Maria Tardon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak behin-behinean eta baldintzapean aske utzi du David Pla euskal preso ohia, (h)Alboka auzian espetxera sartzea «neurrikoa» ez dela jota; izan ere, epaileak dio Pla orain arte azaldu dela auziko hitzorduetara Frantziako Estatuan —iazko apirilean beste auzi batean libre geratu zenetik, astean bitan sinatzera joan da Frantziako polizia etxera, Hendaian (Lapurdi), eta Parisko auzitegietara ere joan da bere aurkako euroaginduari buruzko saioetara—. Hiru orrialde eta erdiko autoa atera du Tardonek. Fiskalak ez du eskatu kartzelatzea; herri akusazioko AVT elkarteak, berriz, bai.
Espainiako Estatutik ateratzeko debekua ezarri dio epaileak. Pla Hendaian bizi da, familiarekin. «Auzi honetan justizia ez saihesteko» xedez, ezarri dizkioten neurrien artean daude pasaportea kentzea, bizitzen jartzen den tokitik gertueneko epaitegian astero sinatzea, eta, lokalizatua izateko, telefono zenbakia eta etxearen berri eman beharra. Iruñera joango da bizitzera momentuz, gurasoen etxera.
Auzitegi Nazionaletik Soto del Real espetxera (Madril) eraman dute berriro, eta handik gaur iluntzean atera da. Iruñera joango dira.
Plak goizeko hamarretan zeukan hitzordua auzitegian, 2008ko maiatzeko ustezko hitzordu bat dela medio (h)Alboka auzian deklara zezan, baina eguerdia pasatuta hartu du epaileak. 14:45 aldera jakin da libre uztea erabaki duela, Amaia Izko defentsa abokatuak BERRIAri esan dionez.
Etakidea izatea egozten diote Plari, baina Frantziak iazko otsailean akusazio beragatik epaitu —eta zigortu— zuen, eta Madrilek berez ezingo du berriro horregatik juzgatu. ETAren eta EPPKren arteko «lotura» egitea eta presoen kolektiboa «kontrolatzea» egozten diete (h)Alboka auzikoei. Pla 2008ko maiatzaren 17an Mimizanen (Landak, Frantzia) etakide batekin batzartu zela dio auzitegiak, baina Frantziako Poliziaren Zerbitzu Antiterroristaren txosten batek egiaztatua du Pla egun hartan Fresnesko espetxean zegoela, bisita batean.
Joan den ostegunean atzeman, eta atzo Espainiaratu zuen Frantziak, auzitegiek aurreko urtearen bukaeran Madrilen euroagindu eskaera bat onartu ondoren. Hendaian utzi zuen Espainiako Poliziaren esku. Ondotik, lehendabizi, Donostiako komisariara eraman zuten, eta, handik, Soto del Realgo kartzelan pasatu du gaua.
Pla 2010eko apirilean ere atxilotu zuten (h)Alboka auziko akusazioagatik, Hendaian, baina epaileak kargurik gabe libre utzi zuen handik egun gutxira.
Azkeneko aldiz 2015eko irailean atxilotu zuten, Baigorrin (Nafarroa Beherea), ETAko zuzendaritzako kidetzat jota. Berak gero jendaurrean jakinarazi zuen konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea zela.
ETAren desegitearen lehen urteurrenean BERRIAri emandako elkarrizketa
Iratxe Sorzabalen aurkako euroagindu eskaeraren saioa, martxoaren 25era atzeratua
Frantziako Dei Auzitegiak martxoaren 25era atzeratu du Iratxe Sorzabal euskal presoaren aurka gaur aztertzekoa zen laugarren euroagindu eskaera. Fiskalak eskatu du martxora pasatzea saioa. Beste euroagindu eskaeretako hitzorduetan beste fiskal bat aritu izan da. Gaur, prokudadoreak esan du aski mardula dela dokumentazioa, eta ez duela behar beste denbora izan aztertzeko. 1996an Donostiako epaitegi batean ETAren izenean lehergailu bat jartzea egozten diote Sorzabali.
Xantiana Cachenaut abokatuaren arabera, Sorzabalek 2001ean Guardia Zibilaren atxiloaldian torturapean egindako adierazpenetan oinarritzen da Madril akusazioa aurkezteko. Dei Auzitegiak orain arte onartu egin ditu hiru euroagindu eskaerak.