Kataluniako eta Espainiako gobernuak oraindik ez dute adostu noiz eta nola abiatu behar duen bien arteko elkarrizketa mahaiak. Bi aldeak negoziazioetan ari dira, eta, data adostu aurretik, Moncloako iturriek Espainiako Gobernuaren proposamenaren berri eman dute: mahaiaren lehen bilera otsailaren 24an egin nahi dute, Moncloa jauregian. Quim Torra Kataluniako presidenteak ezinegona agertu du Madrilek proposamena publiko egin duelako Generalitatearekin data bat adostu aurretik. Bere kasa jokatzen aritzea leporatu dio.
Bi gai nagusiren inguruko desadostasunak ari dira atzeratzen elkarrizketa mahaia. Batetik, mahaiaren egutegia eta gai ordena, eta, bestetik, bitartekari baten parte hartzea. Azken horri dagokionez, Espainiako Gobernuak esana du ez duela beharrezko ikusten, elkarrizketak «gardenak» izango direlako, eta herritarrek ikuskatuko dituztelako gobernuen arteko solasaldiak.
Torrak eta JxCk, berriz, bitartekaria beharrezkotzat jotzen dute elkarrizketa eraginkorra izan dadin. ERCri ere egokia iruditzen zaio bitartekari batek parte hartzea, baina ez du uste horrek ezinbesteko baldintza bat izan behar duenik elkarrizketa mahaia abian jartzeko.
Kataluniako presidenteak eragile independentistak bildu zituen astelehenean, Generalitatearen jauregian, Espainiako Gobernuarekin egitekoak dituen bileretan Kataluniako Gobernuak defendatu behar duen jarrerari buruz eztabaidatzeko. Astelehenean bertan, ERCk bi gobernuei dei egin zien lehen bilera otsaila amaitu aurretik egitera. Horretarako borondatea agertu zuen Sanchezek, otsailaren 6an, Torrarekin Bartzelonan bildu zenean. Gaur jakin denez, datorren astelehenean biltzea da Madrilen proposamena.
PATRICK SEEGER / EFE
Puigdemonten helegitea, Konstituzionalera
Espainiako Auzitegi Gorenak tramiterako onartu du Carles Puigdemont eta Toni Comin eurodiputatuek Espainiako Auzitegi Gorenaren hainbat erabakiren kontra aurkeztu zuten helegitea. Puigdemontek eta Cominek Gorenaren hainbat ebazpen salatu dituzte; zehazki, eurodiputatu kargua hartzea eragozteko auzitegiak hartutako erabakiak. Ebazpen horiek erreferentzia egiten diote Puigdemontek eta Cominek ez ziotela Espainiako Konstituzioari men egin Europako bozetan diputatu hautatuak izan ostean.
Auzitegi Konstituzionalaren esanetan, bi politikari independentisten helegiteak «garrantzia berezia» dute, «ondorio politiko orokorrak» izan ditzakeen kasu bat delako. Aldeek hiru egun izango dituzte alegazioak aurkezteko.