«Egunotan ez duzu sentitu Zaldibarrera joan beharrik?», galdetu diote Iñigo Urkullu lehendakariari, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak apirilaren 5ean egingo direla iragartzeko antolatu duen prentsaurrekoan. «Twitterren antolatzen diren kanpainengatik, ez», erantzun du Urkulluk. Izan ere, sare sozialetan askok aipatu du azken egunotan lehendakariaren eta haren gobernuko goi agintarien «isiltasun sorgarria», Zaldibarko zabortegia burrunba handiz jausi zenetik. Gaur arte, Jaurlaritzako inolako arduradun nagusik ez du adierazpenik egin gaiaren inguruan, nahiz eta bi langile desagertu diren, erreskate lanak amiantoarengatik gelditu diren, Gipuzkoa eta Bizkaia lotzeko autobide nagusia kaltetu den eta inguruko herritarrek beldurra airean usaindu duten.
Hedabideetan ia egunero agertu ohi diren arduradunak ere mikrofono eta kameretatik urrun egon dira egunotan. Hau da, haietako nagusien agenda, hondamendiaren ondoren.
Iñigo Urkullu – lehendakaria
Agenda betea izan du Urkulluk Gabonetako oporretatik itzuli ostean. Asteburuak kontuan izan gabe, bi dira zurian agertzen diren egunak haren agendan. Zaldibarkoa gertatu zenetik, ordea, ez du agerraldirik egin, gaur arte. Europako Kontseiluko GRECO Ustelkeriaren Aurkako Estatu Taldea taldeko arduradunak hartu ditu goizean. Arratsaldean, prentsaren aurrean agertu da, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 5ean egingo dituztela iragartzeko. Hor erantzun behar izan ditu zabortegiko luiziaren auziari buruzko galderak. Erantzun du Zaldibarren ez dela egon ez zuelako «eszenifikaziorik» nahi, baina gertaeraren berri eduki bezain pronto antolatu zuela krisi kabinetea.
Twitterren ere maiz ematen du bere bileren berri, besteak beste. Baina asteazkenetik ez du mezurik idatzi sare sozialean, Kale Dor Kayiko ijitoen kultur elkartearen 30. urteurreneko ekitalditik. Ondorioz, ez du aipatu ere egin Zaldibarko zabortegiko ezbeharra.
Urkulluren Twitterreko jarioa: ez dago mezurik otsailaren 5etik otsailaren 10era arte.
Josu Erkoreka – Eusko Jaurlaritzako bozeramailea
Public sector integrity: GRECO standards jardunaldiaren inaugurazioan izan da gaur Erkoreka, baina ez du gaiaren inguruko adierazpenik egin. Aste honetarako beste bi ekitaldi bakarrik dauzka ezarrita, lerrook idazteko orduan: Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Publikoaren batzordearen bilera, asteazkenean, eta Herri Dirubideen Euskal Kontseiluarena, ostegunean. Edonola ere, Urkulluren atzean egon da, gainerako sailburuekin batera, hauteskundeen inguruko gaurko prentsaurrekoan.
Erkoreka bera izan da asteburuan zeresanik handiena eman duen gobernukidea. Izan ere, politikariak Anbotoko tontorrean eginiko argazki bat erakutsi zuen bere Twitter kontuan, larunbatean, «Goizean goiztik Anbotoren magalean euri-fronteari aurrea hartzen» testuarekin. Mezuak eragindako kritiken ondorioz, ezabatu egin zuen minutu batzuk geroago. Hori kontuan hartzen ez bada, otsailaren 6an idatzitakoa da Erkorekaren azken mezua —Gregorio Ordoñezen omenez legebiltzarrean eginiko minutuko isiluneaz—. Ordutik, hainbat politikariren mezuak birtxiokatu ditu. Zaldibarko ezbeharraren jarraipena egin duen goi kargudun bakarra ere izan da. Ertzaintzaren mezuak zabalduz egin du, berak hitza hartu gabe.
