Hauteskundeak

Eusko Legebiltzarrerako bozak, «apirilaren 5aren eta urriaren 25aren artean»

Apirilaren 5ean hauteskundeak egiteko, Iñigo Urkulluk datorren asteartean sinatu beharko luke, beranduenera, legebiltzarra desegiteko dekretua.

Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
jon olano
2020ko otsailaren 5a
10:31
Entzun

Hedabide ugarik argitaratu dutenez, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzekotan legoke; hedabide horien arabera, apirilaren 5ean edo 26an izan litezke. Urkulluk berak arratsaldean adierazi du, pistarik eman nahi izan gabe, hauteskundeak egiteko epea gaur-gaurkoz apirilaren 5etik urriaren 25era artekoa dela.

Berez, udazkenean da legealdia amaitzekoa. Aintzat hartuta 54 egun igaro behar direla legebiltzarra desegiteko dekretutik hauteskundeetara, Urkulluk datorren asteazkenean argitaratu beharko luke hauteskundeen deialdia Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean, bozak apirilaren 5ean egiteko.

Edozein moduz, hauteskundeak aurreratzeko aukeraren inguruan, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak esan du Euskadi ez dela «irla bat»: «Inguruan gertatzen dena hona heltzen da. Lehendakariak buruan izango du hemen dagoen oreka eta lasaitasun instituzionala mantendu nahia».

Balizko aurrerapenarekin kritiko agertu da Maddalen Iriarte EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile eta Jaurlaritzako lehendakarigaia; uste du aurrerapenak EAJren «irregulartasunei» erantzungo liekeela, De Miguel auziko epaiaren, Osakidetzako lan eskaintza publikoari buruzko auziaren eta Gogora institutuak EAJko kide baten enpresari eginiko kontratazioen ostean legegintzaldi amaiera «deseroso bat saihesteko». «Alderdikeriaz» jokatzea egotzi dio Urkulluri: «Ez dut uste Urkullu herri interesetan pentsatzen ari denik. Badaki legealdi amaiera ez dela samurra izango, hilabete deserosoak izango direla bere gobernuarentzat, eta bere asmoa hori saihestea da».

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, berriz, uste du legealdiari «denbora» falta zaiola: «Garrantzitsua litzateke dagozkion epeetan amaitzea. Ez dugu ulertzen lehendakariaren presa. Proiektu garrantzitsuak daude mahai gainean, memoria eta autogobernu lantaldeez gain». Martinezek gaineratu du Jaurlaritzak ez duela bete «programaren erdia baino gehiago»: «Hauteskundeetara deitzea legealdiaren porrota litzateke, eta uko egitea euskal herritarrek behar dituzten lege eta proiektuak aurrera ateratzeari».

PSE-EE, ordea, «prest» dago hauteskundeetarako, Jose Antonio Pastor bozeramaileak adierazi duenez, baina garrantzia kendu dio datari. «Egonkortasunaren bandera daramagu lehendakariak hauteskundeei data jartzen dien arte. Guk etxeko lanak eginak dauzkagu. Hautagai bat eta programa ditugu; kezkarik, batere ez, eta ilusioa eta lanerako gogoa, handiak».

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak asteroko batzarra egin zuen atzo, eta, ondorengo agerraldian, Josu Erkoreka bozeramaileak jakinarazi zuen Urkulluk hauteskundeak aurreratzea jarri zuela mahai gainean. Jaurlaritzaren Legearen 50. artikuluaren arabera, lehendakariari dagokio «bere kabuz eta Jaurlaritzak aztertu ondoren» erabakitzea noiz desegin Eusko Legebiltzarra eta noiz egin bozak. Hortaz, prozedura horretan emandako pauso bat izan liteke atzokoa, baina hori ez zuen argitu Erkorekak: «Gaurko [atzoko] gogoeta deliberazio hori den edo ez den, hori lehendakariak erabakiko du». Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak ere ez zuen xehetasunik eman sailburuek erantzundakoaz, argudiatuta gobernu kontseiluko gogoetak «sekretuak» direla.

PPren hautagaia

Hauteskundeen data gorabehera, indar politiko gehienek zehaztuak dituzte lehendakarigaiak: Urkullu izango da EAJkoa, Iriarte EH Bildukoa eta Idoia Mendia PSE-EEkoa. Rosa Martinez eta Miren Gorrotxategi lehiatuko dira Elkarrekin Podemosen lehendakarigaia izateko, eta PP falta da bere lehendakarigaia zehazteko.

Amaia Fernandez PPko Euskal Autonomia Erkidegoko idazkari nagusiak azaldu duenez, Alfonso Alonso presidentea da hautagairik onena EAEn «konstituzionalismoaren lidergoa» izateko, eta hura «zaintzera» deitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.