Ingelesez besteko lan batek irabazi du, lehen aldiz, filmik onenaren Oscar saria. Parasite pelikula faboritoa zen nazioarteko filmik onenaren garaikurra eskuratzeko, baina urrunago joan da, eta Hollywoodeko produkzio handiei irabaztea ere lortu du. Gainera, zuzendaririk onenaren saria ere irabazi du Bong Joon Hok. Renee Zellwegerrentzat izan da emakumezko aktorerik onenaren saria, Judy filmeko rolagatik; Joaquin Phoenixentzat, berriz, gizonezko aktorerik onenaren saria, Joker filmean eginiko antzezpenagatik.
Parasite filmak lau garaikur eskuratu ditu denera, beste inork baino gehiago: filmik onena, nazioarteko filmik onena, zuzendaririk onena eta jatorrizko gidoirik onena. Gainontzeko faboritoak atzean utzi ditu, beraz. Sam Mendes zuzendariaren 1917 filma bakarrik gerturatu zaio, hiru sarirekin, baina baliotsuenetako bakar bat ere lortu gabe: soinu nahasketarik onenaren, ediziorik onenaren eta efektu berezirik onenaren sariak irabazi ditu. Bina eskuratu dituzte Once Upon A Time in... Hollywood eta Joker filmek. Quentin Tarantino zuzendariaren filmak irabazi ditu taldeko gizonezko aktorerik onenaren (Brad Pitt) eta produkzio diseinurik onenaren sariak. Joker pelikulak, berriz, jatorrizko musikarik onenarena eta aktorerik onenarena (Joaquin Phoenix).
Renee Zellwegerrena izan da gaueko beste izen handietako bat: Judy pelikulan eginiko lanari esker irabazi du emakumezko aktorerik onenaren saria.
Gaueko galtzailerik handiena, berriz, Martin Scorsese izan da. Hautagaitza ugari izan arren, garaikurrik gabe amaitu baitu The Irishman filmak.
Aspaldiko aldarri gutxien
Azken urteko sarien denboraldia hasi zenean, Phoenixek eskaera bat egin zien ofizioko kideei, zeharka: ez emateko bizi irakaspenik sariak jasotzean, jaso zezatela, eskertu zezatela eta jaits zitezela agertokitik. Eta badirudi askok kasu egin diotela, ohi baino epelagoak izan baitira saria eskertzeko hitzak.
Ez, ordea, Phoenixen aldetik. Bera izan da errebindikazio diskurtsorik nabarmenena egin duena, klima larrialdia gogora ekarriz eta, oro har, «injustiziaren» aurka eginez. «Zinemak ematen digun dohain nagusietako bat gure ahotsa erabiltzeko aukera da. Batzuetan, pentsa dezakegu zenbait kausatako txapeldunak garela, baina nik alderdi komunak ikusten ditut: hitz egin dezagun generoaren berdintasunik ezaz, LGTBI eskubideez, indigenez, animaliez; injustiziaren aurkako borrokaz ari gara». Gizakia naturatik «deskonektatuta» dagoela salatu du, bere zilborrera begira bizi dela.
Sari guztiak:
Filmik onena:Parasite
Zuzendaririk onena: Bong Joon-ho (Parasite)
Emakumezko aktorerik onena: Renee Zellweger (Judy)
Taldeko emakumezko aktorerik onena: Laura Dern (Marriage Story)
Gizonezko aktorerik onena: Joaquin Phoenix (Joker)
Taldeko gizonezko aktorerik onena: Brad Pitt (Once Upon a Time in... Hollywood)
Nazioarteko filmik onena: Parasite
Jatorrizko gidoirik onena: Parasite
Egokitutako gidoirik onena: Jojo Rabbit
Dokumentalik onena: American Factory
Animaziozko filmik onena: Toy Story 4
Film laburrik onena: The Neighbor's Windows
Dokumental laburrik onena: Learning to Skateboard in a Warzone (if You're a Girl)
Animaziozko film laburrik onena: Hair Love
Produkzio diseinurik onena: Once Upon a Time in Hollywood
Musikarik onena: Joker
Jatorrizko kantarik onena: Rocketman
Soinu ediziorik onena: Le Mans 66
Soinu nahasketarik onena: 1917
Ediziorik onena: 1917
Muntatzerik onena: Le Mans 66
Efektu berezirik onena: 1917
Jantzirik onena: Little Women
Makillaje eta ile apainketarik onena: Bombshell