Antzerkia

Brechten 'Ama kuraia' euskaraz taularatuko du Arriaga antzokiak

Maria Goirizelaiak zuzenduko du Bertolt Brecht antzerkigilearen antzezlan ezaguna, eta hamahiru aktoreko lantaldea izango du. Martxoaren 25ean estreinatuko dute euskaraz, aurrez gazteleraz jokatu ostean.

Bilboko Arriaga antzokiak ekoitzi duen 'Ama kuraia' antzezlaneko lan talde osoa. ARITZ LOIOLA/FOKU
Inigo Astiz
2020ko otsailaren 25a
14:29
Entzun

«Gure garai teatraleko gerraren aurkako obra nagusia da Ama kuraia». Bertolt Brecht antzerkigilearen obrarik ezagunenetako bat eszenaratzeko lanetan dabil Maria Goirizelaia zuzendaria egunotan, Bilboko Arriaga antzokian, eta esku artean darabilen erronkaren neurriaren jakitun eman ditu azalpenak aurkezpen prentsaurrekoan. Antzokiaren denboraldiko ekoizpen propio nagusia da pieza, eta, horregatik, hamahiru aktoreko lantaldea du bere esanetara zuzendariak. Gazteleraz estreinatuko dute lehenik, martxoaren 18tik 22ra, eta euskaraz gero, 25etik 28ra. Eskainiko duen antzezlanaren bertsioa «idorra» dela esan du Goirizelaiak, eta sentsazio fisiko batekin azaldu du zergatia. «Hainbat eszenatan, ahoan faltan sentitzen den uraren sentsazio hori helarazi nahi dugu, amak miseriarantz egiten duen bide horrek horretara garamatzalako».

Ione Irazabal aktoreak jokatuko du pertsonaia nagusia euskarazko bertsioan, Itziar Lazkanok gaztelerazkoan, eta 11 aktore izango ditu ondoan haietako bakoitzak: Ane Pikaza, Eneko Sagardoi, Mikel Losada, Miren Gaztañaga, Iñaki Urrutia, Gabriel Ocina, Alfonso Diez, Idoia Merodio, Aitor Borobia, Adrian Garcia de los Ojos eta Mikel Martinez.

Brechtek Alemania nazitik ihesi joan zenean idatzi zuen obra, 1939an, Suediako Lindingo irlan bizi zenean, eta 1941ean estreinatu zuten, Zurichen. Haren lanik esanguratsuenen artean aipatzen dute adituek, eta baita haren teatroa ulertzeko moduaren adierazle nagusitzat ere. Ordura arte indarrean zen identifikazio bidezko antzerkiarekin hautsi, eta ikuslea ikusten ari zenari buruz gogoeta egitera bultzatzea zen haren asmoa. Hamaika hizkuntzatara moldatu dute geroztik obra, eta ehunka egokitzapen egin dizkiote. Orain arte sekula ez zuten euskaraz antzeztu, ordea. Kepa Errastik egokitu du testua, eta berak egin ditu zuzendari laguntzaile lanak ere.

Humanismo eta egoismo nahaskia

«Bere seme-alabekin batera oinez doan ama baten istorioa kontatzen du», laburbildu du Goirizelaiak antzezlana. Negozioa egitea da ama horren asmoa, eta gerrari segika joango da horretarako, bateko zein besteko bandoekin salerosketan, harik eta, azkenean, hiru seme-alabak gerran galdu ostean, bakarrik geratuko den arte. Dena galduta.

Irazabalek Brechten lana nabarmendu du. «Testua kopuruz oso handia da; nik katedrala esaten diot». Eta, hain zuzen ere, testu hori da guztiaren oinarria. Haren hitzetan, amak «azkar-azkar» hartu behar ditu erabakiak antzezlanean, eta momentu bakar batean hartutako erabaki horien gatibu bilakatuko da gerora. Humanismo eta egoismo nahaski moduko bat da amaren pertsonaia, Lazkanoren hitzetan. «Gerratik irabaziren bat atera dezakeela espero du, baina ez du halakorik lortzen, gerretan beti gerra izaten delako irabazle suertatzen den bakarra». Aktoreen hitzetan, emozioa ezkutatzea da obrako erronka nagusia, Brechtek proposatu bezala, ikuslea gogoeta egitera bultzatzeko. «Sarraskijale bat da ama, eta, agian, latza dirudi ama bati buruz hori esateak, baina bizirik ateratzea besterik ez du buruan berak, eta ez du inolako erreparorik, adibidez, soldadu bati prakak kendu eta saltzeko».

