Egunerokoa

Zer gertatu da Zaldibarko zabortegian?

mikel p ansa
2020ko martxoaren 6a
00:23
Entzun

Eitzagako zabortegia (Zaldibar, Bizkaia) kraskatu eta amildu egin zen otsailaren 6an, ostegunarekin. Bi langile desagertu ziren, baina zabortegian amiantoa zegoela jakiteak eta lurra ezegonkorra izateak zaildu egin zituen haien bilaketa lanak. Lurperatutako langileen senideak etsita agertu dira, iruditzen baitzaie erreskatean ez dela enpeinurik jarri, ez dela baliabiderik jarri, eta maiz inprobisatu eta itxurak egin direla. Zabortegiaren kudeaketari buruzko irregulartasunak azaleratu ziren, eta horrek ezinegona areagotu zuen herritarren artean. Gainera, sua piztu zen zabortegian, eta dioxina eta furano maila handiak atzeman zituzten inguruko herrietan; sua itzali arte, herritarrei aholkatu zieten etxeetako leihoak ahalik eta gutxien irekitzeko. Eta zabortegiko lixibiatuak Aixola errekara —ez urtegira— iritsi ziren; Uraren Euskal Agentzia haiek biltzen hasi zen gero. Herritarren protestak eta alderdi ploolitikoen arteko ika-mikak ekarri ditu krisiak, eta, tartean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hauteskundeak aurreratu zituen. Confebask ere kezkatuta agertu da, zabortegia amildu zenetik sortzen ari diren hondakinak nora eraman ez dutelako enpresa handi askok. Egunez egun gertatu dena biltzeko egunerokoa da hau:

 

Otsailaren 6a, osteguna

—Danbateko handi bat entzun da 16:00ak aldera, eta amildu egin da Eitzagako zabortegia. Erreskate taldeak bi pertsona bilatzen hasi dira berehala: desagertuta daude AlbertoSololuze eta JoaquinBeltran, zabortegiko langileak.

—Larrialdi zerbitzuek uste dute AP-8an gertatu den luizi batek autoetan harrapatutako bidaiariak erreskatatzera doazela. Bertara iritsi arte ez dakite zabortegi bat jausi dela, eta hango langileak direla harrapatuta gelditu direnak. Eskuz zuloak eginez eta txakurren laguntzarekin hasi dituzte erreskate lanak.

—Bizkaiko Foru Aldundia harremanetan jarri da eraikuntzako enpresa batzuekin. 45 langile elkartu dira AP-8an, errepidea libratzeko. Zirkulazio arazo handiak sortu dira inguruko herrietan.

—Jaurlaritzak krisi mahaia sortu du. Segurtasun eta Ingurumen sailek, Osalanek eta Bizkaiko Diputazioak parte hartu dute lehen bilera horretan.

—23:00ak dira, eta txakurrek markatutako puntuetan ez dituzte aurkitu lurperatutako langileak.

[Youtube]https://youtu.be/PUJz3WMthcM[/Youtube]

 

Otsailaren 7a, ostirala

—Osalaneko teknikari batek bilaketa lanak geldiarazi ditu 01:00a aldera. Zabortegiko langile batek jakinarazi dio amiantoa ere biltzen zutela han.

—AP-8 errepidea garbitzeko lanak ordu pare batez egon dira geldi —01:00etatik 03:00ak arte—. 07:00ak aldera, ingurabide bat irekitzea lortu dute.

—Zabortegiaren jabea, Jose Ignacio Barinaga Egia, han bertan izan da. Ez du adierazpenik egin.

—Zaldibarko alkateordeak publikoki adierazi du zabortegian amiantoa dagoela, Euskadi Irratian. Zaldibarko alkateak eta Eusko Jaurlaritzak ondoren baieztatu dute zabortegiak amiantoa hartzeko baimena bazuela. Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun zuzendariak eta Alberto Alonso Osalaneko zuzendariak eman dute horren berri, Jaurlaritzak egin duen lehen prentsaurrekoan.

—Langileen bilaketa lanak etenda egon dira eguerdira arte. Enpresa espezializatu bat ekarri dute, amiantoarekin lan egiteko babesak hartzeko, enpresa bat ekarri dute. Haren laguntzarekin aritu dira berriro lanean, eguerditik iluntzera. Amiantoaren pean lanean aritu direnei jarraipena egingo dietela jakinarazi dute, eta Osalanek zerrenda berezi batean sartuko dituela.

—Sare sozialetan zabaldu da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko teknikariek 2019ko ekainean zabortegian egindako ikuskatzearen txostena. 23 irregulartasun aurkitu zituzten.

—Ura Uraren Euskal Agentzia laginak hartzen hasi da Aixola errekan.

Sua piztu da zabortegiaren goiko partean, 23:00ak aldera. Suhiltzaileei ezinezkoa zaie bertaraino iritsi eta itzaltzen saiatzea.

[Youtube]https://youtu.be/bqe5GyB-b4c[/Youtube]

 

Otsailaren 8an, larunbata

—Goizean hasi eta 14:00ak arte aritu dira desagertutako langileen bila. Berriro gelditu dute erreskatea. Galdutako langileen senideak kexu agertu dira, inor ez delako haiekin harremanetan jarri, eta bilaketa lanetan enpeinu gutxi ikusten dutelako.

