Hilberria

Joxe Mari Auzmendi hil da, Hik Hasi-ren sortzaileetako bat

Minbiziaren ondorioz hil da, gaur. 'Hik Hasi' aldizkariaren eta egitasmo pedagogikoaren bultzatzaileetako bat izan zen.

Joxe Mari Auzmendi, 2018an. JON URBE / FOKU
2020ko otsailaren 13a
17:15
Entzun

Joxe Mari Auzmendi hil da. «Hik Hasi-ko arima», Hik Hasi-k berak heriotzaren berri emateko bere webgunean adierazi duenez. Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren eta hark argitaratzen duen Hik Hasi aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen, baita koordinatzailea ere, hainbat urtez.

Azkaraten sortu zen (Nafarroa), 1964an, eta minbiziaren ondorioz zendu da, gaur.

Pedagogiari buruzko gogoetak bultzatzen ditu Hik Hasi-k bere argitalpen eta jardunaldietan, eta, egitasmoak berak bezala, gaur egungo hezkuntza ereduari buruzko ikuspegi kritikoa zuen Auzmendik ere. Hik Hasi-k argitaraturiko Euskal Herrian erreferente diren pedagogoak liburuaren arduradunetako bat izan zen, esaterako, eta horri buruz iaz BERRIAk egin zion elkarrizketan adierazi zuen metodologia tradizionalak indar handia zuela gaur egun: «Oraindik ere metodologia tradizionalak indar handia du hezkuntzan, baina gure fokua irakaskuntza aurrerakoia da». Ikasleak erdigunean jartzearen aldeko teoriak bildu zituzten liburuan, besteak beste.

Ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza proiektua garatzeko eskubidea defendatzen zuen, eta uste zuen eskola guztiek izan beharko luketela hezkuntza publikoaren parte, pedagogia berritzailea erabiltzen duten eta aitortuta ez dauden eskolak barne. Hezkuntza komunitateak hezkuntza proiektuan parte hartzearen alde egiten zuen. Honela esan zion BERRIAri 2018an egindako elkarrizketa batean: «Komunitateak ez badu erabakitzeko ahalmenik, ez da proiektuaren parte sentitzen, eta besteen esku uzten dituzte egitekoak. Antolaketa leku zentralizatu batetik egiten bada, hara bideratuko ditugu erantzukizun eskaerak, eta, sarri, guri dagozkigu ardura asko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.