Aita Mari ontziak bi erreskate egin ditu azken egunetan, eta, azkenean, Erromak baimena eman dio 158 migratzaile Italiako portu batean lehorreratzeko, Ane Irazabal kazetariak Twitterren zabaldu duenez. Gaineratu duenaren arabera, egun bat beharko du Messinako (Sizilia) portura heltzeko. Oraintxe, Lampedusa uhartearen hegoaldean dago.
Ontzia bete-beteta dago. Mediterraneo erdialdean 93 lagun erreskatatu zituen igandean, eta beste 60 atzo eguerdian. Eskifaiako kideek jakinarazi dutenez, denak ondo daude. Erreskatatutakoen artean 51 adingabe daude, eta haurdun dauden hiru emakumezko. Asteburuan salbatutakoek ordu asko zeramatzaten itsasoan, aski «kaskarra» zen txalupa batean; atzoko operazioan erreskatatu zituztenak itsasoa zakartzen ari zen une batean aurkitu zituzten. Lehen txalupan jasotakoak Afrikakoak dira ia denak; bigarrengoan hartutako gehienek Bangladeshen dute jatorria. 150 lagunentzat prestatuta dago ontzia, eta, beraz, beteta dago.
Urtarrilaren 30ean atera zen ontzia salbamendu lanetara, Atenastik. Iazko azaroaren 22an, aurreko operazio batean, beste 78 migratzaile erreskatatu zituzten, eta, handik egun batzuetara, Siziliako Pozzalloko portuan lehorreratu zituzten. Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak kudeatzen du ontzia; garai batean atunontzi bat zen, eta, gaur egun, prestatuta daukate erreskate lanak egiteko.
Ontziko buruzagiek aurreko erreskatea bukatu eta berehala azaldu zuten jardunean jarraitzeko asmoa, eta Euskal Herrira ez itzultzekoa; izan ere, Espainiako agintariek itsasoratu ahal izateko eman zieten baimenean ez du propio jartzen erreskateak egin ditzaketenik, eta horrek sortzen die aparteko kezka. Ohartarazpen bat du baimenak: «Ezin du alderrai nabigatu horren bidez erreskateak egiteko».
Euskal Herritik alde egin aurretik, saiatu ziren horrelako mugarik ezarriko ez zien baimen bat lortzen, baina ez zuten lortu, eta horregatik ez dute nahi Espainiako administrazioaren peko kai batera itzuli, gero berriz itsasoratzeko arazoak izan ditzaketelako. Onartu dute, hala ere, Espainiako Gobernuak ez diela inolako isunik edo ondoriorik ezarri azaroan egin zuten erreskatearen harira. Espainiako Itsasoko Zuzendaritza Nagusitik telefono dei bat jaso zuten erreskate hura egin ostean: errieta egin zieten, baina hortik apartekorik ez dute izan. Esperantza azaldu dute, gainera, Espainian eratu den gobernu berriaren jarreraren inguruan; traba gutxiago jarriko dizkiela pentsatzen dute.
Horiek horrela, azken operazio hau hasi aurretik onartu zuten «alde administratibotik» lasaiagoa izatea espero zutela. Era batean edo bestean, irmo eutsi nahi diote beren egitekoari: erreskateak egin nahi dituzte. Hornidura lanak-eta egin izan dituzte, errefuxiatuen guneetara materiala eramatera-eta joan dira, baina ontzia, ororen gainetik, erreskate lanak egiteko prestatuta dago, eta jarduera horretan jarraitu nahi dute. Horregatik, ez dute argi noiz itzuliko diren Euskal Herrira . «Espainiako agintariek inolako eragozpenik jarriko ez dutela bermatzen ez duten bitartean, ez gara itzuliko. Ez dugu nahi traba gehiagorik», adierazi zuen ontzia kudeatzen duen elkarteko lehendakariorde Iñigo Gutierrezek joan den hilean BERRIAn.
Libiaren jarreraren aurka
Gobernuz kanpoko erakundeko arduradunek, erreskate berrion harira, gogora ekarri dute inguruan portu seguruak Italian eta Maltan soilik daudela. Usu adierazi dute ez dutela aintzat hartuko Libiara joateko hauturik, errefuxiatuen eskubideak babesteko oinarrizko eskubideak ez direlako bermatzen herrialde horretan. Oroitarazi dute, gainera, Europako Batasuneko buruzagiek bermatu behar luketela salbamendurako sistema egoki bat Mediterraneoan; izan ere, salatu dute gaur egun eginkizun hori Libiaren ardurapean uzten dela. «Eta argi geratu da herrialde horrek ez duela ahalmenik kostazain talde bat kudeatzeko eta erreskate operazioetan eskatzen diren oinarrizko irizpideei behar bezala erantzuteko».
Ontzira heldu zirenak artatzen eta haiei buruzko datuak jasotzen eman zuten atzo arratsaldea, eta portu seguru batera heltzeko era izan behar zutela gogora ekarri zuten. Adierazi zuten, gainera, itsasontziko kapitainak eskubidea duela gertuen dagoen portu segurura joateko; nazioarteko araudiak bermatutako eskubide bat dela azaldu zuten. Izan dira portu seguru batean lortzeko baimenaren zain itsasoan denbora luzean egon behar izan duten ontziak, eta, jendez beteta, egoera zailetan egon dira hainbatetan.
Gainerako ontziekin batera
Erreskate lanak, itsaso zabalean, aski zailak dira; izan ere, ehunka mila milia arakatu behar izaten dira, txaluparen bat noiz agertuko. Mediterraneoan antzeko jardueretan ari diren gainerako erreskate ontziekin koordinatuta aritzen direla azaldu izan dute Aita Mari ontziko buruek, eta laguntza bakarra beste boluntario sareen bidez lortzen dutela. Gainerakoan, agintariak mutu daude. Gutierrezek argi esplikatu izan ohi du egoera, arranguraz: «Lehen, agintariek abisuak ematen zituzten txalupen inguruan; egun, ez. Dena dakite; ingurua dronez josita dago, eta hegazkinez. Beraz, dena dakite, baina ez dute deus esaten». Behin lehorrean, beren lana hor bukatzen da; aurreko operazioaren ostean, adibidez, atxikitze zentro batean utzi behar izan zituzten migratzaileak, eta orain dela gutxi arte bederen, han ziren oraino.
Aita Mari berriki joana zen itsas zabalera; lehengo astean Tunisiako kostaldera joan behar izan zuten, denboraleak behartuta.