Zabortegian gertatzen ziren irregulartasunei buruzko informazioa argitaratu du BERRIAk: amiantoa ez zutela beste hondakinetatik behar bezala bereizten, baimendutakoa baino eremu handiagoan ari zirela lanean eta ez zituztela agindutako zigilatze arauak betetzen —hektarea bat bete orduko zigilatu behar dute zaborra—. Ingurumen Sailak ohar baten bidez baieztatu ditu informazio horiek, eta 2019ko ikuskatzearen berri ere eman du. Metanoa biltzeko gailuak hondatuta zeudela ere erantsi du Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak. Zenbat zabor jausi den (500.000 tona inguru), zabortegiak azken hiru urteetan zenbat zabor hartu duen (1,5 milioi tona) eta azken hiru urteetan zenbat material amiantodun hartu duen (10.000 tona inguru) ere jakinarazi du. Erantsi du zabortegiaren jabeari, Verter Recycling 2002 SM enpresari, zigor txosten bat jartzea aztertzen ari zirela lehendik.

—Sutea piztu ondoren, airearen kalitatea neurtzeko, unitate ibiltari bat jarri du Jaurlaritzak. Airearen kalitateak parametro normalak dituela adierazi dute. Uraren agentzia, berriz, Ego errekan hasi da laginak hartzen.


JAIZKI FONTANEDA / FOKU

 

Otsailaren 9a, igandea

—Larrialdi mahaiak bilera bat egin du goizean Zaldibarko udaletxean. Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak eta Josu Zubiaga Segurtasun zuzendariak gidatzen dute krisi mahaia.

—Kantabriatik (Espainia) helikoptero bat ekarri dute, zabortegian piztutako suari ura botatzeko. Suak piztuta jarraitu du, haatik.

—Ekologistak Martxan taldeak adierazi du «susmo sendoak» dituela zabortegian lindanoa ere bazegoela. Jaurlaritzak ukatu egin du: «Amiantoaz aparte beste kutsatzailerik dagoenik ez zaigu agertzen».

—Zabortegian poliklorobifeniloak (PCB) ere bota izan direla argitaratu dute Vocento taldeko egunkariek. 2011n Mungiako obra batetik 150 tona inguru eraman zituzten hara, baimenik ez izan arren. Eusko Jaurlaritzak 33.000 euroko isuna jarri zion 2012an; hondakinen ardura zuen enpresari, Alkargo kooperatibari, bi isun jarri zizkion, bakoitza 30.000 eurokoa. Helegitea jarri zuen Alkargok, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bi isunetako bat kendu zion, 2015ean.

Eitzaga auzoko bizilagunek batzarra egin dute, eta bederatzi puntuko agiri bat izenpetu dute. Informazioa eskatu diote administrazioari, osasuna babesteko neurriak eta segurtasuna bermatzeko eskatuz, eta baita zabortegia ixteko eta hango gai toxikoak ateratzeko ere. Antolatzen hasi dira Ermua, Zaldibar eta Eibarko bizilagun batzuk.

—Arratsaldean, hondeamakinak sartu dituzte ezbeharraren lekuan, ustez langileak desagertutako lekura hurbiltzen saiatzeko. Ezegonkorra da eremua, eta langileen bilaketa beste fase batean sartu da.


SOS DEIAK

 

Otsailaren 10a, astelehena

—Zabortegian gertatzen ziren irregulartasungehiago azaldu ditu BERRIAk. Besteak beste: baimenduta ez zeuzkaten hondakin mota batzuk ere hartzen zituztela, bereizi behar zituzten hondakin batzuk —eraikuntzakoak, adibidez; berreskuratu zitezkeen materialak bereiztera derrigortua zegoen zabortegia— nahasita botatzen zituztela, eta lixibiatuen tratamendua ez zela egokia.

—Larrialdi mahaian parte hartu dute Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak eta Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak. Ezbeharra gertatu eta 92 ordura hitz egin dute aurreneko aldiz prentsaren aurrean, bilera egin ostean. Krisia piztu zenetik ia lau egun igaro dira, eta lehen lerroko agintariek ez dute hari buruzko aipamenik egin astelehen goiza arte. Krisi mahaiaren osteko prentsaurrekoan, Arriolak Verter egin du erantzule, eta eskatu dio lehenbailehen lurrak egonkortzeko plan bat aurkezteko. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak, aparte egindako beste agerraldi batean, ildo beretik jo du: enpresari egotzi dio erantzukizuna, eta jabeek ez dutela behar beste lagundu adierazi du.

—Ingurumen Batzordea elkartzekoa da Eusko Legebiltzarrean, 13:30ean. Oposizioak Arriolari eskaini dio batzordean azalpenak ematea, baina hark uko egin dio, goizegi dela argudiatuta.

—Eguerdi partean gelditu dira langileak bilatzeko erreskate lanak. Hemendik aurrera, zuzeneko bilaketa utzi egingo dute, eta inguruko lurrak egonkortuko dituzte aurrena.

Hauteskundeak aurreratuko dituela jakinarazteko prentsaurrekoa egin du Iñigo Urkullu lehendakariak, 16:00etan: apirilaren 5ean izango dira. Ez du Zaldibarko gertakariei buruz aipamenik egin kazetari batzuek galderak egin dizkioten arte. Esan du Jaurlaritza hasieratik dagoela gaiaren gainean, irizpide teknikoekin, eta bera ere jakinaren gainean dagoela lehen minututik, baina ez dela beharrezkoa lehendakaria lekura bertara joatea «eszenifikazio» hutsak egitera, eta «operatiboak» izan behar dutela.

—Erakundeen arteko koordinazio mahaiak bilera egin du, 17:00etan. Zaldibarko, Eibarko eta Ermuko udalak, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza elkartu dira. Urkullu han izan da, aurreko prentsaurrekoa bukatu eta segidan.

—Eibarren, Ermuan, Mallabian, Markinan eta Zaldibarren manifestazioak egin dituzte herritarrek. Erantzukizunak eskatu dituzte, eta galdutako langileen bilaketari ez uzteko ere bai. Milana lagun baino gehiago elkartu dira Eibarren eta Ermuan.


