«Gure helburua da ingurumena zaintzea eta defendatzea, eta, tamalez, ez dugu ikusten aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak azken legealdian hori egin dutenik». Adierazpen horiek egin ditu Edurne Huesak, Landarlan eta Eguzki plataformen izenean, Tolosako (Gipuzkoa) epaitegiaren aurrean. Hain zuzen, bertan deklaratu dute gaur, Aralarko pisten auziari lotuta, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak, Monica Pedreira Ingurumen zuzendari nagusiak eta Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura inguruneko zuzendariak. Hala ere, oraindik ez da epaiketa hasi, Enirio-Doniturrieta pistaren auzia instrukzioan baitago. Aurreko astean hasi ziren deklarazioak, eta gaur amaitu dira.
Landarlanek eta Eguzkik eskatu dute kontuan hartzeko Aranzadi zientzia elkarteak egin zuen txostena Aralarko Enirio-Doniturrieta pistaren ebaluazioa egin zenean pistak egitearen aurkakoa. «Iruditzen zaigu ingurumen sailak baimena ematerakoan ez zirela aintzat hartu», nabarmendu du.
Bestalde, salatu du aldundiak komunikabideetan esan duela ezker abertzalearen plataformak direla. Iruditzen zaio hori eurei eta beste herritar askori «errespetua galtzea» dela. «Ez dugu inolako alderdi politikoren babesik; hemen gaude herritarren babesa dugulako», zehaztu du Huartek.
Erakundeei eskatu die kontuan hartzeko Gipuzkoan eta bertatik kanpo jende asko «kezkatuta» dagoela Aralarren egiten ari diren pistekin. «Aralarren artzaintzak eta abeltzaintzak egon behar dute, eta hori bultzatzen dugu, baina naturarekiko orekan, eta hori da egun ziurtatzen ez dena». Hori ikusita, Eguzkik eta Landarlanek lanean jarraitzeko asmoa erakutsi dute: «Gu behintzat hemen egongo gara, bai epaitegian, bai beste ekintza batzuk egiten ere, Aralarko parke naturala defendatzeko».
Auzia aspalditik dator
Aralarko pisten inguruko liskarra ez da berria. 2018an hasi zituzten Eniriotik Igaratzara doan bideko obrak. 2,7 kilometroko bide bat da, eta Enirio eta Doniturrietako bordak lotzen ditu. Orduan, Landarlan eta Eguzki plataforma ekologistek salaketa bat jarri zieten obrei baietza eman zieten udal hautetsiei —EAJko hiru, EH Bilduko bat eta hiru independente, tartean mankomunitateko presidentea—, ingurumenaren eta lurralde antolaketaren aurkako delituak eta prebarikazioa egotzita. Orotara, hamabost pertsona zeunden deituta deklaratzera. Mankomunitatearen eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko Haziko teknikoek ere deklaratu behar izan dutelako.
Deklaratu duten zazpi udal ordezkariek agerraldi bat egin zuten abenduan, Aralarko pisten alde bozkatzeagatik auzipetzea «injustizia» dela esateko. Orduan, Enirio-Aralar mankomunitatean «mendi bide bat egokitzearen alde bozkatzeagatik» auzipetu dituztela salatu zuten.
Deklarazioak hasi berritan, Gipuzkoako Foru Aldundiak «babesa» adierazi zien auzipetuei. Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak esan zuen aldundiak obrak onartu zituela mankomunitateak eskatuta eta «legeak ezarritako prozedurak» betez. Erantsi zuen egitasmoaren arrazoi nagusia bertako artzainen «bizi baldintzak babestea eta irisgarritasun baldintzak eguneratzea» dela: «Artzaintza da Aralarko balio kulturala babesteko eta bermatzeko aktibo nagusia».
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrerantzean ere Aralarko pisten alde egingo duela ziurtatu zuen Lasak: «Aralarko pisten aldeko apustua egiten jarraitzen dugu; eragile nagusiekin elkarlanean, berme tekniko eta juridikoen babespean, eta betiere sektorearen etorkizuna bermatzeko konpromiso irmoarekin».