Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara zerrenda bateratuan aurkezteko «lehen akordio bat» erdietsi dute PPk eta Ciudadanosek. EAEko PPren presidente Alfonso Alonso izango da koalizioaren lehendakarigaia. PPko idazkari nagusi Teodoro Garcia Egearen eta Ciudadanoseko Ekintza Instituzionalerako idazkari Jose Maria Espejo-Saavedraren arteko bileraren ostean erdietsi dute akordioa. Aste honetan egin beharko dute ofizial, ostiralean amaitzen baita koalizioak aurkezteko epea.
Ez dute azaldu zer izenekin aurkeztuko diren, baina bi aldeek adierazi dute bihar emango dutela informazio gehiago. Bihar bilduko da Ciudadanosen Kontseilu Nagusia ere, eta han berretsi beharko dute akordioa. Alderdi horrek, beraz, onartu egin du Eusko Legebiltzarrera batera aurkezteko aukera —ez du parlamentaririk han—, Galizian gauza bera egiteko PPren ezetza jaso arren. Zerrendan UPDko kideak sartzearen aldekoa da Ciudadanos, tartean, Maite Pagazaurtundua europarlamentaria.
PSEk prest ditu zerrendak
PSE-EEko Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako exekutibek hauteskundeetarako zerrendak onartu dituzte. Idoia Mendia idazkari nagusia —lehendakarigaia da—, Eneko Andueza alderdiaren Gipuzkoako idazkari nagusia, eta Gloria Sanchez legebiltzarkidea izango dira zerrendaburuak. Zerrendok, ordea, alderdiaren batzorde nazionalak berretsi beharko ditu, ostiralean.