MIGUEL TOÑA / EFE

 

Otsailaren 11, asteartea

Josu Erkorekak jakinarazi du Durangoko Instrukzio Auzitegiak ikertu egingo duela Verter Recycling enpresak lan arloko eta ingurumen arloko delituak egin ote dituen. Enpresa ez dela behar beste laguntzen ari ere salatu du.

El Correo-k argitaratu du otsailaren 3an edo 4an arrakala batzuk agertu zirela zabortegian —luizien aurrekari izan ohi dira—. Joaquin Beltranek berak jakinarazi zion enpresari. Verterrek topografo batzuk kontratatu zituen, baina ez zion administrazioari arrakalen berri eman.

Pedro Alberdi, Alberto Sololuzeren koinatua, elkarrizketatu zuen Eta Kitto aldizkariak. Instituzioek «abandonatu» egin dituztela sentitzen dutela azaldu du.

—Zaldibarko udaletxean osoko bilkura egin dute, tentsio handiarekin. «Okerrak» izan direla eta «beharbada berandu» ibili direla aitortu du Jose Luis Maiztegi alkateak, eta laguntza eta ulermena eskatu ditu.

—Jaurlaritzako teknikariek esan dute uraren eta airearen kalitatearekin ez dagoela arazorik, baina, badaezpada, Zaldibarko auzo batzuetako bizilagunei eskatu diete txorrotako urik ez edateko.

Erne sindikatuak Jaurlaritzaren jarduteko modua kritikatu du, ertzain batzuen osasuna arriskuan jarri zuelako otsailaren 6an, eta larrialdi zerbitzuak «barregarri» utzi dituelako.

LAB sindikatuak salatu du otsailaren 6an Gipuzkoatik joandako bi kamioi garbitu gabe daudela oraindik, eta amiantoarekin lan egiten espezializatu gabeko enpresa batek garbitu dituela Bizkaiko suhiltzaileen kamioiak.

Zallan dozenaka herritarrek elkarretaratze bat egin dute, elkartasuna adierazteko, eta Zaldibarren jausitako hondakinak hara eraman ez ditzatela eskatzeko. Juanra Urkijo alkateak esan du Zallako zabortegiak ez duela ahalmenik hondakin arriskutsuak hartzeko.


MIGUEL TOÑA / EFE

 

Otsailaren 12a, asteazkena

—11:30. Aldez aurretik abisu ofizialik eman gabe, zabortegian azaldu dira Iñigo Urkullu, Iñaki Arriola eta Estefania Beltran de Heredia. Gero, desagertutako langileen senideekin elkartu dira. Ez dute adierazpenik egin. Alberto Sololuzeren senideak minduta agertu dira bileraren ondoren. Familiek abokatuen esku utzi dute auzia.

—EAJko eta Jaurlaritzako ordezkariek salaketa gogorrak egin dizkiete azkeneko egunetan administrazioaren jarduna kritikatu duten herritar, alderdi eta mugimenduei; errentagarritasun politikoa atera nahi izatea egotzi diete.

Gehiengo sindikalak Jaurlaritzaren Bilboko egoitza okupatu du, lan istripuak salatzeko.

ELA sindikatuak salatu du Jaurlaritzako Ingurumen Sailak «isiltasunaren legea» ezarri diela bere funtzionarioei, auziari buruz ez hitz egiteko eskatu dielako ohar batean.

—Iluntzean, errausketaren aurkako mugimenduek elkarretaratzeak egin dituzte Gipuzkoako zenbait herritan: Donostian, Hernanin, Usurbilen, Zubietan, Andoainen, Oiartzunen, Urnietan, Iruran eta Oñatin. 800 bat lagun elkartu dira guztira.

—Robot batek gidatutako makina batekin ura botaz saiatu dira zabortegiko sua itzaltzen. Ez dute aurrerabiderik egin.

—Jaurlaritzak Herbehereetako Afvalzorg enpresa kontratatu du, amildutako zabortegiaren kudeaketan aholku eman diezaion.

—Arratsaldean bilera egin dute Verter Recyclingeko eta Jaurlaritzako ordezkariek, Gasteizen. Lehen aldia da bi aldeak aurrez aurre elkartu direna, ezbeharra gertatu eta sei egunera. Enpresak komunikazio talde bat kontratatu du aholkulari gisa; ordura arte ez du adierazpen publikorik egin. Aurreneko mezu publikoan, laguntzeko prest agertu da, eta adierazi du inor ez dela jabetu mendi magalaren egonkortasuna arriskuan zegoela, ez han lanean ibilitako ingeniaritzak eta topografia enpresak, ez Jaurlaritzako teknikariak ere.

—Langileak erreskatatzeko operatiboaren hasierako orduetako kaosa kontatu du suhiltzaile batek BERRIAn.

[Youtube]https://youtu.be/6ti0WxiUbFQ[/Youtube]

 

Otsailaren 13a, osteguna

—Koordinazio eta Jarraipenerako Mahai Teknikoak lehen bilera egin du —izen horrekin lehena, behintzat—. Bileraren ostean, Elena Morenok eta Josu Zubiagak atalez atal informazioa xehe-xehe eman dute, aztertzen eta lantzen ari diren puntu guztiei buruz. Arriolak esana du elkarrizketa batean, operatiboaren aurreneko arduraduna Segurtasun Saila izan zela, baina hark aurrerabiderik egiten ez zuelako hartu zuela Ingurumen Sailak operatiboaren kontrola. Hain justu, bilera honen ondoren langileak bilatzeko plan berria aurkeztu du mahaiak.