Iñaki Arriola - Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburua
Ingurumen sailburua izan arren, Arriolak ez du inongo azalpenik eman Zaldibarren gertaturikoaz, gaur arte. Bere aurreko azken agerraldia joan den osteguneko Eusko Legebiltzarreko kontroleko osoko bilkura izan zen —ezbeharra gertatu aurretik—. Aurreko astean bi agerraldi besterik ez zuen egin. Josu Erkorekarekin batera irten zen gobernu bilera osteko prentsaurrekora, asteartean. Asteazkenean, berriz, Basauriko alkatearekin bildu zen. Hiri horretan, babes sozialeko etxebizitzak eraikitzeko hitzarmen bat sinatu zuten.
Azkenean, gaur agertu da prentsaren aurrean, Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediarekin. Biak izan dira lehenak sailburuen isiltasuna hausten.
Arriolak esan du du airearen orain arteko neurketak «positiboak» izan direla, eta erreketako urak ere aztertzen ari direla. «Ez da kutsadurarik antzeman», esan du.
Ingurumen arduradunak gaineratu du ez dagoela «inongo arriskurik» herriotako ur horniduran. «Datozen egunotan, erantzukizunari dagozkion kontu sakonagoak aztertu beharko ditugu: zer gertatu den, zergatik jausi den zabortegia, enpresari zigor espedientea zabaltzea, eta hari konponbideak exijitzea zorua egonkortzeko».
Basauriko ekitaldiaren ingurukoak dira sare sozialen bidez zabaldu dituen azken mezuak, eta ez du inolako azalpen edo xehetasunik eman Zaldibarren gertatutakoaz. Ez du aipatu ere egin.
Larunbatean, haren sailburuorde Elena Moreno joan zen Zaldibarrera, baina ez zuen prentsaurrekorik eman, eta ez zen kazetarien aurrera agertu. EITBri hitz egin zion bakarrik: esan zuen metanoa neurtzeko zabortegiko gailuek ez zutela behar bezala funtzionatzen, eta zabor isurketa batzuk ez zirela behar bezala egiten —zehaztu gabe zer materialez ari zen—, eta baimendu baino eremu handiagoa hartzen ari zela zabortegia.
Estefania Beltran de Heredia – Segurtasun sailburua
Joan zen ostegunean agertu zen azken aldiz ekitaldi publiko batean, bere agendaren arabera: Jaurlaritzaren Kontroleko osoko bilkuran. Eitzagako zabortegia erori ondoren, hondamendi gunera joan zen, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiarekin. Beltran de Herediak esan zuen bi desagertuak aurkitzea zela lehentasuna.
Arriolarekin agertu da gaur Zaldibarko hondamendiaz hitz egiteko. Adierazi duenez, geologoek aholkatuta gelditu dituzte bilaketa lanak. Adituek adierazi dute zabortegian oraindik ere jausiak gerta daitezkeela. Galduak dauden bi langileak bilatzeko lanak gelditu egin dituzte gaur goizean, arriskuarengatik. Makinekin jarraitzeko aukera ematen duten beste gune bat aurkitu nahian dabiltzala gaineratu du.
Ez du soslairik Twitterren.
Ingurumen Sailak egin bezala, Beltran de Herediaren taldeak ere sailburuorde bat jarri du mikrofonoen aurrean: kasu honetan, Josu Zubiaga. Igandean azaldu zuenez, desagertutako bi langileak aurkitzeko indusketa plan bat egin asmo zuten.
Arantxa Tapia – Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua
Legebiltzarreko osoko bilkuran ez ezik, bost ekitalditan izan zen Tapia aurreko astean: hainbat bilera eta elkarrizketa bat, besteak beste. Denak ere Zaldibarkoa gertatu aurretik. Agenda beteta eduki ohi du Tapiak, baina aste honetakoa ia hutsik zuen lerrook idazteko orduan. Gaur Hondarribiko aireportuan izan da, Ortzibiaren 2019ko ekitaldiko balantzea aurkezteko, eta Urkulluren prentsaurrekoan egon da.
