Bertan behera utzi dute Eibarren eta Realaren arteko partida

Bi taldeek jakinarazi dute Espainiako Ligaren eta Espainiako Futbol Federazioaren eskariz erabaki dutela norgehiagoka gibelatzea. Bihar jokatzekoa zuten, 16:00etan.

Realaren eta Eibarren arteko derbiaren irudi bat, lehenengo itzulian, Anoetan. JON URBE / FOKU
mikel rodriguez
2020ko otsailaren 15a
12:35
Entzun

Erabakia 15:00etan egin dute ofizial. Eibarrek eta Realak ez dute jokatuko bihar. Elkarren aurkako derbia zuten Ipuruan, 16:00etan, baina bi taldeek erran dute partida gibelatzea erabaki dutela, Espainiako Ligak eta Espainiak Futbol Federazioak hala eskatuta, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako «aholkuaren» ondoren. 

Zaldibarko zabortegiko luiziaren ondorioz, dioxina eta furano maila handiak topatu dituzte, eta Osasun Sailak atzo aholkatu zuen Eibarren, Ermuan eta Zaldibarren kirolik ez egiteko «aire librean». Izan ere, leku urbano batean egon ohi den dioxino eta furano maila baino 40-50 aldiz handiagoa topatu dute inguru horretan. Neurketak joan den igandean egin zituzten.

Hilaren 6an gertatu zen luizia Zaldibarko zabortegian. Azpian harrapatutako bi langileren bila ari dira orduz geroztik, eta inguruko udalerrietako herritarren artean kezka handia sortu du ezbeharraren ondorioz eguratsera isuri den kutsadurak.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.