—Verter Recycling enpresari zigor txostena ireki dio Jaurlaritzak, aurreko urtean atzemandako irregulartasunengatik.

—Eusko Legebiltzarra deseginda dago, baina Mahaiak onartu ditu oposizioaren eskariak, eta Urkullu eta haren sailburuek hurrengo asteartean Diputazio Iraunkorrean agertuko dira, azalpenak ematera.

—Bizkaiko Foru Aldundiaren enkarguz, AP-8aren hondoan hormigoizko horma bat eraikitzen hasi dira, errepidea luizietatik babesteko.

Gehiengo sindikalak ehunka lagun elkartu ditu Bilbon, lan istripuen aurkako neurriak eskatzeko.

Iraitz Lazkano Elgetako alkateak salatu du inork ez diela inolako informaziorik eman oraindik, nahiz eta herriko muga zabortegitik 200 metrora dagoen.

—Manifestazioak egin dituzte Zallan eta Arrasaten. Zallako bizilaguna zen Joaquin Beltran, eta gainera bertako zabortegiarekin ere kexu dira lehendik herritarrak, Zalla Baiko zinegotziek BERRIAri azaldu diotenez. Zabortegien kudeaketa iluna dela eta enpresen eta horietan alderdien interesak gurutzatu egiten direla salatu dute.


AINHOA FURUNDARENA

 

Otsailaren 14a, ostirala

—Eitzaga auzoko bizilagunei agindu diete barazkirik ez saltzeko datozen egunetan. Probak egin behar dizkiete barazkiei, eta baita abereei ere. Jaurlaritzako teknikariek bilera bat egin dute auzotarrekin.

Idoia Mendiak krisia hasi zenetik aurreneko aldiz egin ditu adierazpenak, Jaurlaritzaren jarduna babesteko.

—Otsailaren 8an airearen kalitateari buruzko datuak hartzen hasi zirenetik, parametroak normaltasunaren barruan zeudela adierazten aritu da Ingurumen Saila, baina iluntzean, presazko agerraldi batean, Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak eta Juan Jose Aurrekoetxea Osasun Publikorako zuzendariak jakinarazi dute dioxinen eta furanoen kopurua ezohikoa dela zabortegiaren inguruko puntu batzuetan: otsailaren 9an hartutako laginei azterketak egin dizkiete CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiaren laborategietan, Madrilen, eta hiriguneetan normala dena baino 40-50 aldiz dioxina gehiago atzeman dituzte. Zabortegiaren inguruko herritarrei eskatu diete etxeak ahalik eta gutxien egurasteko eta kalean esfortzu fisiko handirik edo kirolik ez egiteko. Eskola Kirolako ekitaldiak bertan behera utzi dituzte.


JAIZKI FONTANEDA / FOKU

 

Otsailaren 15a, larunbata

Eibarren eta Realaren arteko derbia ez jokatzea erabaki dute klubek eta Espainiako Futbol Ligak.

—Lortu dute sartzea makina astunak zabortegian. Lurrak egonkortzeari ekingo diote, eta pistak irekiko dituzte, bai langileen bilaketarekin jarraitzeko —hemendik aurrera, zaborra ateratzen eta bahetzen joango dira, langileen arrastorik baden ikusteko—, bai su fokuetara gerturatu, eta hondarra botaz itzali ahal izateko.

Manifestazioa egin dute 5.000 herritar inguruk, Zaldibar Argitu plataforma sortu berriak deituta, eta kutsadurak zein informazio faltak sortutako kezka kaleratu dute. Ermua, Eibar eta Elgetatik abiatu dira, eta Eitzaga auzoan bat egin dute. Erantzukizunak eskatu dituzte, eta informazio osoa. Desagertutako langileetako baten senideek ere hartu dute hitza.

[Youtube]https://youtu.be/ijkKU4bi574[/Youtube]

El Correo-k berri eman du zabortegiaren hasierako eraikuntza proiektua —LKS ingeniaritzak egin zuena— alde batera utzi, eta beste ingeniaritza bati —Geyser HPCri— proiektu berria enkargatu ziola Verterrek, nahiz eta ingurumen baimen integratua LKSren proiektuak jaso zuen. Jaurlaritzak erantzun du proiektu berriak ez zuela berriz baimena eskatu beharrik, aldaketak ez zirelako esanguratsuak izan. Joaquin Beltranen bi arreba elkarrizketatu ere ditu egunkari berak: «Guretzat, hau hilketa bat izan da».

 

Otsailaren 16a, igandea

—Sugarretara hurbiltzea lortu dute suhiltzaileek, horretarako pista batzuk ireki eta gero, eta hondarra botatzen hasi dira, sua itotzeko.

Hondakinak negozio bihurtzea eta zabortegien kontrol falta salatu dute sektorea ongi ezagutzen duten hainbat ahotsek BERRIAn.

—Zortzi urtez Zaldibarrera zaborra eramaten jardun zuen kamioilari batek BERRIAn azaldu du nola funtzionatzen zuen zabortegiak: kontrolik gabe eta batere bereizi gabe botatzen zituzten hondakinak, baita amiantoa ere. Beste inon nahi ez zituzten hondakinak hartzen zituztela salatu du. Euskadi Irratian, beste kamioilari batek salaketak berretsi ditu.

[Youtube]https://youtu.be/3jGMYcEJMx0[/Youtube]

 

Otsailaren 17a, astelehena

—Verterrek hartzen zituen zaborrak nora eraman, kezka sortzen hasi da enpresa handien artean, batez ere papegintzako eta altzairugintzako sektoreetan. Jaurlaritzarekin bilera egin dute zabortegietako jabeek eta zabor industriala sortzen duten hainbat enpresaren ordezkarik.

