«Jendea nekatuta dago, eta iristeko eta atseden hartzeko gogoz». Iñigo Mijangos Itsas Salbamendu Humanitarioko presidenteak jakinarazi du gaur goizean hasi direla erreskataturiko 158 lagunak Messinako portuan lehorreratzen (Sizilia). Gizonezkoak dira gehienak, baina emakumeak eta adingabeak ere «asko»: «Ia herenak adingabeak dira, eta horietatik 34 helduen laguntzarik gabe etorri dira». Haurdun zeuden hiru emakume ere baziren tartean. Askotariko jatorri eta egoeretatik etorritakoak direla nabarmendu du Mijangosek, baina gehienek ibilbide «oso gogorrak» dauzkatela: «Gerratik ihesi datoz, bortizkeriatik ihesi, miseriatik ihesi».
Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontziak bi erreskatetan bildu zituen lehorreratzen ari diren 158 migratzaileak. Igandean egin zuen erreskateetako bat, Mediterraneoan, eta 93 lagun jaso zituen; beste bat egin zuen astelehenean, eta 65 lagun hartu zituen. Asteburuan salbatutakoek ordu asko zeramatzaten itsasoan, aski «kaskarra» zen txalupa batean; asteleheneko operazioan erreskatatu zituztenak itsasoa zakartzen ari zen une batean aurkitu zituzten. Lehenengo txalupan jasotakoak Afrikakoak dira ia denak; bigarrengoan hartutako gehienek Bangladeshen dute jatorria. 150 lagunentzat prestatuta dago ontzia, eta, beraz, bete-betea egon da.
Erreskateak «nahiko errazak» izan direla zehaztu du Mijangosek, eguraldia lagun izan dutela, baina bidaia egitea ez dela erraza izan: «Itsasontzia bere ahalen mugan zegoen espazioari zegokionez, eta ontzia egun pare bat egoteko dago prestatua» —lau egun igaro dituzte porturatu arte—. Segurtasunari dagokionez ondo ibili diren arren, hainbeste jende egotea pixka bat «deserosoa» izan dela nabarmendu du, eta neguak ez duela laguntzen: «Hotz zegoen, eta jendea ahul zegoen aurretik, gaizki elikatuta... Guretzat deserosotasuna dena haientzat zerbait gehiago da». Tarteka busti ere egin direla azaldu du, olatuen eta haizearen ondorioz.
Itzulketak, momentuan
Itsas Salbamendu Humanitarioko presidenteak salatu du momentuan bertan eta mugan itzulketak egiten saiatzen ikusi dituztela Libiako eta Maltako patruilak: «Egun batean testigu izan ginen nola Maltako aire indarrek informazioa ematen zieten patruilari libiarrei, eta nola Libiako patruilak Maltaren ardurapean dauden uretan sartzen ziren hamabost miliaraino, itzulketa bat egiten saiatzeko». Aita Mari ontzia han zebilela ikusita, azkenean Maltakoak egin ziren ontziaren kargu. «Baina, dena den, ez du zentzurik Libiako patruilari bat Maltako uretan 15 milia aurrera sartzeak. Eta, aldi berean, Maltako patruila ontzia gelditzen ari zen, laguntzarik eman gabe».
Agintariek informazioa daukatela eta bertze alde batera begiratzen dutela salatu du Mijangosek. «Sorospen betebeharra ez dira betetzen ari, ezta asiloa eskatzen ari diren pertsona errefuxiatuei laguntzearena ere. Eta, azken finean, giza eskubideak urratzen ari dira».
Urtarrilaren 30etik uretan
Erromak asteartean eman zion Aita Mari ontziari Messinan lehorreratzeko baimena, eta gaur iritsi da portura, azkenean. Poliziak eta osasun zerbitzuetako langileak joan dira hara, migratzaileei osasun azterketak egitera, eta, ondoren, hain segur Italiako lehen harrerako zentro batera eramanen dituztela azaldu du Mijangosek. Aita Mari ontziko boluntarioak, berriz, atseden hartzera joanen dira egun batzuez, beranduago berriro erreskate lanei ekiteko.
Urtarrilaren 30ean atera zen ontzia salbamendu lanetara, Atenastik. Iazko azaroaren 22an, aurreko operazio batean, beste 78 migratzaile erreskatatu zituzten, eta, handik egun batzuetara, Siziliako Pozzalloko portuan lehorreratu zituzten. Garai batean atunontzi bat zen, eta, gaur egun, prestatuta daukate erreskate lanak egiteko.
Ontziko buruzagiek aurreko erreskatea bukatu eta berehala azaldu zuten jardunean jarraitzeko asmoa, eta Euskal Herrira ez itzultzekoa; izan ere, Espainiako agintariek itsasoratu ahal izateko eman zieten baimenean ez du propio jartzen erreskateak egin ditzaketenik, eta horrek aparteko kezka sortzen die. Ohartarazpen bat du baimenak: «Ezin du alderrai nabigatu erreskateak egiteko».