Krisia PP-n

Alfonso Alonsok dimisioa eman du

«Triste nago alderdiarengatik», adierazi du PPko EAEko presidente ohiak. Bost urte eman ditu alderdiaren buruzagitzan, eta Carlos Iturgaiz Jaurlaritzarako lehendakarigai izendatu izanak saihetsezin egin du haren dimisioa. Amaia Fernandezek ordezkatuko du, behin-behinean.

Alfonso Alonso, urtarrilean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO, EFE
jon olano
2020ko otsailaren 24a
18:14
Entzun

PPko Euskal Autonomia Erkidegoko zuzendaritzak batzarra egin du gaur arratsaldean, eta bertan eman du dimisioa Alfonso Alonso presidenteak. Bilerara iristean, adierazi du «alderdiarengatik triste» dagoela, eta amaitzean eman ditu azalpenak: «Alderdiaren konfiantzarik ez dudanez, dimisioa aurkeztu dut». Erabakiak ez du «atzera-bueltarik», eta, dimisioa aurkeztuta, amaitutzat jo du bere jarduera publiko eta politikoa». Hunkituta mintzatu da Alonso, eta eten egin behar izan du hitzaldia.

Amaia Fernandez PPko EAEko idazkari nagusiak ordezkatuko du Alonso behin-behinean, alderdiak kongresu bat egin bitartean. Nerea Llanos legebiltzarkideak eman du erabakiaren berri.

Azken egunetan, Madrilgo eta EAEko zuzendaritzaren arteko giroa ozpindu du PPk eta Ciudadanosek apirilaren 5eko hauteskundeei begira koalizio bat osatzeko aukerak, eta Pablo Casado presidenteak atzo jakinarazi zion Alonsori ez zela bera izango lehendakarigaia, Carlos Iturgaiz baizik. Erabaki horrek saihestezin egin du Alonsoren dimisioa.

Bost urte pasatxo dira Alonso Alonsok (Gasteiz, 1967)  EAEko PPren gidaritza hartu zuenetik, Arantza Quirogak dimisioa eman eta gero. Zortzi urte eman zituen Gasteizko alkatetzan, 1999tik 2007ra, eta Espainiako politikara joan zen ondoren; 2014an, Espainiako Osasun ministro izendatu zuten.

Mariano Rajoyk 2018ko udan PPko presidentetza utzi eta gero, Alonsok Soraya Saenz de Santamariaren aldeko posizioa hartu zuen, baina Pablo Casadok irabazi zuen Rajoy ordezkatzeko prozesuan, eta horrek zailtasunak areagotu ditu bi zuzendaritzen artean. Iaz, Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira, Casadoren taldeak erabaki zituen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak, Alonsoren taldearen irizpidearen kontrara. Orain, Alonsok salatu izan du hedabideen bidez jakin duela PPk eta Ciudadanosek akordioa egin dutela koalizioan aurkezteko.

Gaurko batzarrera sartzerakoan, ordea, mintzatu dira beste buruzagi batzuk ere. Raquel Gonzalez Bizkaiko presidenteak esan du Iturgaizena "aukeraketa bikaina" dela, «pisuzko gizona» delako eta «ideiak garbi» dituelako. Horregatik, Bizkaian «ilusio handiz» hartu dute haren izendapena. Gonzalez Casadoren sokakoa da, eta, El Mundo egunkariak argitaratu duenez, hura izan da ahots kritikoenetako bat Alonsoren posizioaren kontra.

Haatik, Iñaki Oiartzabal Arabako presidenteak esan du Alonso zela hautagairik onena, baina Iturgaiz «leialtasun eta ardura osoz» tratatuko dutela. Carmelo Barrio legebiltzarkideak, berriz, adierazi du Alonso «ordezkaezina» dela eta bera nahiz Iturgaiz «lehen mailako politikariak» direla: «Alderdiaren onerako egingo dugu lan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.