Espainiako Kopa

Reala-Mirandes eta Athletic-Granada Kopako finalerdietan

Balentria egin ostean sailkatu dira bi euskal taldeak Espainiako Kopako finalaurrekoetarako. Otsailaren 12an eta 13an jokatuko dira joaneko partidak, eta biek etxean hasiko dute kanporaketa.

Realaren eta Athleticen arteko ligako partida. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iosu Alberdi.
2020ko otsailaren 7a
15:21
Entzun

Reala-Mirandes eta Athletic-Granada dira Espainiako Kopako bi finalaurrekoak. Biek etxean hasiko dute kanporaketa. Beraz, azkenean euskal derbirik jokatzekotan, finalean jokatuko da. Azken pausoa dute lau taldeek, apirilaren 18an Sevillako Cartuja futbol zelaian jokatuko den finalean izateko. Orain arte ez bezala, bi partidako kanporaketa izango da. Atsedenerako tarte handirik ez dute izango taldeek, datorren astean jokatuko baitira joaneko partidak, otsailaren 12an Athleticek eta 13an Realak —biak 21:00etan—. Itzulikoak, martxoaren 4an eta 5ean jokatuko dira. Kasu horretan, txuri-urdinek jokatuko dute asteazkenean, eta zuri-gorriek ostegunean. Aurretik, igandean, Anoetan arituko dira Athletic eta Reala, aurrez aurre.

Partida gogoangarria egin zuen Realak atzo Santiago Bernabeu futbol zelaian. Hasieratik amaierara Real Madril baino indartsuagoa izan ziren txuri-urdinak, eta Isak aurrelariaren erakustaldi bati esker lortu zuten garaipena: 3-4. Aurrelari suediarrak bi gol sartu eta goleko pase bat eman zion Mikel Merinori. Aurretik, Odegaardek, Real Madrilek utzitako jokalariak, sartu zuen huts eta batekoa, Isakek berak eginiko jaurtiketa baten errebotea baliatuta. Halere, amaieran sufritzea tokatu zitzaien donostiarrei, Rodrygoren (81. min) eta Nachoren (93. min.) golen ondorioz.

San Mameseko partidak ez zuen izan Real Madril-Reala norgehiagokako gol festa, baina bai emozioa eta intentsitate handia. Bartzelonak menperatu zuen jokoa, baina futbolean golek ematen dituzte garaipenak, eta Williamsek 94. minutuan lortutakoak erabaki zuen kanporaketa. Ibai Gomezen erdiraketari finalaurrekoen balioa duten errematea eman zion aurrelariak. Zoria aldeko dute zuri-gorriek Kopan. Aurreko bi kanporaketetan penaltien bidez kaleratu zituzten Elx eta Tenerife.

Granada final-laurdenetan Valentzia kaleratuta iritsi da honaino (2-1), eta Mirandes, geratzen den Bigarren Mailako talde bakarra, Lehen Mailako hiru talde kaleratu ostean, Celta, Sevilla eta Villareal utzi baititu bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.