Hauteskundeak

Urkulluk apirilaren 5erako deitu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara

Zaldibarko zabortegiaren krisiaren erdian, lehendakariak urte erdi aurreratu ditu bozak. «Hauteskunde giroa nagusitu da», haren esanetan.

Sailburuez inguratuta egin du Urkulluk hauteskundeen iragarpena. DAVID AGUILAR, EFE
Andoni Imaz
2020ko otsailaren 10a
10:50
Entzun

Legealdia udazkenera arte luzatzekoa zen berez, baina Eusko Jaurlaritzak erabaki du gobernu berria uda hasieran eratzea. Iñigo Urkulluk prentsaurreko bat eman du arratsaldean, Eusko Jaurlaritzako sailburuek lagunduta, horren berri emateko. Azaldu du egungo egoera sakon aztertu ondoren erabaki duela bozak aurreratzea. «Hauteskunde klima Euskadin ezarrita dago», hori da azaldu duen arrazoi bat. «Orain hauteskundeetara deitzeak praktikan urte erdi bat irabaztea dakar», haren esanetan. Taldeek otsailaren 26 eta martxoaren 2 artean aurkeztu beharko dituzte hautagaitzak tokiko hauteskunde batzordeetan, eta martxoaren 9an ezagutaraziko dira hautagai ofizialak. Kanpaina martxoaren 20an hasiko da.

Hala, hauteskunde egutegi estua izango da Euskal Herrian martxoan eta apirilean: lau asteburutan hiru hauteskunde egingo dituzte. Martxoaren 15ean, udal hauteskundeetako lehen itzulia egingo dute Ipar Euskal Herrian, eta, martxoaren 22an, bigarrena. Handik hamabost egunera izango dira Eusko Legebiltzarrekoak, Aste Santuaren aurreko astean.

Urkulluk gaurko prentsaurrekoan esan du Elkarrekin Podemosekin 2020ko aurrekontuak adostu dituzten arren badituztela beste desadostasun batzuk lege proposamen batzuetan. Egungo jarduera parlamentarioa ez zaio eroso egiten, EAJk eta PSE-EEk ez dutelako gehiengo osoa —legebiltzarkide bat falta zaie—. Horren bila doa Urkullu apirileko bozetara: «Oso eroso egon naiz koalizio gobernuarekin, baina erosoagoa litzateke gehiengo osoa izatea. Herritarrek esango dute apirilaren 5ean».

Lehendakariak aitortu du Quim Torra Generalitateko presidentearen asmoek ere izan dutela eragina haren erabakian: Katalunian, aurrekontuak onartu orduko egingo dituzte hauteskundeak, eta Urkulluk ez luke nahi hango giroak Eusko Legebiltzarrerako bozen kanpainan eragiterik. Oposizioak ez dio ondo iritzi hauteskundeak aurreratu izanari, eta egunotan Urkulluren erabakia kritikatu izan dute EH Bilduko eta Ahal Duguko ordezkariek, «alderdikeriaz» jokatzea egotzita.

Maddalen Iriarte EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile eta Jaurlaritzako lehendakarigaiaren ustean, aurrerapenak EAJren «irregulartasunei» erantzungo lieke, De Miguel auziko epaiaren, Osakidetzako lan eskaintza publikoari buruzko auziaren eta Gogora institutuak EAJko kide baten enpresari eginiko kontratazioen ostean legegintzaldi amaiera «deseroso bat saihesteko».

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, berriz, uste du legealdiari «denbora» falta zaiola: «Garrantzitsua litzateke dagozkion epeetan amaitzea. Ez dugu ulertzen lehendakariaren presa. Proiektu garrantzitsuak daude mahai gainean, memoria eta autogobernu lantaldeez gain», adierazi zuen joan den astean. Esan zuen Jaurlaritzak ez duela bete «programaren erdia baino gehiago»: «Hauteskundeetara deitzea legealdiaren porrota litzateke, eta uko egitea euskal herritarrek behar dituzten lege eta proiektuak aurrera ateratzeari».

Iriarte bera izango da EH Bilduren lehendakarigaia, duela lau urte bezala, Mahai Politikoak aho batez aukeratu baitu horretarako, beste hautagairik aurkeztu ez delako. «Indarrez, arduraz eta pozik» agertu zen.

