INGURUMENA. LUIZIA ZALDIBARREN.

«Pazientzia agortu zaigu»

Agintariek «abandonatuta» sentitzen direla salatu dute zabortegiko istripuan desagertutako bi langileen senideek.

Erreskate lanetan dabiltzanak, gaur goizean, Zaldibarren (Bizkaia). MIGUEL TOñA / EFE
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 8a
20:08
Entzun

Bi egun igaro dira Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling 2002 zabortegian luizi bat gertatu zenetik, eta horren ondorioz desagertuta dauden langileen senideak «amorratuta» daude. Desagertuetako baten iloba da Helene Alberdi, eta enpresaren eta administrazioetako agintarien senideekiko «tratua» salatu du. «Kanpotik ari gara edukitzen gauzen berri. Ez digute ezer esan. Ematen du ez zaiela axola», adierazi dio BERRIAri. Beste desagertuaren senide batek Twitterren idatzitako mezu batean Eusko Jaurlaritza kritikatu du, eta nabarmendu «abandonatuta» sentitzen direla. Alberdik ere sentipen hori bera du. «Pazientzia agortu zaigu. Ez genuen espero gorpua gurekin eduki arteko denboran salaketa hauek egin behar izatea».

Erreskate lanei ekin diete goizean suhiltzaileek eta ertzainek, baina ostegunean eta ostiralean bezala, eten egin dituzte ordu batzuk geroago. Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eguerdian jakinarazi duenez, zeregin horretan dabiltzanen «segurtasuna» bermatzearren utzi dituzte bertan behera. «Pare bat tanta jausten direla eta lanak gelditzen dituztela? Igandean, antza, geologo talde batek baloratuko du lanekin jarraitu edo ez. Ea: joan daitezela oraintxe bertan! Nire osaba ateratzeko presarik ez dagoela dirudi», esan du, «minduta», Alberdik. Jaurlaritzaren esanetan, euriak are ezegonkorragoa bilakatu du eremua, eta luizi gehiago gertatzeko arriskua dago. Geologo talde bat igandean da egoera aztertzekoa, eta bilaketa lanekin noiz jarraitu erabakiko du.

Alberdik Twitter bidez jakin du lanak eten zituztela. «Nire amak ez zekien ezer». Desagertuetako baten arreba bakarra da. Ostegunean, istripua gertatu zenean, Alberdiren ama eta lehengusina, biktimaren alaba, Zaldibarrera joan ziren, eta telefono zenbakiak eskatu zizkieten han zeuden agintari batzuek. «Gaizka Etxabek eskatu ziola esan dit amak». Alberdik ez daki, zehazki, nor den. Jaurlaritzako Larrialdi Zerbitzuetako zuzendaria da. «Baina orduz geroztik...». Hau da, ez dietela kasurik egin. Verter Recycling 2002 enpresako buruzagiek ere ez. «Esan zidaten buruzagiren bat-edo hurbildu zela doluminak ematera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.