GIZARTEA

LOMCE bertan behera uzteko «beharra» berretsi dio Uriartek Zelaari

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Espainiako Hezkuntza ministroak bilera egin dute Madrilen.

Uriarte eta Zelaa Madrilen, gaur. IREKIA
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 13a
14:00
Entzun

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak bilera egin dute Madrilen. Jaurlaritzak bidalitako oharrararen arabera, hainbat gairi buruz mintzatu dira bi buruzagiak, baina, batez ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza legea izan dute hizpide. Uriartek berretsi dio Zelaari LOMCE legea bertan behera uzteko. «Lege horren edukietako askok Euskadik hezkuntza arloan dituen eskumenak urratzen dituzte». PSOEk eta UP Unidas Podemosek hitzartutako gobernu programak, hain zuzen, hezkuntza erreformatzeko Espainiako Gobernuak 2013an onartutako lege hori bertan behera uztea du asmo.

Beka sistemaz ere hitz egin dute. Uriartek salatu du horren bueltan sortutako «judizializazioa», eta gogorarazi dio Zelaari Estatuko Abokatutzak helegiteak jarri izan dituela sistemaren aurka. «Eusko Jaurlaritzarentzat oso larria da, oraindik ere, bekak kudeatzen 30 urte baino gehiago igaro ondoren, euskal gizarteak bere buruari eman dion beka sistema uniformizatu nahi izatea». Horrenbestez, «eztabaida lasaia, gogoetatsua eta arduratsua» aldarrikatu ditu Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak.

Gainera, «kezka» eta «gaitzespena» agertu dizkio Zelaari, «Hezkuntza ministerioak BAME barruko mediku egoiliar bakarra bultzatzeko asmoa» duelako. «Jaurlaritzak ez du ekimen horren inguruko informaziorik; hedabideen bidez ezagutu duena soilik». Irakasleen prestaketa hobetzearen «garrantzia» nabarmendu du Uriartek, «baita beti ere leku bakoitzeko errealitatea kontuan hartuta, uniformizatu gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.