Lan istripuak

Langile bat hil da Gasteizen, eraikuntza lan batean

Asteazkenean izan zen ezbeharra, eta ostegunean zendu zen. Sindikatuek azpimarratu dute azpikontrata baterako lan egiten zuela.

Lan istripuak salatzeko mobilizazio bat, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. LUIS JAUREGIALTZO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko otsailaren 21a
13:36
Entzun

Ospitalean hil da asteazkenean Gasteizko obra batean larri zauritu zen langilea. Argitzeke daude ezbeharrari buruzko xehetasunak; CCOOren arabera, soldatze lanetan ari zen behargina, bi metroko altueran, baina bertsioak kontrajarriak dira, inork ez baitzuen ikusi zehazki zer gertatu zen. Autopsiaren zain daude.

Hildakoaren inguruko informaziorik ere ez dute zabaldu oraindik. Bilbokoa zela adierazi du CCOOk. Sindikatu horrek azaldu duenez, Estructuras Frutos enpresarentzat egiten zuen lan, eta hori, halaber, azpikontratatuta zegoen Perez San Roman enpresaren eraikuntza lan bat egiteko, Gasteizko Errege Atean.

Sindikatuen zenbaketaren arabera, urtea hasi denetik hamabi lagun hil dira lanean, eta beste bik desagertuta jarraitzen dute otsailaren 6tik, Zaldibarko zabortegian izandako luiziaren ondorioz.

ELAk eraikuntza sektoreko ezbehar tasa handia nabarmendu du, eta hori «lan baldintza gero eta prekarioagoekin» lotu du. Hori amaitzeko, «berehalako neurri publikoak» exijitu ditu. Sindikatuak, halaber, babesa eta elkartasuna adierazi die hildakoaren senitarteko eta hurbilekoei, eta lan istripuen «izurriaren aurka» mobilizatzera deitu du.

EH Bilduk adierazpen instituzional bat egiteko proposamena aurkeztu du Arabako Biltzar Nagusietan, lan istripuak salatzeko.

Beste bi istripu gaur

SOS Deiak-ek jakinarazi duenez, gaur goizean beste bi lan istripu izan dira. Duranan (Araba) bata, etxebizitza berri baten eraikuntzan; han artatu dute zauritua. Bestea Artziniegako (Araba) enpresa batean jazo da; Gurutzetako ospitalera (Bizkaia) eraman dute langilea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.