Euskara

Nafarroako hamar ikasletik hiruk ikasiko dute euskarazko D ereduan

Euskarazko D ereduak %30eko langa gainditu ezinik dabil oraindik ere. Hiru urteko ikasleen %63k ikasiko dute ikastetxe publikoren batean.

Haur batzuk ikasgelan, artxiboko argazkian. ARIZ LOIOLA, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko otsailaren 13a
09:15
Entzun

Nafarroako aurtengo aurrematrikulazioko kanpainako datuek azken urteetako joera berretsi dute: D ereduan ikasiko dute hamar haurretik hiruk, euskara irakasgai duen A ereduan hamar haurretik bik, eta erdara hutsezko ereduan hamar haurretik bostek. Beraz, Nafarroako ikasle berrien erdiek ez dute euskara ikasgai gisa ere izango.

D ereduak %30eko langa gainditu ezinik dabil oraindik ere. Alta, azken urteetan, G eredua ari da pixkanaka gora egiten. Gorakada horren oinarrian PAIren gisako ingeles programak daude. Erdarazko ereduko ikasleen %3k soilik izango dute gaztelania irakats hizkuntza bakar gisa; gainerakoek ingelesez eta gaztelaniaz ikasiko dute. Denera, hizkuntza eredu guztietako ikasleen %64k izango dute PAI programa ikasgelan.

Nafarroako ikasleek joan den astean izan zuten aurrematrikulatzeko aukera, otsailaren 3tik 7ra. Denera, hiru urteko 5.676 haur aurrematrikulatu dituzte, iaz baino berrehun haur gutxiago. Hiru urteko haur horietatik %63k ikasiko dute ikastetxe publikoren batean, iaz baino %2 gehiagok. Itunpeko bortz ikastetxetan —Iruñeko lautan eta Tuterako batean— toki falta izan dute, eta bihar eginen dute horien zozketa.

Sesmaren dimisio eskaria
Iruñeko Udaleko EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik Fernando Sesma Navarra Sumako Hezkuntza zinegotziari dimititzeko eskatu diote, informazioa ezkutatzea leporatuta. Udala haur eskoletan matrikulatzen diren haurren hizkuntza ereduen gaineko inkesta bat egiten ari da, «zinezko eskaria» zein den jakiteko, eta oposizioko hiru alderdiek salatu dute Sesmak inkestaren datuak ezkutatu dizkiela, nahiz eta legeak ematera behartu. Hiru alderdien arabera, azken bi batzarretan eskatu dizkiote inkestaren inguruko datuak Sesmari, baina hark ez du daturik zabaldu.

Navarra Suma buru duen udalbatzak erdira murriztu nahi du Iruñeko haur eskoletako euskarazko eskaintza. Egun, lau haur eskolatan dago euskarazko eredua, eta udal gobernuaren helburua da bitan kendu eta gaztelaniazkoa bakarrik mantentzea. Aldaketarekin bat, hizkuntza ereduen inguruko inkesta bat ere egiten ari da udala, «benetako euskarazko eskaria» zein den jakiteko asmoz. Inkesta horren inguruko datuak eta xehetasunak eskatzen ditu oposizioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.