Ahal Dugu alderdian bi hautagai dituzte: Rosa Martinez, sektore ofizialaren babesarekin, eta Miren Gorrotxategi, Madrilen oniritziarekin. Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren sostengua du. Otsailaren 23tik martxoaren 1era egingo dute kanpaina ofiziala Ahal Dugun, eta orduan izango da bozkatzeko aukera; martxoaren 4an izendatuko dute lehendakarigaia.

Idoia Mendiak iazko urrian aurkeztu zuen bere burua PSE-EEko lehendakarigai Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak babesa eman zion.

PPn gauzak ez daude argi: ez dute hautagai ofizialik aurkeztu, baina alderdiko zuzendaritzak adierazi du Alfonso Alonsok duela haien «sostengua eta laguntza». Halere, esan dute ez dutela beste pausorik emango Eusko Jaurlaritzak hauteskundeetara deitu arte. Ikusteko dago Ciudadanos alderdiarekin koalizioa osatuko duten ala ez.

Aurrekontuak

Eusko Legebiltzarrak iazko urtea bukatu aurretik onartu zituen 2020ko aurrekontuak. 2018koak PPrekin adostu eta gero, Jaurlaritzak luzatu egin zituen 2019koak, EH Bildurekin ados jarri ezinda. Beste luzapen batek arriskuan jar zezakeen azken legealdiaren egonkortasuna azken hilabeteetan, baina aurrekontu berriek legealdia lasai amaitzeko aukera eman diote Iñigo Urkulluren gobernuari.

EAJren eta PSE-EEren botoak nahikoa izan ziren (36), Elkarrekin Podemoseko 11 legebiltzarkideetatik bederatzi abstenitu baitziren —beste biak, Ezker Anitzakoak, kontra agertu ziren—. EH Bilduk, PPk eta Ezker Anitzako biek kontra bozkatu zuten: 29 boto guztira.

2016ko emaitzak

2016ko irailaren 25ean egin zituzten aurreko hauteskundeak. EAJk garaipen argia lortu zuen orduan: hiru herrialdeetan irabazi zuen, eta 28 eserleku eskuratu zituen Eusko Legebiltzarrean, EH Bildu bigarren indarrak baino hamar gehiago. PSE-EEko bederatzi diputatuen babesarekin izendatu zuten Urkullu lehendakari, bigarrenez. Gutxiengoan gobernatu dute, 37 diputaturekin, eta parlamentari bat falta izan zitzaien gehiengoa izateko.

Hauteskunde horietan, PSE-EEk kolpe nabarmena hartu zuen, dena dela; zazpi legebiltzarkide gutxiago lortu zituen. Elkarrekin Podemos izan zen hirugarren indarra, 11 diputaturekin. EH Bilduk ere lau urte lehenago baino emaitza kaskarragoak izan zituen, eta hiru legebiltzarkide gutxiago eskuratu zituen.

EBBtik Jaurlaritzara

Iñigo Urkullu (Alonsotegi, Bizkaia, 1961) EGIko buruzagi gisa hasi zen 1980ko hamarkadan EAJren mitinetan parte hartzen; hark egiten zuen EAJren diskurtsorik independentistena. 2007an bihurtu zen EBBko lehendakari, eta, ardura instituzionaletan, 2012az geroztik izan da Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.

Gaur egun, lehendakaria urrun dago EAJren sentsibilitaterik independentistena ordezkatzen zuen 80ko urteetako Urkullu hartatik, azken bi hamarkadetan haren irudia pragmatismoarekin, moderazioarekin eta akordioak lortzen saiatzearekin egon baita lotuta. Urkulluk bi agintaldi egin ditu Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan. Lehenengoan, 2012tik 2016ra, kolore bakarreko gobernua osatu zuen, 27 legebiltzarkide jeltzaleen babesarekin eta gehiengo osotik urrun.

2016ko hauteskundeetan, EAJren eta PSE-EEren arteko harremana beste fase batean zegoen: 2015eko udal eta foru hauteskundeen ostean, EAJk bazkidetzat hautatu zuen PSE, eta akordioak lortu zituen sozialistekin foru eta udal erakunde gehienetan elkarrekin aritzeko. Horren ondorio logikoa izan zen 2016ko azaroan EAJk eta PSE-EEk koalizio gobernua osatzea, berriro ere Urkulluren gidaritzapean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.