Hezkuntza

Mendigorriko familiek Txibiterekin batzartu nahi dute D ereduko lerroa eskatzeko

Hurrengo ikasturtean euskaraz ikasteko sei eskaera jaso dituzte Mendigorrian, baina Hezkuntza Departamentuak ez die konponbiderik eskaini

Mendigorriko familiak eta euskalgintzako kideak, otsailaren 5ean eginiko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko otsailaren 17a
12:28
Entzun

Mendigorrian (Nafarroa), 14 matrikula eskaera jaso dituzte aurtengo aurrematrikulazio kanpainan, Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxe publikorako. Horietatik, sei izan dira D ereduan ikasteko; gainerako zortziak, berriz, beste ereduetarako (A eta G). Erdarazko ereduetan matrikula egin duten haurrak arazorik gabe hasiko dira irailean herriko ikastetxean. Euskarazkoa hautatu duten familien geroa, berriz, kolokan dago: Hezkuntza Departamentuak ez du Mendigorrian D ereduko gela bat zabaldu nahi, argudiatuta gutxienez zortzi ikasle behar direla lerro berriak ezartzeko. Hori dela eta, euskarazko eredurako sei matrikula horiek «linboan» gelditu direla salatu dute Mendigorriko familiek.

Herriko 11 familiari eragiten die Hezkuntza Departamentuaren erabakiak: aurten eskolan hasiko diren sei haurrenei (hiru urtekoak), eta heldu den urtean hasiko diren beste bostenei (bi urtekoak). Bi talde horiek batu eta hamaika neska-mutileko D ereduko gela bat osatzeko eskatu diote departamentuari —hala egin izan da, orain arte, landa eremuko hainbat eskola txikitan—, baina Hezkuntza Departamentua mutu dago oraingoz. Hala ere, Carlos Gimeno kontseilariak esana du asmoa duela ikasleen gutxieneko ratioak «zorrotz» betetzeko. Orain arte, Mendigorriko familia euskaltzaleei ematen dieten aukera bakarra da haurrak Garesko eskola publikora eramatea.

Familiek ohar bidez azaldu dutenez, Arartekoarengana jo dute laguntza eske, eta kexa tramiterako onartu diete jada. Harago joan nahi dute, ordea: Maria Txibite lehendakariarekin batzartu nahi dute, konponbide bat eskatzeko. Bilera eskatu diote dagoeneko: «Txibite presidente andreari gurekin biltzeko deia egin nahi diogu, gure egoera bertatik bertara ezagut dezan eta guztion artean konponbide logikoena eta bidezkoena lor dezagun, Mendigorrian D ereduaren linea irekitzea baino ezin baita izan». Informaziorik eza ere salatu dute Mendigorriko gurasoek: «Aurrematrikula epea amaitu eta D ereduan izena eman ondoren, oraindik ez dakigu eskaerak onartu dituzten ala ez. Inor ez da gurekin harremanetan jarri».

Iragan astean, auziari buruzko galdera egin zioten Hezkuntza kontseilariari Nafarroako Legebiltzarrean. Egoera baretu bainoago, ordea, Gimenok esandakoak familien kezka areagotu besterik ez zuen egin: «Carlos Gimeno jaunaren erantzunak ez gaitu lasaitzen, ezta konbentzitzen ere, kontrakoa baizik».

Gurasoek uste dute Mendigorrian D ereduko lerro bat zabaltzea baliagarria izango litzatekeela euskarazko hezkuntzari ez ezik herriko ikastetxe publikoari ere bultzada emateko; behin baino gehiagotan salatu dute, kontrara, herriko haurrak kanpora bidaltzeak desagertzeko bidean jarriko lituzkeela landa eremuko eskolak. Gainera, herrian D eredua ezartzearen «bideragarritasuna» azpimarratu dute gurasoek: «Azken urteotan, Mendigorriko ikasleen ehuneko oso handi bat D ereduan matrikulatzen da; 0-3 urteko udal haur eskolaren kasuan, ehuneko hori %75 ingurukoa da, eta euskarazko irakaskuntza aukeratzen du. Horrek adierazten du, bereziki, ikastetxe publikoan eskatzen den ildoaren bideragarritasuna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.