Enpresak

Euskaltelek Virgin marka erabiliko du Espainian zabaltzeko

Hitzarmena sinatu du Ingalaterrako telekomunikazio enpresarekin. Euskal Herrian, Euskaltel markari eutsiko dio.

Josh Baylliss (Virgin) eta Jose Miguel Garcia (Euskaltel). EUSKALTEL
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 12a
11:59
Entzun

Euskaltelek gaur jakinarazi du marka lizentziaren hitzarmena sinatu duela Virgin taldearekin, Espainian Virgin marka erabiltzeko. Euskalteleko akziodun nagusia, Zegona Erresuma Batuko funtsa, Virgineko akziodun ere bada.

«Hitzarmena sinatzea mugarri garrantzitsua da Euskaltelentzat. 2019ko abenduan sinatu ziren handizkako sarbide akordioen hobekuntzari esker, Euskaltelek estatuan hedatzeko planerako behar dituen elementu guztiak ditu orain. Plan horren bidez, gaur egun oraindik ez dagoen Espainiako merkatuaren % 85era iritsiko da Euskaltel, eta eskualde horietako bezeroei kalitate handiko eta balio handiko Quadruple Play zerbitzua eskainiko die, Euskaltelen gaitasun aurreratuak aprobetxatuz», azaldu du euskal konpainiak, agiri baten bidez.

Haren esanetan, «munduko marka ezagun eta errespetatuenetako bat da Virgin, eta Espainian %75etik gorako marka aintzatespena du». Virgin taldea Richard Bransonek sortu zuen,1970ean, eta sektore askotan aritzen da, hala nola telekomunikazioetan, bidaietan, garraioan, finantza zerbitzuetan, aisialdian, entretenimenduan eta osasunean. Gaur egun, taldeak 60 negozio baino gehiago ditu Virgin markarekin, 35 herrialdetan. Virginek telekomunikazioetako hamabost milioi bezero baino gehiago ditu mundu osoan; besteak beste, Erresuma Batuan, Estatu Batuetan, Frantzian, Australian, Mexikon, Kolonbian eta Txilen.

Euskaltelek lortzen dituen bezeroen arabera ordainduko dio Virgini: gero eta gehiago lortu, orduan eta gehiago pagatuko du.

Virgin marka ez ezik, Euskaltel taldeak beste hiru marka ere erabiliko ditu: Euskaltel Hego Euskal Herrian eta Errioxan, Telecable Asturiasen, eta R Galizian. Euskaltelek ez du argitu zer gertatuko den Katalunian, han RACC aseguru etxearekin akordio bat egin baitzuen 2018an, RACCtel izenarekin aritzeko. Martxoaren 10ean emango ditu xehetasun gehiago, orduan jakinaraziko baitu bere negozio plana.

Egoitza, Bizkaian

Espainian zabaltzea «premiazkoa eta derrigorrezkoa» dela esan izan du Jose Miguel Garcia Euskalteleko kontseilari ordezkariak. Edonola ere, aurrerantzean ere Zamudioko parke teknologikoan egongo da egoitza, eta ez da Madrilera lekualdatuko, Garciak ziurtatu duenez.

Euskaltelek Orangeren zuntz optikoko sarea eta telefonia mugikorrarena erabiliko ditu bere hedapenean, abenduan horretarako akordioa egin baitzuen France Telecom taldearen enpresa horrekin.

Espainia osora zabaltzeko estrategiaren atzetik Euskaltel taldeko zuzendaritza berria dago. Ekainean, Zegona Erresuma Batuko funtsak konpainiaren kontrola eskuratu zuen, eta hark jarri zuen gidaritzan  Garcia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.