza berria aukeratu arte.

Lander Martinez, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
edurne begiristain
2020ko otsailaren 27a
11:09
Entzun

Lander Martinez Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak agerraldi bat egin berri du Bilbon, primarioen emaitzen berri jakinarazteko, eta dimisioa eman du han bertan. «Pauso bat emango dut albo batera», esan du Martinezek. Berak ez ezik, berarekin dagoen zuzendaritza taldeak ere eman du dimisioa. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira Elkarrekin Podemosek egindako primarioetan Miren Gorrotxategik irabazi eta gero hartu du erabakia Martinezek. Izan ere, prozesu horretan bi hautagai lehiatu dira, Rosa Martinez eta Miren Gorrotxategi, eta Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak aurrenekoaren aldeko kanpaina egin du. Gorrotxategik irabazi ditu primarioak, ordea, eta hura izango da Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaia. Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren sostengua du Gorrotxategik.

Rosa Martinez Ahal Dugu-ko zuzendaritzak babestutako lehendakarigaia izan da. Besteak beste, Lander Martinez Ahal Dugu-ko idazkari nagusiaren eta Cristina Makazaga Jarduera Instituzionaleko idazkariaren babesa zuen hautagaiak. Lander Martinezek prentsaurrekoan emandako datuen arabera, Gorrotxategik botoen % 56,26 lortu ditu (1.519 boto) eta, Martinezek, % 43,74.

Hala, primarioetan galdu izanak ataka zailean jarri du EAEko zuzendaritzaren posizioa, eta dimisioa ematera eraman du idazkari nagusia. Dimisioa eman eta gero, alderdia talde kudeatzaile baten esku geratuko da barne hauteskundeak egin arte. Gainera, Martinezek jakinarazi du bere taldea ez dela aurkeztuko kongresu horretara. Bizkaiko zerrendetan bigarren hautagai bozkatuena izan da Martinez, eta Arabako zerrendan Cristina Makazaga izan da bozkatuena, baina biek ala biek uko egingo diote hautagai izateari. «Gaur hartzen dugun erabakiarekin koherentea da zerrenda horietan ez egotea, proiektu politikoaz ari garelako eta guk defendatzen duguna ezberdina delako», azaldu du Martinezek. Hauteskunde kanpainaren antolakuntza Gorrotxategiren taldearen esku geratuko dela jakinarazi du, halaber.

Kargua uzteko arrazoiak eman ditu Martinezek goizeko agerraldian: «Apustu sendoa egin genuen hurrengo legealdirako, azken lau urteotan egindako lana oinarri hartuta eta Elkarrekin Podemos erdigunea jarri duten pertsonei jarraipena emanda. Baina militantziak ez du proiektu hau babestu». Azpimarratu du «albo batera» egingo duela bere helburua ez delako politikaz bizitzea, ezta dagoen tokian betirako geratzea ere.  Eskerrak eman dizkie  bere ondoan egon diren alderdikide guztiei, eta azpimarratu du alderdia «ezerezetik» eraiki dutela eta egindako lanarekin «harro»  dagoela. Pablo Iglesiasekin hitz egin duela esan du Martinezek, eta hark «begirunea» eta «esker ona» adierazi dizkiola.

Dimisioaren berri jakin eta berehala, Nagua Albak mezua idatzi du Twitterren Lander Martinezen lana goraipatuta: «Lander Martinezek eta haren taldeak urte hauetan Eusko Legebiltzarrean eta Ahal Dugu-ren gidaritzan egindako lana eredugarria izan da. Haiek gabe eta Rosa Martinezen lanarik gabe, euskal ezkerrak maila, freskotasuna eta gobernurako gaitasuna galduko ditu». Sare sozialetan mintzatu da Eduardo Maura Albaren zuzendaritzan idazkari politikoa izandakoa ere. Haren esanetan, Lander Martinezek eta Rosa Martinezen taldeak «lan bikaina» egin dute azken urteetan. «Indarrarekin borrokatzea eta garaiz joaten jakitea politikoa da, eta ondo egin dute».

Gorrotxaregiren hautagaitza babestu zuen Roberto Uriarte Podemoseko diputatuak «errespetuz» hartu du Martinezen dimisioa, eta aurrera begira jarri da:  «Gure jendearen ilusioa berreskuratzeko proiektua eraikitzen hasi behar dugu eta alternatibarik badagoela esan behar dugu».

Lander Martinez (Gasteiz, 1989) Ahal Dugu-ko idazkari nagusia da 2017ko abendutik, Negua Albaren ordez. Ordura arte Antolakuntza idazkari izandakoak alderdi barruko bozetan botoen %39  jaso zituen. Bigarren tokian geratu zen Maria Valiente beste hautagaia, botoen %32rekin.

Gorrotxategik bihar agerraldia
Martinezek dimisioa eman eta minutu gutxira agertu dira komunikabideen aurrean Miren Gorrotxategiren hautagaitzaren aldekoak. Gorrotxategi bera ez da azaldu prentsaurrekoan, eta bihar eskainiko du lehen agerraldi publikoa Elkarrekin Podemoseko lehendakarigai gisa. Zubiak hautagaitzako kideak pozik azaldu dira primarioetako emaitzarekin, eta lehenengo hitzak Lander Martinezentzat izan dituzte. Egindako lana eskertu diote, eta errespetuz jaso dute dimisioa. «Koherentea» dela esan du Josetxo Arrietak. Aurrera begira, «indar aurrerakoien» alde egingo dutela ziurtatu du, eta jakinarazi EH Bildu eta PSErekin harremanetan jarriko direla hauteskundeen ostean «alternatiba berria» osatzeko.

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.