Osasun larrialdia

Burtsak amiltzen ari dira koronabirusaren hedapenaren beldur

Epidemiak munduko ekonomiari kalte egingo diola onartu du Nazioarteko Diru Funtsak.

Burtsako artekari bat maskara batekin lanean, Seulen. JEON HEON-KYUN / EFE
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 24a
11:57
Entzun

Koronabirusa bezain bizkor zabaltzen ari da hari buruzko beldurra. Eta bizkorretan bizkorrenak finantza merkatuak izan ohi dira, batez ere mehatxuak eta arriskuak usaindu behar direnean. Birusa Italian, Hego Korean, Iranen eta beste herrialde batzuetan zabaldu dela baieztatu ondoren, beren dirua burtsetatik atera eta leku ziurragoetara eramaten hasi ziren atzo inbertsiogilerik beldurtienak. Ondorioz, brexit-aren erreferendumaz geroztiko erorketarik handiena izan zuten atzo Europako burtsek.

Jaitsierarik handiena Milango burtsan gertatu zen, %5,4 erori baitzen. Baina ez ziren urrun geratu kontinenteko beste indize nagusiak: %4 galdu zuten Eurostoxx 50ek eta Frankfurteko Dax-ek, %4,1 Madrilgo Ibex-35ek, eta %3,9 Parisko CAC40ek.

Balio gehien galtzen ari direnen artean daude hegazkin konpainiak, haiek izan daitezkeelako hasieran kolperik gogorrena jaso dezaketenak. Txinarako hegaldiak eten egin dira, eta beste herrialde batzuek berdin egiteko arriskuak bete-betean zigortuko luke beren negozioa. Horrela, Ryanairrek %13,8 galdu zuen, %16,7 Easyjetek, %8,7 Air France KLMk, eta %9,4 British Airways, Iberia eta Vueling biltzen dituen konpainiak, IAGk.  

Halaber, galera handiak izan zituzten hotelek eta turismoari lotutako beste enpresa batzuetako akzioek —Espainiako Meliak %7,43 galdu zuen, eta %8,9 Alemaniako Tuik— baita Txinako merkatuarekiko menpekotasunik handiena dutenenek ere.

Krisia erregaien kontsumoa txikitzen ari denez, behera egiten ari da petrolioa. Brent upela hiru  dolar merkatu zen, eta 55 dolarrean salerosi zen saioaren amaieran.

Kontrako bidea hartu zuten ustez aktibo fidagarriagoak direnek. Inbertsiogile izuen lehentasunen artean urrea dago, eta atzo 1.670 dolarrera heldu zen ontza, baliorik handiena 2016az geroztik.

NDFren kezka

Koronabirusak munduko ekonomiari egin diezazkiokeen kalteei buruz ohartarazi du Nazioarteko Diru Funtsak. Larunbatean, Kristalinia Georgieva NDFko zuzendariak esan zien G20ko taldekoei epidemiak 0,1 puntu kenduko ziola nazioarteko ekonomiari, eta 0,4 puntu Txinakoari, betiere gaixotasuna orain kontrolatzea lortzen bazen. Baina onartu zuen epidemia zabaltzen bada kalteak askoz handiagoak eta iraunkorragoak izango direla, Txinan ez ezik, baita beste lekuetan ere.

Lasaitasunerako deiak ere izan dira. Haien artean, Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroarenak: «Ez gaitezen gehiegi larritu burtsen erantzunarekin. [Koronabirusaren krisia] Urteko lehen hiruhilekora mugatzen bada, eragin ekonomikoa nahiko mugatua izango da. Lehentasuna herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatzea da».

Orain arte, Txinari eragin dio batez ere. Pekingo gobernuak urte berri txinatarreko oporrak luzatu ditu hainbat sektoretan, eta erdizka ari da funtzionatzen herrialdea. Lantegi asko geldirik daude oraindik ere, beste askok ez dute ohiko ekoizpena, eta salgaien eta horniduren trafikoa ez da normala. Egoera horren kaltea munduan zehar zabalduko da, Txina ezinbesteko eragilea delako nazioarteko ekoizpen kateetan.

Italiak ez du hainbesteko pisurik nazioarteko ekonomian, baina han arazoak sortzeak kalte handiagoa eragin dezake Euskal Herrian. Izan ere, Italia da merkataritza bazkiderik garrantzitsuenetako bat: hara doaz Hegoaldeko esportazioen %6,2, eta handik datoz inportazioen %5.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.