—Bezperan BERRIAn argitaratutako kamioilariaren testigantzari erantzun dio Verterrek kontratatutako komunikazio agentziak. Zabortegiak zorrotz eta «ezin zehatzago» lan egiten zuela adierazi du. Vocento taldeak argitaratu du Verterrek Ermuko saihesbideari egotziko diola luiziaren errua, baina Verterrek berak ukatu egin du halakorik esan duenik inoiz.

—Goiz partean, Ernaiko kide batzuek zirkulazioa eten dute Ermua eta Eibar artean.

—Zabortegiko lixibiatuek inguruko erreketara hainbat gai kutsakor eraman dituztela jakinarazi du Urak. Disolbatzaile organikoak, hidrokarburoak, kadmioa, nikela eta beste aurkitu dituzte Aixola eta Ego erreketan. Baina uraren agentziak erantsi du kantitateak ez direla arriskutsuak osasunarentzat. Egon, bestalde, amonio kopuru ezohikoak atzeman dituzte, baina saneamendu sarea ez dagoela bukatuta eta horren eraginarekin lotu du Urak.

—Bizkaiko Foru Aldundiak asmoa agertu du errepide aldera jausi diren hondakinen gainean sare metaliko bat jartzekoa, eta luizien kontrako beste horma bat eraikitzekoa.

Ermuan bilera irekia antolatu dute instituzioek herritarrentzat, eta krisi mahaiko kideek azalpenak eman dituzte. 600 bat lagun elkartu dira.


ARITZ LOIOLA / FOKU

 

Otsailaren 18a, asteartea

—Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean agertu dira IñigoUrkullu, IñakiArriola, EstefaniaBeltran de Heredia, eta MariaJesusSan Jose Lan sailburua eta NekaneMurga Osasun sailburua. «Akatsak» izan direla onartu du Jaurlaritzak, baina orain arteko kudeaketa defenditu du. Legebiltzarraren kanpoan, hogei bat herritarrek elkarretaratzea egin dute.

—Eitzaga aldean landatutako barazkiak jateko debekua kendu dute.

Inauterietako hainbat ekitaldi bertan behera utzi dituzte Ermuan (ostegunekoak eta ostiralekoak) eta Eibarren (ostegunekoak).

Sutearen foku nagusiak kontrolatzea lortu dute, Jaurlaritzak jakinarazi duenez.


ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE

 

Otsailaren 19a, asteazkena

—Hondamenditik gertu dagoen eta utzita dagoen harrobi zahar batean hasi dira pilatzenzabortegitik ateratako zakarrak. Txakurrekin bahetzen dituzte, Beltranen eta Sololuzeren arrastoren bat bilatu nahian. Ziega bat eraikitzeko asmoa agertu du Jaurlaritzak, ateratzen ari diren zakarrak pilatzeko.

—Jaurlaritza harremanetan hasi da Espainiako autonomia erkidego batzuekin, enpresak sortzen ari diren zabor berria har dezaten. Aclima ingurumen arloko enpresen klusterreko kideekin ere bilera egin du Jaurlaritzak. Gipuzkoako Diputazioa zabor horren zati bat hartzeko prest agertu da.

—Eibarren batzar irekia egin dute instituzioek herritarrentzat. Coliseo antzokian, ehunka herritar bildu dira.


ARITZ LOIOLA / FOKU

Otsailaren 20a, osteguna

—Zabortegitik isurtzen ari diren lixibiatuak biltzen hasi da Ura, zisternadun kamioi batean, Aixola eta Ego erreketara iristen ari den kutsadura gutxitzeko.

Iñaki Garcinuño Cebek patronalaren buruak Jaurlaritzari konponbideak eskatu dizkio, ahalik eta azkarren ireki dezan zabortegi berri bat, eta irteera eman diezaien enpresak sortzen ari diren zaborrei, produkzioa geldiarazi aurretik: «Zaldibarkoa zabortegi handi eta ahaltsu bat zen, han produktu abaniko zabal bat hartzen zuena».

—Eguen Zuriko ospakizunik ez da izan Eibarren, eta eskoletako patioak hutsik egon dira. Zenbait irakaslek BERRIAri jakinarazi diote zer egin asmatu ezinik ibili direla aste guztian, inork ez dielako zuzenean informaziorik eman. Inauterietako kontzertua bertan behera utzi dute Kokein eta Deus Ez taldeek: «[Desagertutako langileen] Familiekin bat egin nahi dugu momentu latz honetan».

Osalanekez die jarraipen berezirik egingo otsailaren 6an amiantoaren pean lanean aritu ziren langileei. Ezin dituela «derrigortu» jakinarazi du. Langileei azaldu diete, eta haiek eskatu beharko dute probak egitea, nork bere enpresan. Zazpi edo zortzi orduz lanean arituta, arriskua «oso-oso txikia» dela erantsi du.

—Zabortegiko sutea 17:30 aldera erabat itzali dutela jakinarazi du Jaurlaritzak —hamahiru egunez aritu da garretan eta kea isurtzen—, eta aurreko astean emandako babes aholkuak bertan behera utzi ditu. Handik bost ordura, 22:30ean, berriro piztu da sua. Suhiltzaileek ostirala argitu arte itxaron behar izan dute itzaltzen hasteko.


JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

 

Otsailaren 21a, ostirala

Aitor Zulueta Jaurlaritzako Natura Ondarearen zuzendariak goizean adierazi du ez dagoela berriro behin-behineko neurririk hartu beharrik, zabortegian sua berriro piztu arren. Geroago, Ermuko Sallabente auzoko herritarrei egin diete aholkua, leihoak-eta ireki ez ditzaten. Edozein moduz, sua berriro piztea normala izango dela ohartarazi dute.