Euskara sustatzeko betebeharra

«Ezinbesteko obra bat da hau teatro publiko batentzat». Calixto Bieito Arriaga antzokiko zuzendariaren ustez, antzokiaren betebeharretako bat da Ama kuraia-ren pareko ekoizpenak sortzea, eta baita haiek euskaraz ematea ere. «Ez da soilik ekoizpen propio bat: euskarara itzulitako lanen kopurua ere sendotzea da asmoa, eta oso garrantzitsua da bultzada hori ematea, Ama kuraia-ren euskarazko itzulpen bat ere egotea». Eta baietz Goirizelaiak ere. «Garrantzitsua da ondare hori ere uztea».

Zuzendariak onartu duenez, bere bertsioa sortzeko, hainbat moldaketa egin dizkio jatorrizko testuari. Kendu egin ditu, adibidez, jatorrizko bertsioan protestante eta katolikoen arteko gerrari buruz datozen erreferentziak, eta «denboraz kanpoko» gune bat sortzea erabaki du. Gainera, Euskal Herriari buruzko erreferentziak ere txertatu dizkio. «Ez zuen zentzurik Ama kuraia bat egin eta gure markarik ez eramateak».

Goirizelaiak gerraren bilakaera historikoa ere kontuan hartu nahi izan du eszenaratzean. Horregatik atera du pieza guda zelaien lokatzetik. «I. Mundu Gerran, militarrak izan ziren hildako gehienak; II. Mundu Gerran, parekatu egin ziren hildako militarren eta zibilen kopuruak, eta gaur egungo gerrak zehatz-argiak dira, zibilak baitira haietan hiltzen diren gehienak. Eta hori ere kontatu nahi du gure lanak». Zuzendariak gogoan hartu nahi izan ditu gerra arma gisa erabiltzen diren emakumeen bortxaketak ere, eta Brechten testuan gertakari horiek salatzen dituzten aipamenak ere berreskuratu ditu horretarako.

Euskal Herriari egindako erreferentziak

Jatorrizko lanaren musika ere egokitu dute. We Are Standard taldeko Jon Agirrezabalak egin ditu egokitzapen lanak alor horretan, eta Paul Dessau konposatzaileak idatzitako liburuxka izan du abiapuntu horretarako. Elektronikara eraman du oinarri hori, ordea, eta euskal musikagintzari keinu egiten dioten pieza berri batzuk ere sortu ditu. Eta ez da gisa horretako keinu bakarra izango. Jose Luis Raymond eszenografia egileak ere Euskal Eskultura Berria izan baitu buruan antzezlanarentzako eszenak osatzeko. Bilboko Koral Elkarteko Euskeria koruko 25 abeslarik lagunduko dituzte oholtzan eszena musikalak, eta Carlos Imazek egin ditu ahots moldaketak horretarako. Eva Guerrerok sortu ditu piezako mugimendu eszenikoak, eta Betitxe Saituak sortu ditu jantziak.

Bieitok lantaldearen kalitatea nabarmendu du, batetik, «ikaragarria da» eta; bestetik, Brechten antzezlana ere aldarrikatu nahi izan du, hari buruz egin diren interpretazio guztien gainetik. «Brechtarrak dira Brechti gertatu zaion okerrena», esan du. «Funtsean, antzezlan bikain bat da Ama kuraia, Shakespeareren lanak bezala poesiaz, bortizkeriaz eta amorruz beteta dagoen eta gizateriari ekarpen bat egiten dion antzezlan bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.