Euskarak, katalanak eta galizierak ez dute izan behar lanpostu publiko bat lortzeko eskakizuna, baina bai meritua, Carolina Darias Espainiako Lurralde Politikako ministroak esan duenez. Josune Gorospe EAJren Espainiako Kongresuko diputatuak kontrol saioan egindako galderari erantzunez egin ditu adierazpen horiek. Gorospek Dariasi galdegin dio zer neurri hartzen dituzten euskara estatuaren administrazioan erabiltzea bultzatzeko, eta horrek erantzun dio estatuaren erakunde guztiek «babestu eta errespetatu» behar dutela hizkuntza ondarea.
Gorospek nabarmendu du hizkuntza eskakizunik ez duen lan eskaintza publiko bat egin berri dutela, eta galdetu du ea zer neurri hartu dituzten horiek euskaraz ere artatu dezaten. «Estatuan ez dago hizkuntza nagusi bat eta beste batzuk bigarren mailakoak. Hizkuntza eta pertsona desberdinak daude, eta guztiek dauzkate hizkuntza eskubide berdinak», azpimarratu du Gorospek.
Horri erantzunez, Dariasek esan du badakitela hobetzen jarraitu behar dutela, Espainiako Gobernuarentzat hizkuntza koofizialak babestea «eginbehar bat» delako. «Hori dio Espainiako Konstituzioak, eta biztanleen eskubide bat da», zehaztu du. Horretarako, hizkuntza koofizialen kontseilua dagoela azaldu du, eta aurreratu du bere ministerioak hizkuntza koofiziala daukan autonomia erkidego batean «zentzuzko epe batean» deituko duela. Ildo beretik, Pedro Sanchezek Espainiako presidente denetik egindako lana azpimarratu du, «pauso sendoak» eman direla iruditzen baitzaio.
Gorospek gogorarazi dio Europako Kontseiluak hizkuntza gutxituei buruzko txostena kaleratu duela berriki, eta bertan agertzen dela estatuaren administrazioak «esfortzu handiagoa» egin behar duela euskararen inguruan.