Luizia Zaldibarren

Dioxina maila handiak atzeman dituzte Zaldibarko zabortegiaren inguruko airean

Otsailaren 9an egin zuten neurketa baten emaitza iritsi da gaur, bost egun geroago: dioxina eta furano tasak zentro urbano batean egon ohi direnak baino 40-50 aldiz handiagoak dira. Etxeko leihoak ahalik eta gutxien irekitzeko, eta ariketa fisikoa ahal bada ez egiteko eskatu du Osasun Sailak.

Erretzen jarraitzen du Zalibarko zabortegia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Gotzon Hermosilla - Edu Lartzanguren
2020ko otsailaren 14a
07:07
Entzun

Presazko prentsaurreko batera deitu du Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral iluntze honetan: 19:00etan igorri du 19:30erako deialdia. Jakinarazi du dioxina eta furano maila handiak topatu dituztela Zaldibarren joan zen ostegunean jausi zen zabortegiaren inguruko airean, gerora piztutako sutearen eraginez. Plastikoak erretzean sortzen dira partikula horiek.

Neurketa otsailaren 9an egin zuten, igandean. CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak egin du Jaurlaritzak igorritako laginen azterketa, eta gaur iritsi da emaitza: dioxina eta furano tasak hirigune batean egon ohi direnak baino 40-50 aldiz handiagoak dira, Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak azaldu duenez. Harekin, Juan Jose Aurrekoetxea Osasun Publikoko zuzendaria ere prentsaren aurrera agertu da. Parametro ohikoena da metro kuboko 10 eta 40 zentigramo artean izatea dioxinak airean; zabortegitik gertuen dagoen auzoan, metro kuboko 700 zentigramo neurtu dituzte.

Arduradunek lasaitasun mezua eman nahi izan dute: nabarmendu dute gai toxiko horiek arriskutsuak izan daitezkeela epe luzera soilik, eta metatzen badira. Gogorarazi dute OME Osasunaren Mundu Erakundeak kutsatzaile horientzat ez daukala ezarrita kaltegarritzat hartzeko erreferentziazko kopururik, baina, zuhurtasun printzipioari jarraituz, prebentzio aholku batzuk eman dituzte: etxeak ahalik eta gutxien egurastu —batez ere, gauez leihoak itxita eduki— eta kanpoan ariketa fisiko handirik ez egitea. Zaldibar, Ermua eta Eibarko herritarrei eman dizkiete aholku horiek.

Eskola Kirolako ekitaldiak bertan behera utzi dituztela jakinarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Eta kirolik ez egiteko aholkuak eragina izan dezake Eibarrek eta Realak igandean Ipuruan jokatzekoa duten partidan ere. Berraondok esan du Espainiako Ligak eta Federazioak erabaki beharko dutela horren inguruan, Jaurlaritzak ez duelako horren gaineko eskumenik, baina oraindik ez dietela txostena bidali. Espainiako Ligak, federazioek eta taldeek larunbatean erabakiko dute zer egin.

Izan ere, futbol zelaia zabortegitik bi kilometro eskasera dago, eta gertu dauzka hainbat hirigune, Bizkaian eta Gipuzkoan: Ermuko erdialdea zabortegitik 1,5 kilometrora dago, Eibarko hirigunea bi kilometrora, eta Zaldibarko hirigunea lau kilometrora, Elgeta bezala. Apur bat urrutiago daude Mallabia (5 km), Bergara (6 km), Elorrio (8 km), Berriz (8,5 km), Soraluze (9 km), Elgoibar (10 km) eta Durango (13 km).

Zabortegitik hurbilen dauden hiru herrietan, Ermuan, Eibarren eta Zaldibarren, 46.000 pertsona bizi dira denera.

Gorputzean metatzeko arriskua

Plastikoak, PVCa eta bestelako hondakinak erretzean aireratzen dira dioxinak. Arriskutsuak dira, gorputzean metatu egiten direlako. Gorputzak denbora luzea behar du kanporatzeko, eta ia ezinezkoa da gorputzean sarturiko dioxinak guztiz kanporatzea, Eduardo Rodriguez Farre medikuak BERRIAri elkarrizketa batean azaldu zionez. Dioxinak gantzean pilatzen dira, eta «kutsadura neurtzeko adierazlerik onena bularreko esnea da», esan zuen adituak. Izan ere, gantzean pilatzen diren dioxinak esnera igarotzen dira ama bularra ematen hasten denean. «Eta hor dago paradoxa, edoskitze garaian jasotzen baitugu dioxina gehien».

Ikerketen arabera, dioxinek alterazio endokrinoak eragiten dituzte, eta horiek hormonen ohiko garapena aztoratzen dute. Kutsadurak eragina du ezagutza kognitiboetan eta garapen neurologikoetan, batez ere ume txikietan. Luzera begira, Rodriguezen arabera betiere, tumoreak garatzen dira gorputzeko atal ugaritan: laringean edo pankreasean, adibidez. Lehen ondorioak hiru-bost urtean hasten dira azaleratzen.

Ostiralean, 23:00 aldera hasi zen sua zabortegian, luizia gertatu eta biharamunean. Geroztik, ezin izan dute gelditu, astebetez, eta zakarrak erretzen jarraitzen du. Urarekin amatatzen saiatu ziren hasieran, baina horrek luizi gehiago eragiteko arriskua handitu zuen, ura zaborra gehiago desegonkortzen ari zelako. Urarekin barik hondarrarekin itzali beharko dutela esaten hasi dira teknikariak azken orduetan.

Airearen egoera, berriz, larunbatean hasi ziren neurtzen. Harrezkero Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eman dituen eguneroko oharretan, airearen kalitatea normala dela esan izan du; gaur arte. Ostegunean jakinarazi zuten parametroren batean ari zirela ezohiko kopuruak jasotzen. Herritarrek sumatzen duten usain txarraren jatorria, berriz, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak izan daitezkeela adierazi zuten.

Inguruko baserritarrei esan diete ez jateko eta ez saltzeko baratzeko produkturik. Horrez gain, euren iturrietako urik ez edateko, harekin janarik ez prestatzeko eta animaliei ez emateko esan zieten inguruko baserritarrei aste hasieran. Animaliei ere azterketak egiten ari zaizkie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.