—Jaurlaritzak beste zigor txosten bat ireki dio Verter Recycling 2002 enpresari, zabortegian pitzadurak agertu zirenean abisurik ez zuelako eman. Enpresak onartu du hilaren 4an, 5ean eta 6an bertan horri buruz lanean ari zela.

—Alberto Sololuzeren koinatu batek, Pedro Alberdik,gutun bat argitaratu du Eta Kitto Eibarko aldizkarian, Verter Recycling enpresaren jabeari eta, aipatu gabe, PSEko kideei erantzukizunak leporatuz: «Alberto Sololuze behargina ez du mendiak hil, gizakiaren diru-goseak baizik. Eta diru-gose horrek izen-abizenak ditu. (...) Abariziak batu ditu eraikuntzako enpresa-gizon eskrupulurik gabea eta sigla boteretsu bati lotutako politikari ustela, eta ederki ulertu dira. Zenbat eta diru gehiago, hainbat eta gutiziatsuago. Aseago, goseago. Oi, Toribio Etxebarriak burua altxatuko balu!».


JON URBE / FOKU

 

Otsailaren 22a, larunbata

—Desagertutako langileen bilaketa lanak beste fase batean sartu dira. Ustez lurperatuta egon litezkeen tokiaren inguruak egonkortzen aritu dira azkeneko egunetan, eta orain berriro hasi dira bilaketa eskuz egiten. Aldi berean ari dira zabortegiaren eremuak miatzen eta lurrak egonkortzen. Lau bilaketa eremu dituzte zehaztuta erreskate taldeek; B1 izendatutako eremua —kamioiak pisatzeko baskula— utzi, eta besteak miatzen hasi dira, batez ere B4 eremua, uste baitute Beltranen gorpua han egon litekeela.

—Verter Recycling enpresak Bizkaiko Merkataritza Erregistroan aurkeztutako kontabilitate agiriak eskuratu ditu BERRIAk. 2017 arte, 8,57 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen. 2018ko kontuak ez dira inon ageri, eta 2019koak oraindik ez ditu aurkeztu, eta urte horietan jaso zituen urteko hondakin kopuru handienak.

—Eibarko aratusteetan desfile-protesta egin dute.


LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

 

Otsailaren 23a, igandea

—Sugarrak piztuta egon diren lekuetara aparra botatzen aritu dira airetik, garra hozteko eta suari oxigenoa hartzeko bideak ixteko.

—Ezbeharra gertatu eta bi astera, zabortegiaren goreneko aldean eta behereneko aldean dauden bi baserrietako bizilagunekin izan da BERRIA.

 

Otsailaren 24a, astelehena

—Jaurlaritzak zabortegi publikoen jabeei eskatu die bi eguneko epean zehazteko zenbat zabor har dezaketen, patronala egiten ari zaion eskariari jarraituz.

—CCOO, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak erreskate lanak egiten ari diren lekura joan dira, eta salatu dute han beharrean ari diren langileentzako babes protokoloak ez direla behar bezala betetzen ari. Jaurlaritzak erantzun du protokolo guztiak zehatz betetzen ari direla.


LUIS TEJIDO / EFE

 

Otsailaren 25a, asteartea

—Arabako enpresa batek propio diseinatutako makina berri bat sartu dute zabortegian, langileen bilaketan laguntzeko. Hondeamakina bat da, besoan arrastelu handi baten gisako bat lotua duena, zakarra eta lurra aiseago harrotzeko.

—Eitzaga auzoan sirenak jarri ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, luizirik gertatzen bada abisua emateko.

 

Otsailaren 26a, asteazkena

—Erakunde arteko koordinazio mahaiak bukatutzat eman du bere zeregina, eta Ingurumen eta Segurtasun sailek osatutako talde tekniko baten esku utzi du lanen jarraipena.

—Ermuko eta Eibarko udalek jakinarazi dute akusazio gisa aurkeztuko dituztela beren buruak epaiketan. Bizkaiko Foru Aldundiak ere bai. Geroago Zaldibarko Udalak ere hala erabaki du.

Iñaki Arriolak proposatu du zabortegira hondakinak botatzen dituzten enpresei zerga berde bat jarri beharko litzaiekeela, zaborra isurtzea «horren erosoa eta erraza» izan ez dadin. Bilbon egin duten ekonomia zirkularrari buruzko jarduenaldietan egin du iragarpen hori. 2003an proposatu zuen Ingurumen Sailak neurri hori aurreneko aldiz; inork ez du garatu. Jose Ramon Becerra Equo-Berdeak-eko kideak gogorarazi du berak proposatu ziola neurri hori Jaurlaritzari 2017an, eta EAJk eta PSEk atzera bota zutela.

—Uraren agentziak hartutako azken laginetan nabaritu dute kutsadura parametro batzuek gora egin dutela Ego eta Aixola erreketan, lixibiatuak isurtzearen ondorioz. Aixolako errekan amonioa antzeman dute berriro, baina garrantzia kendu dio Urak. Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak, ordea, adierazi du zianuro, selenio, kadmio eta berun mailak urteko batez bestekoaren oso gainetik daudela datu horietan. Debako arroa kutsatzeko arriskuaz ere ohartarazi du.

