Zaldibarko hondakindegiko ezbeharraren harira ezagutarazi diren azken datuen ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi du aire zabalean egin beharreko eskola kiroleko jarduerak bertan behera geratu direla Mallabian, Ermuan eta Zaldibarren. Aurretik, Eibarko Udalak bertan behera utzi zituen Unbe kiroldegian gaurko programatuta zeuden kirol jarduerak. Erabakiak bat egiten du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eginiko gomendioekin: ez aireztatu etxeak eta ez egin kirolik aire zabalean. Atzo, Jaurlaritzak jakinarazi zuen dioxina eta furano maila altuak daudela inguruan, hainbat egunez airearen kalitatea ona zela esan ostean. Otsailaren 9an eginiko neurketak dira horiek.
Eskola kirola bertan behera geratu den bezala, berdin gera daiteke goi mailakoa ere. Eibarren eta Realaren arteko derbia Ipuruan jokatu edo ez erabakiko dute gaur Ligak eta Espainiako Futbol Federazioak. Horrek atzo adierazi zuen zain egongo direla erabakia hartzeko, «airearen baldintzak hobera aldatzen diren ikusteko»; jokatuz gero, bihar jokatuko lukete, 16:00etan.