Milaka lagunek ozendu dute Eitzagan mezua: «Zaldibar argitu orain!»

Iritsi dira zabortegian jazo dena guztiz argitzeko eskatzen duten hiru protestak helmugara

Zaldibarko ezbeharraren kudeaketa salatzeko manifestazioa, gaur. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2020ko otsailaren 15a
15:02
Entzun

Jendetsu abiatu dira Zaldibarko zabortegian egunotan gertatzen ari direnak argitzeko eskatzeko hiru protestak: Eibartik, Ermutik eta Elgetatik abiatu ere. Eitzaga auzoan elkartuko dira denak, hantxe baitago hondakindegia. Ibilbideek bat egin ahala, ozendu egin da protesta. «Urkullu non zaude» eta «Zaldibar argitu» leloak nagusitu dira toki askotan. Ikusi dira errausketaren aurkako hainbat mezu ere.

Zabortegia amildu zenetik desagertuta dauden langileak izan dituzte gogoan protestan, eta senideei lekua egin diete aurrean. Eusko Jaurlaritzak orain arte auzia bideratzeko hartu dituen erabakiak dudatan jarri dituzte hainbat karteletan. Ermuan, udaletxe aurretik pasatu direnean, ate joka hasi dira zenbait herritar. Ahoa estalita daramate protestan parte hartzen ari diren pertsona askok, kutsadurarekin dituzten arazoak gogorarazteko.

Zutabeetako bidea egiten ari dira oraino zabortegian piztuta dauden garretatik ateratzen den keari begira.

Izan ere, egoera nahasia bizi izan dute azken egunetan Zaldibarko zabortegiaren inguruko herrietako bizilagunek. Atzo jakinarazitako aire neurketetan furanoa eta dioxina aurkitu izanak are gehiago asaldatu ditu animoak. Osasunean izan ditzakeen eraginen gaineko kezka azaldu dute herritarrek, baita erakunde publikoen gardentasun falta ere. Horietako batzuen testigantzak jaso ditu BERRIAk.

Eibarko bizilaguna da Leire Narbaiza, eta lanera bidean egunero igarotzen da Zaldibarko hondakindegiaren albotik. Kea ikusten du goizez igarotzean, sua iluntzean. Egunotan hirian sortutako egoerak sentimendu sorta bat eragin diola azaldu du. «Ondoeza, egonezina, haserrea...», baina guztien gainetik «inpotentzia». Inpotentzia, haren esanetan, ordezkari publikoek «histeriko sentiarazi» dutelako jendea: «Dena ondo dagoela esan digute, esajeratzen dugula».

Zabortegia dagoen eremutik nahiko urrun bizi da Narbaiza, baina azaldu du egunotan eztarrian «gustu kimiko moduko bat» sentitu duela eztarrian. Usain txarrik ez, ordea. Atzo lasaitasuna berreskuratzen ari zela adierazi du, eta horregatik irekita utzi zituela etxeko leihoak egun osoz, lehen aldiz aste honetan. Horregatik, adierazi du hasieran ez zuela sinistu inguruotako airean dioxina eta furanoa aurkitu izana. Horrekin batera iritsi zen etxeak itxita mantentzeko gomendioa.

Usai txarrak eta arnasteko zailtasunak nabariagoak izan dira, ordea, Zaldibarren. Gainera, bereziki egun txarra izan zen atzokoa, haizeak herrirako norabidea hartu baitzuen. Herriko Eitzaga auzokoa da Oskar Morales, eta «ulertezintzat» jo du atzo arte airearen eta uraren kalitatearen inguruko informaziorik ez izatea. Azaldu du horrek agintari politikoenganako «mesfidantza handitu» duela. Izan ere, horietako batzuekin bilduta zeudela izan zuten aireko azken neurketen berri: «Orain arte ona zela esan ziguten, ba».

Horrek guztiak «kezka» eragin dio Haritz Gallastegiri. Elgetakoa da, eta azaldu du azken egunetan usain txarra nabaritu duela. Adierazi du ezin duela ziurtasunez zabortegiarekin lotu, baina sortu den «ezjakintasunak» harekin lotzera bultzatzen duela. Haren esanetan, kaleko elkarrizketetan «lehentasunezko gai» bihurtu da ezbeharra, jendeak «informatuta egoteko gogoa» baitauka.

Inguruko jendeak galdera asko ditu, Narbaizaren esanetan, eta politikariek «gaizto» jokatu dute horiei erantzuteko orduan. «Non daude politikariak aurpegia emateko?», kexu da: «Desagertuta daude». Ezinegon horren ondorioz, asteburuan herritar asko kanpora joango direla uste du, «egun-pasa bada ere». Izan ere, egunerokoan eragina izan du ezbeharrak. Eguraldi eguzkitsuarekin jende andana gerturatu ohi da Aixolako urtegira, besteak beste, inguruan lasterka egitera, baina, Moralesen esanetan, «gaur ez dira hamar lagun ere pasatu». Autorik ere ez omen zen inguruan.

Moralesen ustez, erakunde publikoek ez dute egoeraren jarraipen on bat egin, «gain hartu die». Hori arrazoitzeko ere hainbat adibide eman ditu: «Inguruko baserritar bati zisterna bat jarri zioten atzo, haren baserri inguruko ura edan ezin delako, baina oraindik konektatu gabe du».

Denek ere presente dituzte oraindik zabortegian desagertuta dauden bi langileak. «Ez da gurea bakarrik, bi langile daude hondakinetan», esan du Gallastegik.

Protesta, dantzan

Eibarko inauterien barruan, ohitura dira koko dantzak. Urtero eremua txandakatuz, baserriz baserri joan ohi dira dantzariak. Zabortegiko ezbeharrak, ordea, ia ikuskizun gabe utzi ditu baserritarrak. Oier Araolaza dantzariak azaldu du egitasmoa bertan behera uztekotan egon zirela, baina baserritarrekin «elkartasunez» eta «begirunez» aurrera egiteko erabakia hartu dutela: «Protesta zentzua ere eman nahi izan diogu aurtengoari. Kritika sozial eta politikoa beti egon da inauterietan».

Arrate inguruko baserrietan aritu dira dantzan, Zaldibarko zabortegitik nahiko urrun, baina han ere antzeman dituzte ezbeharraren ondorioak. Araolazaren esanetan, baserritarrek euren kezta azaldu dute, haraino ere iritsi baitira «kiratsa eta kea». Izan ere, «haiek ez dute aire zabalean egon eta lan egitea beste erremediorik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.