Argia aldizkariak zabortegiaren 2013ko ingurumen baimen integratua eskuratu du, ez baita jendaurrean argitaratu, eta aurkitu du 2007ko ingurumen baimen integratuak ez zuela ematen amiantodun gaiak biltzeko baimenik. Jaurlaritzak 2013ko baimenean aitortu zion horretarako aukera Verterri, baina 2012rako horrelako gaiak biltzen hasia zen. Hortaz, baimenik ez zuela ere hasia zegoen zabortegia amiantoa biltzen. Ingurumen Sailak Argia-ri erantzun dio zabortegiaren jabeek eskaria egin zutela, eta administrazioak erantzun ez zuenez, «isiltasuna administratiboarengatik» ondorioztatzen dela zabortegiak bazuela baimena amiantoa hartzeko, hasieratik, eta ez 2013tik. Argia-k artikulu batekin erantzun du, azalduz hondakin arriskutsuak tratatzeko baimena, legez, ezin dela isiltasun administratiboaren bidez eman.


ARITZ LOIOLA / FOKU

 

Otsailaren 27a, osteguna

Dioxinen maila parametro «normaletara» itzuli dela jakinarazi du Jaurlaritzak.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek protesta bat egin dute Eitzagan. Salatu dute ez direla betetzen ari langileen segurtasuna bermatzeko protokoloak. LAB sindikatuak argitara atera du luizian lanean ari den langile baten gutun anonimo bat, non salatzen baitu «babesik gabe» sentitzen direla, eta informazioa falta dutela, hondakin arriskutsuekin nola lan egin behar duten ez dakitelako.

Ernaik protestak antolatu ditu hainbat herritan. Horietako batean, Lasarte-Orian (Gipuzkoa), pegatinak itsatsi dituzte PSE-EEren egoitzan, eta zabor poltsak utzi dituzte atarian. Sozialistek uste izan dute Frantziako justiziak Ibon Fernandez Iradi preso eriari askatasuna ukatzeagatik egin dutela hori, eta gogor salatu eta gaitzetsi dute. Hurrengo egunean jabetu dira Zaldibarko auziarengatik egin dutela manifestazioa gazteek. Ustelen legea, errautsa eta kea zioen pankartak.

—Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek berehalako soluzioak eskatu ditu industriarentzat, sortzen ari den zaborra botatzeko lekurik eduki ezean jarduera eten beharko dutelako. Papergintza eta altzairugintza aurki egoera larrian egongo zirela adierazi du. Zaborra sortzen duten enpresei zergak jartzea baino «presazkoagoa» da, Zubiaurrerentzat, zaborrari irtenbidea aurkitzea.


JUAN HERRERO / EFE

 

Otsailaren 28a, ostirala

—Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea suhiltzailea da izatez, eta lankide batzuek jakinarazi diote: operatiboaren lehen orduetan babesik gabe lanean aritu ziren suhiltzaile batzuen jantziei probak egin dizkiete, eta amianto zuntzak aurkitu dituzte.

—Bizkaiko Diputazioak zigor txosten administratibo bat ireki dio Verterri, errepidean sortutako kalteengatik. Enpresaren kontrako hirugarren zigor txostena da hondamendia gertatu zenetik.

 

Otsailaren 29a, larunbata

—3.000 bat herritarrek manifestazioa egin dute Donostian, Larreko Mahaiak deituta, Osasuna, ekonomia eta klimagatik. Ez erre etorkizuna lelopean. Han izan dira Zaldibar Argitu plataformako kideak ere.

—Desagertutako langileen bilaketa lanek jarraitzen dute zabortegian. 8.000 tona zakar inguru atera eta bahetu dituzte azkeneko astean, aurreko larunbataz geroztik.


GEOEUSKADI / COPERNICUS / BERRIA

 

Martxoaren 1a, igandea

Verter Recycling enpresaren jabeek politika munduko eta beste enpresa batzuetan jardundako pertsonekin, batez ere PSE-EE ingurukoekin, dituzten harremanei buruz artikulua argitaratu du BERRIAk.

Argia-k asteazkenean argitaratutako informazioa osatu du Gara-k: 2013ko ingurumen baimena zabortegiari material kopuru batzuk mugatu ere egiten zizkion, baina baimendutako metal kopuruaren doblea baino gehiago hartu zuen zabortegiak 2018an. Baimenik ez zuen milaka tona hondakin hartu zituela ere frogatu du.

 

Martxoak 2, astelehena

Harrizko bloke handi batzuk jartzen hasi dira AP-8aren aldamenean, luizien kontrako babeserako horma sendotzeko.

 

Martxoaren 3a, asteartea

Zabortegiaren ondoan dagoen baserri baten lurretan jarriko dute handik ateratzen ari diren zakarrak biltzeko ziega bat, BERRIAk aurreratu duenez. Jabeari lur batzuk desjabetu egingo dizkiote. Beste ziega bat ere eraikiko dutela eta Verterren lurretan izango dela jakinarazi du Josu Erkorekak; zabortegiaren goiko partean eraikiko dute. 300.000 metro kubo hondakin hartzeko ahala izango dute bi biltegiek. Hondakinak ahalik eta gutxien mugitzea da irizpidea. Orain arte harrobi batean bildu dituzte zabortegitik ateratako hondarrak, eta errepidera jausi zirenak errepide bazterrean aritu dira biltzen, orube batean. Jaurlaritzak espero du pare bat hilabete barru egonkortzea luizia erabat, eta lau bat hilabeteko epean bukatzea premiazko lanak.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak jakinarazi du herrialdeko mankomunitate batzuk hiri hondakinak eramaten aritu direla Zaldibarko zabortegira. Ez lukete halakorik egin behar, berez, eta zergatik gertatu den ikertuko duela adierazi du. 11.000 tona inguru izan dira.

