Azken unera arte bihotza ahoan zutela, baina Santiago Bernabeun irabazi du Realak. Gisa horretara egin du jauzi Espainiako Kopako finalerdietara. Talde txuri-urdinak partida kontrolpean zuela zirudienean Real Madrilen indarra pairatu behar izan du, eta asko sufritu du azken minutuetan. Kontuak kontu, gol bateko errentarekin amaitu du partida, eta azken aurreko kanporaketan da.
Partida zaila izanagatik, une oro aurretik izan da Reala. Martin Odegaardek 22. minutuan egindako gol bati esker aurretik jartzea lortu du, eta atsedenaldira arte ondo heldu dio. Handik itzultzerakoan jokatu dituzte minuturik onenak; Alexander Isak bikain bat gidari hartuta, hiru goleko abantailarekin jarri dira donostiarrak. Ondo bideratu dute neurketa.
Real Madril, ordea, maila handiko taldea da, eta etxean jokatzen ari zen. Marcelok bisitarien abantaila murriztu du, eta pixkanaka gora joan da. Mikel Merinok kolpea jo die zurieri txuri-urdinen laugarren sartuta, eta bazirudien kanporaketa lotuta zutela Imanol Alguacilen jokalariek.
Ezta gutxiago ere; Santiago Bernabeun bildutako zaleen laguntzaz estutzera egin dute etxekoek, eta erreskadan beste bi gol egin ditu neurketaren hondarrean. Azken minutuetan ikaragarri sufritu arren, eutsi dio Realak, eta hurrengo kanporaketarako bidea zabaldu du. Eraginkortasunaren garaipena izan da.