Arriolak bezala, Tapiak ere ez du Zaldibarko ezbeharraren inguruko informazio edo iritzirik adierazi sare sozialetan, eta haren azken mezuak otsailaren 5ean emaniko elkarrizketan esanikoen ingurukoak dira.
Unai Rementeria - Bizkaiko ahaldun nagusia
Eitzagako zabortegia erori berritan, ezbeharra gertatu zen lekura bertara joan zen Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin batera. Haiek hitz egin zutenean, ordea, «luiziaz» ari ziren oraindik: ez zuten zabortegirik aipatu. Rementeriak trafikoa bere onera itzuli beharra nabarmendu zuen, batez ere.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Interbiak sozietateak Iurretan duen kontrolgunean egon ziren bi agintariak ostegun iluntzean. Geroztik, Rementeriak ez du agerraldi publikorik egin. Twitter ez du asko erabiltzen, eta han ez du ezer idatzi urtarrilaren 24az geroztik, lerrook idazteko orduan, betiere.
Imanol Pradales – Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatua
Hedabideetan azalpenak ematen agertu diren goi kargudun bakanetakoa izan da Pradales. Ostiral goizean adierazi zuen, Euskadi Irratian, amianto biltegi bat zegoela zabortegian, eta litekeena zela gai toxikoa autobidera ere heldu izana. Gaineratu zuenez, 500.000 metro kubo lur erori dira Zaldibarren. Talde ekologistek salatu zuten zabortegia autobidearen gainean egoteak Europako arauak bortxatzen dituela. «Autopistako eremutik at zegoen zabortegia; beraz, guk ez dugu zer esanik horretaz, ez delako gure eskumena», erantzun zuen diputatuak.
Gaur, AP-8an eraikiko duten hormaren berri eman du.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia
Ezbeharra Bizkaian gertatu da, baina gertutik eragin dio Gipuzkoari ere, zabortegia Eibartik oso gertu baitago. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ez du gertatutakoaren inguruko adierazpenik egin, eta ohiko agendarekin jarraitu du osteguneko ezbeharraren ondoren. Hurrengo egunean, bisita bat egin zuen hitzarmen bat berritzeko, eta atzo, berriz, Salamancara joan zen (Espainia), Reala ikustera Espainiako Superkopako finalean. Futbolaren inguruko txioak idatzi ditu Twitterren azken egunotan, batez ere.
Josu Mendikute EAJren Eibarko alkategaia
Josu Mendikute EAJren Eibarko zinegotziak Twitterren salatu du zabortegiaren egoera: «Prentsan argitaratu den informazioa besterik ez dut. Bi pertsona, milioi erdi metro kubiko hondakin industrialen azpian harrapatuta; amiantoa, besteak beste». Esan du arriskuan jarri dituztela inguruko herritarrak, ez dela «arduraz» lan egin izan zabortegiaren urritasunen inguruan. «Zabortegian sortutako krisiaren kudeaketa zaila da ulertzen. Gaitzesgarria». Kontuak eskatu dizkie «arduradunei».
Hori da okerrena, fikzioak aurreikusitakoa gainditu egin dugula. Bi pertsonaren biziak tarteko.
— Josu Mendicute ð;Â;ÂÂÂ;Â;Â;ŸÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂŽ— (@jmendicute) February 7, 2020
Atzo, halere, Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eginiko neurketaren emaitza «normalak» nabarmendu zituen. Edonola ere, Eibarko Udalak adierazi zuen bere neurketa propioak egingo dituela.
â;Â;ÂÂÂ;Â;Â;ÂÂÂÂÂÂÂÂœÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂ… Según informa el departamento de Medioambiente del Gobierno Vasco los análisis de calidad del aire responden a parametros normales.
— Josu Mendicute ð;Â;ÂÂÂ;Â;Â;ŸÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂŽ— (@jmendicute) February 10, 2020
ð;Â;ÂÂÂ;Â;Â;ŸÂ” El Ayuntamiento hará sus propias mediciones. Hemos acordado hacer públicos los datos en bruto, no sólo las explicaciones.