Joaquin Beltranen senideek gutun bat argitaratu dute: Beltranen eta Sololuzeren gorpuak bilatzeko lanak «deskoordinatuak eta eskasak» izan direla salatu dute, ez direla behar beste baliabide jarri, askoz gehiago egin litekeela. Erreskatean aritu diren langileei eskerrak eman dizkiete «bihotz-bihotzez», baina iradoki dute momentu batzuetan operatiboaren arduradun politikoak eta Jaurlaritza itxurak egiten aritu direla bilaketarekin. Alderdi politikoen artean sortu den «espektakulua» ere deitoratu dute.

 

Martxoak 4, asteazkena

Iñigo Urkullu lehendakariak erantzun egin die Beltranen senideei, Facebooken mezu bat idatzita. Adierazi du haien mina ulertzen duela, egin dituen balizko akatsei ez diela ihes egin, eta desagertutako langileen bilaketa «lehentasuna» dela.

—Argiztatze dorreak jarri dituzte zabortegian, ilunetan ere lanean aritu ahal izateko.

Argia aldizkariak suhiltzaile batekin hitz egin du, eta berretsi du haien jantzi batzuetan amianto zuntzak agertu direla, Mikel Oterok aurreratu bezala. Operatiboaren hasierako orduetako kaosa ere kontatu du suhiltzaileak.

 

Martxoaren 5a, osteguna

—Zaldibar Argitu plataformak mobilizazio gehiago jakinarazi ditu: martxoaren 12an hiru orduko lanuzte batera deitu ditu Eibar, Elgeta, Ermua, Mallabi eta Zaldibarko herritarrak. 12:00etatik 15:00etara izango da lanuztea; manifestazio bat ere egingo dute, 19:30ean.

—Ingurumen Sailak agindu bat eman die Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zabortegiei, lehentasuna eman diezaieten bertan sortutako hondakinei, beste leku batzuetakoak hartu aurretik.

—Ekologistak Martxan taldeak kereila bat aurkeztu du Verter Recycling enpresaren aurka auzitegian.

Markinan elkarretaratzea egin dute 300 bat pertsonak, Alberto Sololuze —bertan bizi zen— eta Joaquin Beltran gogoan hartuta.


MARISOL RAMIREZ / FOKU

 

Martxoaren 6a, ostirala

Hilabetea pasatu da hondamendia gertatu zenetik, eta BERRIAk gertaeren bilana egin du, bilaketa lanetan, suaren krisian, lixibiatuen aferan, errepidearen garbiketan, amildutako zakarren auzian, industriari sortu zaion arazoan eta krisiari buruz egin den kudeaketan, dataz data, gertatu dena bilduz. Zabortegiaren funtzionamenduari buruz argitara atera diren irregulartasunak ere bildu ditu, Verter Recycling 2002 SM enpresaren historia berreginez.

—ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek bat egin dute martxoaren 12rako Zaldibar Argitu plataformak antolatu duen lanuzteatekin.

—Eitzagan, lore eskaintza egin diete Alberto Sololuzeri eta Joaquin Beltrani. Iluntzean, manifestazio isila egin dute ehunka herritarrek Zallan, desagertutako bi langileak gogoan.

 

Martxoaren 7a, larunbata

—Alberto Sololuzeren eta Joaquin Beltranen senideek agerraldi bat egin dute, aurreneko aldiz elkarrekin, Eitzagako zabortegian. Beren senideen gorpuak bilatzea ezinbestekoa zaiela nabarmendu dute. Eta erantzukizunak eskatzeko garaia horren ondoren etorriko dela adierazi dute. Arratsaldean, ehunka lagunek martxa bat egin dute Zallan; Beltranen senide batek hitza hartu du bukaerako ekitaldian.

 

Martxoaren 8a, igandea

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari egindako elkarrizketa argitaratu du BERRIAk. Senideen eskariak ulertzen dituela adierazi du, baina denbora guztian irizpide teknikoak jarraitu dituztela eta bilaketan ari diren langileen segurtasuna zaindu behar dutela zehaztu du.

 

Martxoaren 9a, astelehena

—Unibertsitateko eta kulturako 84 pertsonak agiri bat kaleratu dute, «Zaldibarko eredua» agortuta dagoela esateko. Trantsizio energetiko, ekologiko eta sozialerako urratsak egiten hasteko eskatu diote administrazioari, horren barruan hondakinen kudeaketa zentzudun bat txertatuz. Besteak beste, agiria sinatu dute Enrique Zuazua, Ramon Zallo, Mari Luz Esteban, Jule Goikoetxea, Margaret Louise Bullen, Mario Zubiaga, David Hoyos eta Joseba Azkarraga Etxagibek unibertsitateko irakasleek; Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak eta Ines Osinaga eta Maite Arroitajauregi musikariak ere ageri dira sinatzaileen artean.

—Elkarrekin Podemosek, EH Bilduk eta PPk Bizkaiko Batzar Nagusietan eskaria egin dute, Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak azalpenak eman ditzan hondamendiari eta haren kudeaketari buruz, baina EAJk eta PSEk atzera bota dute eskari hori.

—Desagertutako langileen bilaketa lanetan ari direnek eremu bat garbitu dute, B3 izendatua zeukatena. AP-8 errepidetik gertuen dagoen zatia da.

 

 

Informazio gehiago nahi izanez gero:

—Hilabetean Zaldibarko zabortegian gertatu direnak Google Earth aplikazioan kokatu eta ordenatu ditu BERRIAk.

Irakurri hemen Imanol Magro Eizmendi BERRIAko kazetariaren 'Eitzagako koadernoa'.

—Zaldibarko zabortegiaren hondamendiari buruz BERRIAk argitaratutako artikulu guztiak hemen daude.

Euskarazko Wikipediak sarrera bat sortu du auziari buruz, eta informazio bilketa zabala egin du, ehunka erreferentziarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.